Iñigo Gutierrez. 'Aita Mari'-ko tripulatzailea

«Urtarril ingururako hasiko gara operazio berriak planifikatzen»

Berria, Paulo Ostolaza, 27-11-2019

Bost eguneko itxaronaldiaren ostean, hankak lurrean izatearen lasaitasuna sentitu zuen atzo Iñigo Gutierrezek, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEko presidenteordeak eta Aita Mari-ko kideak. Amaitutzat jo du euren misioa.

Zer moduz iritsi zarete Pozzalloko portura?

Gaurkoa ibilbide erraza izan da, eguraldia lagun izan dugu, itsasoa ere bai, eta eskualdea astindu duen denboralea joana zegoen jada; ondo iritsi gara, eta espero genuen ordurako ginen portuan. Oso pozik gaude behingoz lurrean gaudelako.

Zein da migratzaileekin eman beharreko hurrengo pausoa?

Guk amaitu dugu gure egitekoa. Portura iritsi garenean, mediku taldea igo da itsasontzian zeuden migratzaileen osasuna aztertzera; lehorreratu direnetik bertatik, hango erakundeak egin dira euren kargu. Pozzallon atzerritarrentzako zentro itxi bat badagoela aipatu digute, eta pentsatzen dut hara eramango zituztela. Orain, zain egon beharko dute, migratzaileak hartzeko hitza eman zuten Europako herrialdeek banaketa egin arte.

Azken egunetan salatzen ari zarete migratzaileen itsasontzi gehiago daudela eta milia asko miatu gabe daudela. Bila jarraitzeko asmoa duzue?

Ez, oraintxe ezin dugu ezer gehiago egin itsasontziaren egoeraren ondorioz. Ahal dugunean abiatuko gara Greziara, han aurkitu baitugu hartuko gaituen toki bat. Tripulazioa etxera atseden hartzera bidaltzeko baliatuko dugu, eta urtarril ingururako hasiko gara operazio berriak planifikatzen. Ehunka mila milia karratu arakatu behar dira jende horren bila. Guk aurkitu genituenak, adibidez, ez ziren abisatutako target batekoak; ustekabean egin genuen topo eurekin. Itsasoak aukera ematen duen bakoitzean migratzaileen ontziek bidaiak abiatzen dituzte, eta, sarri, argitaratzen den baino okerragoa da haien patua. Azken operazio horretan 94 pertsonako ontzi baten bila jardun ginen gu puntu zehatz batean, Open Arms-ekin batera, eta han ez zen ezer agertu. Ontzi hura itsasoak irentsi zuela uste dugu.

Beraz, inork ez du ontzi horien berririk, ezta?

Inork ez daki ezer. Beste bi bilaketatan ere hartu genuen parte, eta kasu haietan bata Maltako kostako guardek erreskatatu zuten, eta bestea Libiakoek. 94 pertsonako ontziaz inork ez daki ezer, eta, zoritxarrez, hori egunerokoa da mediterraneoan. Gorpuak itsasoak irensten dituenez, inork ez ditu kontatzen. Zenbaki ofizialen arabera, aurten 1.200 inguru hil dira; irrigarriak dira zenbaki horiek, oso motz geratzen dira. Gertatzen ari dena askoz ere larriagoa da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)