Aske geratu da Behrouz Boochani idazle kurdua, sei urteren ostean

Berria, Aitor Manterola, 15-11-2019

Itsasontzi bat iritsi zen Australiako Christmas uhartera, 2013ko uztailean. Etorkinak ziren, herrialde horretako legearen atzapar luzeei izkin egin nahian. Beren herrialdeetan ez zutena edukitzeko asmoz jo zuten kostaldera, baina azkar atzeman zituzten. Eskifaia hartako kide bat gehiago zen orduan Behrouz Boochani kurdua. Haren egoera, ordea, asko aldatu da sei urteotan.

Ezagun egin da ordutik, eta atzotik aske da. Zeelanda Berrian hartu zuen lur abioi batek Papua Ginea Berritik, eta han zen Boochani. «Iritsi berria naiz Zeelanda Berrira. Zirraragarria da askatasuna lortzea sei urtere ondoren», idatzi zuen Twitterren. Ezagun egin da, ez delako preso bat gehiago izan Australiak Papuan duen atxilotze zentroan. «Itsasontziz gure herrialdera heldutako inor ez da geratuko gurean bizitzen, arriskutsuak izan daitezkeelako», esan zuen Boochani zeraman itsasontzia lehorreratu zen hilabete berean Australiako Gobernuak. Horregatik, Boochani eta beste hainbat asilo eskatzaile Papuako atxilotze zentrora eraman zituzten, eta han eduki dute atxilo 2.269 egunez, atzo arte.

Ez da preso bat gehiago izan, zentroan gertatzen diren bidegabekeriak salatu izan dituelako; besteak beste, The Guardian egunkarian atera dizkioten idatzietan. Lan mardulagoa ere osatu du:liburu bat, Whatsapp bidez idatzia, No Friend But The Mountains izenekoa —izenburua kurduen esaldi ezagun bat da, Mendiak beste lagunik ez—, bere bidaiarekin hasi eta zentroko kontakizun gordinez osatua. Arrakasta handia izan du, eta atxilo hartu zuen Australian sari bat irabazi zuen: Victorian Premier’s Prize for Nonfiction.

Liburuaren aitzakian lortu du askatasuna Boochanik, Zeelanda Berriko literatur jaialdi batera gonbidatu dutelako, herrialde horretan hilabetez bizitzeko baimenarekin. Antolatzaileek hainbat trikimailu erabili dituztela onartu dute, Australiak askatasuna lortzea zapuztu ez ziezaion. Aske da, beraz, baina ez da ziurra noiz arte izango den. Izan ere, Papuan atxilo dituzten errefuxiatuek hiru aukera dituzte aske uztean: Papuan bertan geratu, AEBetara joan, Australiarekin duten hitzarmen baten arabera, edo sorterrtara itzuli. «Ez naiz sekula bueltatuko Papuako atxilo zentrora», esan du: «Pertsona naizela onartuko didaten nonbait egon nahi dut».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)