Senegaldik plazara

Nafarroan bizi diren senegaldarrek euren kultura ezagutarazteko astea antolatu dute

Berria, 31-05-2006

AINARA ARRATIBEL

Donostia

Asteburuan egingo dira, Iruñean eta Tafallan, Aisena Senegalgo Nafarroako Etorkinen Elkarteak antolatzen duen Senegalgo Kulturaren Asteko ekitaldi nagusiak. Haien sorterriko kultura lau haizeetara zabaltzea da ekimenaren helburua.

Larunbatean, 09:00etatik 16:00etara, eskulangintza tailerrak izango dira, Iruñeko Aldapa kalean. Txirikordak, Afrikako tatuajeak eta hareazko koadroak egiten ikasteko aukera izango dute, besteak beste, han biltzen direnek. Halaber, Senegalgo jakiak dastatzeko eta erosteko erakusmahaiak paratuko dituzte. Atzerriko gastronomia eta sukaldaritza gustuko dutenek hitzordua dute Iruñean. Arratsalderako, berriz, moda desfilea antolatu dute. Senegalgo jantzi koloretsu eta ikusgarriak ikusi ahal izango dira bertan.

Musikak ere badu tokia egitarauan. Izan ere, desfilea amaitu ostean, perkusio eta rap kontzertuak izango dira. Doinu berezi horietaz gozatzeaz gain, dantza egiteko aukera paregabea ere izango dute Burgos plazan eta Navarreria Kultur Elkartean biltzen direnek.

FUTBOL TXAPELKETA. Beste herrialdeetako etorkinekin elkarlana eta harremanak sustatzea da Aisenak elkarteak duen jomugetako bat. Horretarako hainbat ekitaldi antolatzen dituzte urtean zehar. Igande honetan, adibidez, kulturen arteko futbol txapelketa jokatuko dute, Tafallan. Senegalgo, Kamerungo, Barañaingo eta Hego Ameriketako taldeek hartuko dute parte. Ikuskizun polita izango da, zalantzarik gabe. Gainera, lehia ere ez da faltako. Bukatzean, Sabar taldearen perkusio emanaldia izango da Nafarroa plazan.

############

noiz zer

Zer: Senegalgo kulturaren astea.

Noiz:Ekainaren 3an eta 4an.

Non: Iruñean eta Tafallan.

Antolatzailea: Aisena: Senegalgo Etorkinen Nafarroako Elkartea.

############

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)