'Aita Mari' ontziak Sizilian lehorreratuko ditu 78 migratzaileak

Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontziak Italiako Gobernuaren baimena jaso du. Eguraldia baretu zain daude Pozalloko portura joateko. Ocean Viking Sizilian lehorreratu da, eta Open Arms ere hara bidean da.

Berria, Andoni Imaz, 25-11-2019

Mediterraneoan erreskatatutako 78 pertsona daramatza Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak. Denboralea aurreikusi zuten, eta dagoeneko Italiara bidean ziren lehorreratzeko baimena iritsi zaienean. Halere, Daniel Rivas Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak esana zuen ez zirela Italiako uretan sartuko baimenik gabe. GKEak astelehen goizaldean eman du berria: geldi daude, baina badute helmuga. Datozen orduetan, itsasoa baretuz gero, Sizilia uharterako bidea hartuko dute berriro.

GKEak larunbatean adierazi zuen denborak aurrera egin ahala itsasontzian doazen errefuxiatuen osasun egoera “konplexuagoa” izan daitekeela. Ostegunean egin zuten erreskatea: txalupa batean zihoazen 78 pertsona hartu zituzten ontzian, eta berehala eskatu zuten portu segurua. Argi zuten hasieratik Italian edo Maltan behar zutela lehorreratu, ez zirela “inondik inora ere” joango Libiara. Azkenean, Italiako Gobernuak eman die baimena. Ez haiei bakarrik, gainera: Ocean Viking ontziko 213 migratzaileak han lehorreratu dira, eta Open Arms ere bidean da, 62 errefuxiaturekin.

Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterranee GKEena da Ocean Viking ontzia. Iragan asteko asteartean eta asteazkenean hainbat erreskate operazio egin zituzten, eta 125 pertsona hartu. Ostegunean, beste 90, Libiako kostatik 150 kilometrora, nazioarteko urtean. Ostiralean, haurdun zegoen emakume bat eta gizon eri bat ebakuatu zituzten, Maltara eramateko.

Open Arms-ek Aita Mari-ren antzeko bidea egin du; hango migratzaileen egoera “kritikoa” da. Ostegun goizaldean 73 errefuxiatu jaso zituzten, eta lehorreratzeko baimena nork emango zain zeuden. Atzo, “premiazko ebakuazioa” egin zuten, eta 11 pertsona atera zituzten. Itsas Salbamendu Humanitarioak adierazi zuen beste bi ontziekin koordinatuta hartu zutela larunbatean Italiarantz joateko erabakia.

Migratzaileak banatzeko

Irailean, Mediterraneoan erreskatatutako pertsonak automatikoki banatzeko akordioa sinatu zuten Alemaniak, Frantziak, Italiak eta Maltak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ETBri adierazi dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari eskatu ziola Espainiak ere bat egin zezan akordio harekin, Aita Mari ontziaren egoerari irtenbide bat emateko “funtsezko pauso bat” delako harentzat. Sanchezek erantzun zion baietz, itunarekin bat egingo dutela, eta Aita Mari-k portu segurua izan zezan negoziatzen ari zela. Irailean Espainiak ez zuen akordioa sinatu, argudiatuta etorkin gehien jasotzen duen bigarren herrialdea dela Europa hegoaldean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)