Migrazioak
Aita Mari ontziak 79 pertsona erreskatatu ditu itsasoan, eta porturatzeko baimenaren zain dago
Ontziko kideek azaldu dute akordioa dutela Italiarekin eta Maltarekin herrialde horien uretan erreskatatutako migratzaileak era seguruan porturatzeko. Beste migratzaile ontzi baten bila aritu dira gauean, baina ez dute inor aurkitu. Eusko Jaurlaritzak babesa agertu die.
Berria, , 22-11-2019Aita Mari ontziak baimen baten zain segitzen du, atzo Maltako uretan erreskatatu zituen 79 pertsona era seguruan porturatzeko. Italiako edo Maltako porturen batean lehorreratu nahi dutela esan dute, gogoratu baitute EB Europako Batasunak berak onartua duela bi herrialde horietan daudela Mediterraneoan erreskatatzen diren ontzientzat portu seguru bakarrak, eta, aldiz, Libiakoak ez direla seguruak. Oraindik ez dute erantzunik jaso.
Ostegun arratsaldean egin zuen topo Aita Marik 79 migratzaile zeramatzan ontzi batekin. Guztiak salbatu dituzte, eta Aita Mari-ra igo. Horien artean zortzi adin txikiko daude, ontziko kide Izaskun Arriaranek Euskadi Irratian zehaztu duenez.
Handik gutxira, ohartu dira zeuden lekutik bi orduko bide eskasera beste migratzaile ontzi bat zebilela; 94 migratzaile zeramatzan. 18:00ak aldera jaso zuten abisua, atzo, eta gauean ontziaren bila aritu dira 3:30ak ingurura arte. Bilatzeari uztea “ez da erraza izan”, Arriaranen esanetan. Adierazi du ontzikoentzat gogorra izan dela guztiak itota hil direla pentsatzea. Beste abisu bat ere jaso dute inguru horretan, eta gaua eman dute ontzi baten bila, baina ez dute inor topatu. Goizean, hirugarren abisu baten berri izan dute. Azaldu dutenez, Maltako salbamendu zerbitzuak erreskatatu du azken hori.
Atzoko erreskatea Maltako uren eremuan egin zutela nabarmendu du Arriaranek, eta, beraz, ontziak Italiako eta Maltako gobernuekin adostutako baldintzak betetzen dituela. Aita Marik eta bi gobernuek adostu zuten Italiako eta Maltako ur eremuen baitan erreskatatutako migratzaileak portu seguruetan lehorreratzeko baimena izango zuela ontziak. Hala ere, Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeko ordezkari Daniel Rivasek onartu du bestelako bidea ere har dezaketela agintariek, eta ondorio larriak izan ditzakeela erreskateak. “Badakigu 900.000 euroko isuna ere jar diezaguketela. Gure egitasmoaren bukaera erabatekoa ekarriko luke horrelako zerbaitek”. Aurrez ere kezka hori adierazi izan dute erakundean.
Arriaranek baieztatu du Italiak eta Maltak ez diela porturatzeko baimen eskariari erantzun oraindik, eta erreskatatutako migratzaileak era seguruan lehorreratzeko zain daudela. Erreskatea egin eta berehala lehorreratzeko portu seguru bat eskatu zuten, Italian edo Maltan. “Ez gara joango Libiara; inondik inora ere ez, gainera. Libiakoa ez da portu segurua. Gainerakoan, agintariek zer esango zain gaude”, esplikatu zuen Rivasek. Hain zuzen ere, berriz errepikatu zuen sarri Mediterraneoan erreskate lanak egiten dituzten itsasontziek ozen zabaltzen duten mezua. Egoera kalteberan heltzen dira errefuxiatuak, eta giza eskubideen babesa bermatuko duten herrialdeetan baino ezin dira artatu berme guztiekin. Beti nabarmendu dute, gainera, migratzaile gehienek «babes» beharrean hartu ohi dutela Europarako bidea, eta ezin direla baztertu. Iheslarien artarako propio Mediterraneoan ondu diren guneetan, ordea, egoera kaskarretan daudela salatu dute, eta adabaki besterik ez diren neurri horiekin Europako Batasunak «atzituta» dauzkala milaka lagun.
Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ere ez da ontziarekin harremanetan jarri, Arriaranen esanetan. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak babesa agertu die Twitter bidez. “Aita Mari, bere eskifaia eta Itsas Salbamendua zoriontzen ditut, Europako kostaldera iritsi asmoz, itsasoan itota hiltzeko arriskuan ziren 78 pertsona erreskatatu dituztelako”. Urkulluk gogora ekarri du Jaurlaritzak diruz lagundutako egitasmoa dela Aita Mari itsasontziarena. Izan ere, jatorrian atunontzi bat zen, eta moldaketa handi bat egin behar izan dute salbamendu lanetarako prestatzeko. “Egindako inbertsio guztia eta ahaleginak guztiz justifikatuta daude”.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak ere antzeko adierazpena egin du Euskadi Irratian, eta Aita Mariren lana “goraipatzekoa” dela nabarmendu du. Haren esanetan, Jaurlaritzak babesa emango dio ontziari. “Jaurlaritzak ez du zuzenean harreman diplomatikoak izateko modurik, baina dituen loturen bitartez egin ditzakeen gestio guztiak egingo ditu”. Maltako eta Italiako gobernuekin harremanetan jartzen saiatu al den galdetuta, Erkorekak erantzun du “mezuak bidaltzen” aritu dela, eta “helduko direlakoan” dagoela.
Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundea da Aita Mari-ren erreskate proiektuaren arduraduna. Haren esanetan, nazioarteko uretan egin dute topo migratzaileen ontziarekin. Aita Mari-k SAR bilaketa eta salbamendu gunean eman ditu azken lau egunak —search and rescue, ingelesez—, “Espainiako Gobernuak ontzi honi eta Open Arms-i ezarri dizkion mugengatik”, erakundearen hitzetan. Azken bi egunotan, Open Arms eta Ocean Viking ontziek ere erreskateak egin dituzte inguruan. Haiek ere zain daude, portu seguru batean noiz lehorreratuko. 297 lagun erreskatatu dituzte. Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera, asteazkenetik, 600 lagun inguru itsasoratu dira Libiatik Mediterraneora, Europako kostaldera iritsi nahian.
Espainiako Gobernuak laguntza humanitarioa garraiatzeko baimena eman zion itsasontziari; erreskateak egitekoa, aldiz, ez. Hala ere, Aita Mariko Izaskun Arriaranek Euskadi Irratian azaldu du akordioak lortu zituztela Italiarekin eta Maltarekin, bi herrialde horien ur eremu barruan erreskateak egin ahal izateko eta baldintza horietan erreskatatutakoak era seguruan porturatzeko. Urriaren 20an utzi zuten Pasaiako portua (Gipuzkoa), eta Lesbosen laguntza humanitarioa utzita, itsasora irtetea erabaki zuten lehengo astean.
Itsasontziak urteetako historia, du, ordea: 2017an sortu zuten Aita Mari proiektua, eta orduan itsasoratu zen lehenengoz birmoldatutako atunontzia. Ez du erreskaterik egin orain arte. Duela urtebete, iheslariak salbatzeko itsasoratzeko asmoa adierazi zuten. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu zuen, gainera: 400.000 euroko ekarpena egin zuen. Dena dela, salbamendu lanak egiten hasteko data atzeratu egin zen, behin eta berriz. Abuztuak ziren itsasoratzekoak, eta urtarrilean jaso zuten Itsas Kapitaintzaren erantzuna: ez zuten horretarako baimenik.
Iñigo Urkullu lehendakariak zorionak eman dizkio Aita Mari ontziko eskifaiari, eta erakunde publikoak salbamendu ontziaren alde «hasieratik» egin duen apustuarekin asmatu egin duela erantsi du. «Egindako inbertsio eta esfortzu guztiak sobera justifikatuta gelditzen direla, horrelako gertakari dramatikoen errealitatea nagusitzen denean».
Atzeratu eta atzeratu
Azkenean, Espainiako Gobernuak apirilean eman zion itsasoratzeko baimena. Aita Mari lehenago abiatu zen Greziarantz, ordea, Portugalgo Gobernuaren onespenarekin. Madrilek bidaia moteldu zuen arren, iritsi ziren Greziara, baina ez zuten erreskate lanik egin han: osasun arreta eman zieten iheslariei. Laguntza humanitarioa banatu zuten Greziako Kios eta Lesbos uharteetan zeuden 12.000 errefuxiatuen artean.
Ontzia uztailean itzuli zen Euskal Herrira, matxura bat konpontzera, eta atzera heldu zioten erreskate lanak egitearen aldeko borrokari. Abuztuan atera nahi zuten, eta ezin. Berriz ere, Espainiako Gobernuak baimenekin eta segurtasun probekin atzeratu zuen Aita Mari-ren itsasoratzea, harik eta urrian errefuxiatuei laguntza humanitarioa emateko baimena lortu zuten arte. Urriaren 20an irten ziren Lesbos aldera, erreskateak egiteko edo haietan laguntzeko baimenik gabe.
Zortzi tona arropa eta oinetakorekin joan zen ontzia Lesbosera, baina une oro ekarri zuten gogora helburu nagusia jendea erreskatatzea zela, eta horretarako prestatuta dagoela ontzia. Joan den astean utzi zuten Lesbos, eta Malta inguruko erreskate gunean nabigatu dute ordutik.
(Puede haber caducado)