Azken egunotan 796 etorkin iritsi dira Kanariar Uharteetara

Berria, 31-05-2006

agentziak

Las Palmas

Espainiako Itsas Salbamenduko iturriek atzo jakitera eman zutenez, herenegun eta atzo artean paperik gabeko 796 etorkin iritsi ziren Kanariar Uharteetara. 24 orduko tartean artxipelagora iritsitako etorkin kopururik handiena zela zehaztu zuten. Erantsi zutenez, ontzi bakar batean 63 immigrante ailegatu ziren atzo goizaldean Tenerifeko Los Cristianosko portura.

Kanarietako harrera zentroetan dauden etorkinak 3.011 dira, agintarien esanetan. Baina horiez gain beste 578 etorkin daude Playa de Las Americaseko polizietxean, Tenerifeko hegoaldean.

Aurretik, etorkin kopururik handiena maiatzaren 18an atzeman zuten. Orduan paperik gabeko 647 pertsona atxilotu zituzten, bederatzi ontzitan Kanarietara iritsi ondotik. Herenegun eta atzo artean iritsitakoak, aldiz, 12 ontzitan zetozen, tartean sei ama eta hauen umeak eta bidaian abortua izan zuen beste emakume bat.

Urte hasieratik paperik gabeko 9.000 etorkin inguru ailegatu dira Kanarietara. Guztiak ere Saharatik hegoaldekoak dira. Europako Batasuneko adituak heldu den astean bilduko dira legez kanpoko immigrazioa nola kontrolatu aztertzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)