Amets Arzallusek inmigrante baten nondik norakoak aztertzen ditu 'Miñan' eleberrian

Bertan, Ibrahima Balde ginearrak Afrikatik Europara igarotzean bizi izan zituen egoera desberdinei buruz hitz egiten du bertsolariak

El Correo, UNAI SARRIUGARTE, 04-11-2019

Amets Arzallus bertsolariak Ibrahima Balde ginear immigrantearen bizitza hizpide duen ‘Miñan’ liburua kaleratu berri du. Liburuaren aurkezpen ekitaldia ostegunean burutu zuten Donostian. Bertan Balderekin eta Arzallusekin batera, Susa argitaletxeko editorea den Leire Lopez de Sousa egon zen.

Arzallusek Baldek kontatutako istorioak bildu du liburuan. Ginearrak Afrikatik Europara igarotzean bizi izan zituen nondik norakoak, hain zuzen. Duela urtebete ezagutu zuten elkar Baldek eta Arzallusek. Balde duela urte eskas bat iritsi zen euskal lurraldera eta Arzallus boluntario lanetan zebilen Irungo Harrera Sarean. Hortxe egin zuten lehendabiziko hartu-emana, denboraren poderioz errotzen joan dena.

Baldek 13 urte zituela aita galdu, lan bila hasi, eta haren anaia gazteena desagertu zeneko aldia kontatzen du Arzallusek. Gineako hiriburutik Nzerekore hirira joan zen lan bila eleberriaren protagonista, bere familiari laguntzeko helburuarekin. Lanean ari zela, bere anaia txikia desagertu egin zen. Hala, Konakryra itzuli eta haren bila hasi zen, anaia bizirik aurkituko zuelakoan.

Bien arteko lotura estutuz joan ahala, biei elkarrizketa interesgarri haiek liburu batean jasotzea otu zitzaien. Arzallusek prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, harreman bati buruzko liburua da ‘Miñan’. Edonola ere, biek nabarmendu zutenez, ez da erraza izan bien arteko desoreka horretatik abiatuta lan egitea. Dena den, lan hauxe ikasketa prozesu, zein gogoeta etengabe bat izan da bientzat.

Arzallusen liburuan aditzera ematen den bezala, egun Ibrahimaren bezalako istorio asko daude. «Hauxe, Fatimaturen, Fatumataren, Rouguiatouren edo Alhassanen istorioa izan zitekeen». Izen hauek Balderen familiako partaideenak dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)