Austria
Kurz kontserbadorea nagusitu da bozetan, eta eskuin muturrak behera egin du nabarmen
Lehen ministroaren alderdiak botoen %37 jaso ditu. Eskuin muturrak hamar puntu egin du behera, Eivissa auziak kaltetuta. Alderdi Sozialdemokrata izan da bigarren indar bozkatuena (%22). Berdeek hamar puntu baino gehiago egin dute gora (%14,2).
Berria, , 30-09-2019Sebastian Kurz Austriako lehen ministro eta OVP Alderdi Popularreko hautagai nagusiak alde handiarekin irabazi ditu hauteskundeak. APA berri agentziaren proiekzioaren arabera, botoen %37 jaso ditu kontserbadoreak. Emaitza oso antzekoak islatu ditu ORF telebista publikoaren proiekzioak ere.
Karl Nehammer OVPko idazkari nagusiak bere alderdiaren garaipena ospatu du. “Gaur Sebastian Kurzen eta Alderdi Popularraren eguna da”. Lehen ministro gaztearen alderdiak —33 urte ditu Kurzek— garaipen “historikoa” lortu dutela adierazi du.
Kurzi mesede egin dio eskuin muturraren beherakadak. Eivissa auzia delako ustezko ustelkeria kasuaren ondorioz, hamar puntu galdu ditu FPO Austriako Askatasunaren Alderdiak. Botoen %16,1 eskuratu ditu. Kolpea jaso arren, hauteskundeen aurretik koalizioan izan diren bi indarrek, alderdi kontserbadoreek eta eskuin muturrak, gehiengo osoa izango lukete.
Hala ere, Harald Vilimsky FPOko idazkari nagusiak adierazi du botoemaileek ez dutela “agindu argi bat eman” koalizioarekin jarraitzeko, eta oposizioan aritzeko prestatzen ari direla gaineratu du. Akatsetatik ikastearen alde mintzatu da. Aurreratu duenez, “aurpegi berriak” izango dira eskuin muturreko alderdiaren ardura postuetan.
Bigarren indar bozkatuena SPO Alderdi Sozialdemokrata izan da, botoen %22arekin. Orain arteko emaitzarik kaskarrena bildu du. Ia bost puntu egin du behera.
Berdeak izan dira laugarren indar bozkatuena, botoen %14,2arekin. Bultzada handia jaso du, aurreko hauteskundeetan ez baitzuen parlamentuan sartzeko %4ko langa gainditu. Berdeen emaitzak islatzen du ingurumenaren gaineko kezkak geroz eta garrantzia handiagoa duela boto emaileen artean.
Neos alderdi liberalak ere gora egin du, botoen %7,6 eskuratuta.
Igandeko bozak Eivisa auziaren ondorioz aurreratu zituzten. Bideo grabazio batek ustezko ustelkeria kasu batekin lotu zuen Heinz-Christian Strache, auzia azaleratu zenean eskuin muturreko kantzilerorde zena. Hori dela eta, koalizio gobernua desegin zuen Kurzek, eta bozak aurreratu zituen.
2017an Eivissako etxe batean ezkutuan grabatu zuten Strache, legebiltzarrerako hauteskundeak baino hiru hilabete lehenago. Bideoan ikus daiteke Strache emakume bati kontratu publikoak eskaintzen, hauteskunde kanpaina diruz laguntzearen truke. Joan den maiatzean argitaratu zuten bideoa Alemaniako bi hedabidek, eta Strachek dimisioa eman zuen kantzilerorde eta FPOko buruzagi kargutik. Norbert Hofer da oraingo liderra, eta kanpainan saiatu da Stracheren iruditik guztiz aldentzen.
Hala ere, Stracheren itzala luzea da. Duela bi egun, fiskaltzak jakinarazi zuen ikerketa bat hasi duela FPOko lehengo liderraren aurka, alderdiaren funtsak bidegabe erabili zituelakoan. Hoferrek erran du FPOk “sakonki” ikertuko duela salaketa hori.
(Puede haber caducado)