10301 Elkartasun Keinu ekimenaz hitz egiteko hitzaldi informatiboa gaur
Diario Vasco, , 23-10-2019Gaur, hilak 23, jarri dute hitzordua Manuel Lekuona bibliotekako Ikasle gelan. Iluntzeko 19:30ean, 10301 Elkartasun Keinu ekimenean bildutako janariarekin eta diruarekin zer egin den argituko dute bilera informatibo batean.
Gogoratu behar da pasa den apirilean, Oiartzunen ‘10.301 elkartasun keinu’ ekimena jarri zela martxan. Udaberriarekin batera, Oiartzungo herritar talde batek kontzientziazio, sentsibilizazio eta solidaritate hilabetea antolatu zuen, pertsona migratzaileak laguntzeko. Besteak beste, herritarren artean gaiaren inguruko kontzientzia sortzeaz gain, oiartzuar herritar bakoitzeko euro bat biltzea izan zen helburu. Lortutako dirua, Itsas Salbamendu Humanitarioak (SMH) sustatutako Aita Maria Zubia itsasontziko proiektua diruz laguntzeko izan da. Itsasontzi horretako kideek, boluntarioki Libiar zonaldean dauden naufragoak erreskatatzen dituzte.
Era berean, ‘Zaporeak’ proiektua babestu zen apirileko ekimenean. Janari bilketa burutu zen Urmendi Haur Eskolan, Haurtzaro Ikastolan, Oiartzo Batxilergo Ikastolan eta Elizalde Herri Eskolan. 2016ko martxoaz geroztik Grezian dauden pertsona errefuxiatuentzat janaria prestatzen ari da ‘Zaporeak’ proiektua.
Hortaz, gaurko bileran bai janariarekin bai bildutako diruarekin zer egin den argituko da. Era berean, Lesboseko uhartean ‘Zaporeak’ proiektuan boluntario lanetan aritu diren herritar batzuren testigantza ere emango da.
(Puede haber caducado)