Usurbilgo aniztasuna ospatzeko jaia
Azaroaren 7tik 9ra Espainiatik etorritako bizilagunak izango dira protagonistak Mundualdian
Diario de noticias de Gipuzkoa, , 28-10-2019USURBIL- Azaroaren lehenengo astean egingo dute aurten Mundualdia jaia, azken urteetan egin bezala. Hilaren 7tik 9ra Usurbilgo komunitatearen aniztasuna jarriko da erdigunean festa honi esker. Erdigunean, literalki, herriko frontoian egiten baita festa.
Egitarauari dagokionez, azaroaren 7an Jon Maiak hitzaldia eskainiko du, Extremaduratik bertsolaritzara: integrazio istorio bat izenburuarekin, 19.00etan Sutegin. Jai handia azaroaren 9an ospatuko da, esan bezala, frontoian. 18.00etan alkateak, Agurtzane Solaberrietak, hasiera emango dio jaiari eta jarraian Zirimara taldearen eta Orbeldi dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera egongo da. 19.00etan ohiko janari dastaketa hasiko da. Amaitzeko, 20.30ean Hezurbeltzak taldearen kontzertua egongo da.
Aurten, ohikoaz gain, beste ikuspuntu batetik begiratu nahi zaio jaiari. Hain zuzen ere, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Espainiako hainbat herrialdetatik Usurbilera etorritakoengan jarri dute fokua. Beti bezala, munduko hainbat txokotatik etorritako herritarrek hartuko dute frontoia, eta, horiez gain, Espainiatik etorri zirenei ere lekua egingo zaie. Usurbilgo Udalak aitortu duenez, “horixe izan da azken hamarkadetan izan den lehenengo olatu garrantzitsuena, eta hainbat arrazoi tarteko, elkarri bizkarra emanda bizi izan diren bi komunitate izan dira haiek eta usurbildarrak”. Gauzak horrela, atzera begiratzeko ariketa egingo da eta ikerketa bat burutuko da etorkizunari modu egokiagoan heltzeko.
IKERKETAHainbat alor ikertuko dira, herrian jaiotakoei zein kanpoan jaio baina herrian bizi direnei kontsulta eginez: aniztasunaren, elkarbizitzaren eta eskubideen pertzeptzioa, identitateak, euskal kultura, euskara, jatorriz Usurbilekoak ez diren kulturak, migrazioen nolakotasuna, integrazio bideak eta harrera… “Garai hartako migrazioari begiratuta, guztien arteko elkarbizitza sustatzeko baldintzak finkatu nahi dira”, adierazi dute Udaletik.
(Puede haber caducado)