HIZPIDEAK
Siziliatik nora?
Berria, , 27-11-2019Iritsi dira Siziliara (Italia) Aita Mari ontziak erreskatatutako 78 migratzaileak —baita Open Arms ontziko 62ak ere—. Mediterraneo itsasoko hilerri handi horri izkin egin eta bizirik heltzea lortu dute. Iritsitakoen banaketa egin beharko da orain. Italia, Malta, Alemania, Frantzia eta Espainiako gobernuek hitzartu dute haiek hartzea, baita Eusko Jaurlaritzak ere. Noiz, nora eta zenbat iritsiko diren jakiterik ez dago, ordea.
Jaurlaritzak txalotu egin du Aita Mari-ren erreskatea, eta Mediterraneo itsasoan eginikoa balentriatzat jotzen dute herritar gehienek. Baina horrek badu bere ifrentzua. Zer aurkituko dute helmugako herrialdeetan? Nolako harrera izango dute?
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako immigrazioari buruzko aurtengo barometroa kaleratu zuen atzo Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak. Etorkinekiko tolerantzia indizea %60,67 puntuan dago hiru lurradeotan: 2012n baino zazpi puntu handiagoa da. Horrek ez du esan nahi, baina, etorkinei baldintzarik gabe harrera egiteko prest dagoenik gizartea. %24,7 bakarrik daude horren alde, eta ia erdiak dira lanik ez duten etorkinei paperak ematearen kontrakoak. Etorkinei buruzko estereotipo eta aurreiritziek indarrean jarraitzen dute oraindik, eta, onartzen dutenen artean, diskurtso «utilitarista» ari da zabaltzen: etorkinak behar dira ekonomiak funtzionatzeko eta bertakoek nahi ez dituzten lanak egiteko.
(Puede haber caducado)