Giza laguntza

'Aita Mari' ontzia irten da Lesbos aldera laguntza banatzera

Espainiako Gobernuak ez dio baimenik eman erreskateak egiteko edo haietan laguntzeko. Zortzi tona arropa eta janari daramatza migratzaileentzat.

Berria, Berria, 22-10-2019

Aita Mari itsasontziak bi alditan atzeratu behar izan du irteera. Espainiako Gobernuaren baimenik ez zuelako, lehenik, eta eguraldi txarrarengatik, bigarrenik. Azkenean, gaur eguerdian irten da Pasaiako portutik Mediterraneo aldera. Lehenik, Siziliarako bidea egingo du, eta, handik, Lesbosera joko du, Euskal Herrian bildutako zortzi tona giza laguntza eramatera.

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko kide Iñigo Mijangosek eta Iñigo Gutierrezek kezka agertu dute Mediterraneoan egoerak okerrera egin duelako, eta datozen asteetan are gehiago okertuko delako. “Baina ezin dugu utzi jendea itsasoan noraezean, ezta mugan ere. Mundu bakarrean bizi gara denok. Guztiok gara gizakiak, eta ezin ditugu hesiak eraiki”.

Ez dute erreskaterako baimenik, Espainiako Gobernuak ukatu egin baitie. Giza laguntza eramatera doaz, baina argi dute ontzia erreskateak egiteko prestatua dagoela, eta ezin dutela itsasoan utzi. “Nazioarteko legediak jasotzen du ezin dela utzi inor itsasoan hiltzen, eta hori beteko dugu”.

Orotara, 11 pertsonako eskifaiak osatzen du taldea. Lesbosera iritsi aurretik, Sizilian geldituko dira. Espero dute hamar bat egunen buruan iristea hara, eguraldia ona bada. Erregaia hartzeko baliatuko dute geldialdia, eta handik beste lau egun eta erdi beharko dituzte Lesbosera heltzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)