Antxoarena

Berria, 27-05-2006

Antxoarena

Kantauri itsasoa eta Bizkaiko Golkoa arrainez urri. Azti erakundeak arrantzaleen esanak berretsi ditu. Antxoa desagertzeko bidean da, iaz bezala. Arrantza debekua zergatik altxatu zen galdetu beharko, orduan. Antxoak urte batetik bestera lehengoratzeko ugalketa gaitasuna izango balu bezala jorratu dute krisia, oraingo egoera urteetan egin den gehiegikeriak ekarri duela argi dagoen arren. Arrantzale herriak desagertuz doaz; kirol kaiek dute etorkizuna, eta arrantza ontziak turistak batetik bestera itsas txangoan eramateko birmoldatu beharko dituzte aurki, arrantza eredua aldatzen ez bada.

Turistak ez, iheslariak Europarantz eramateko birmoldatu dituzte Senegalen, duela gutxi arte arrantzarako erabiltzen zituzten kayukoak. Kanpoko arrantzontziek arrantza – lekuak dinamitatu eta gero, arrainik gabe utzi baitute Senegal.

Orain, handik ihes egin eta hemengo kosta hartzea lortu duten senegaldarrek Kantauriko arrantza ontzietako eskifaia osatzen dute.

Eta haien seme – alabek eta azken urteetan Euskal Herriratu diren milaka etorkinenek betetzen dituzte A eredua eskaintzen duten ikasgelak, geuk bultzatutako ghettoetan, etorkizunean elkarrekin lan egin beharko duten gure seme – alabekin nahas ez daitezen.

Hizkuntza ereduetan oinarritutako hezkuntza sistemaren porrota nabarmena den arren, euskaran murgildu ez daitezen hesiak eraikitzen jarraitzen dugu. Ereduz aldatu behar da, eskolak euskaldundu dezan, hemengo haurrek ere ez baitute lortzen.

Sarda espero da gaur Donostian Bai eskolak euskalduntzeari! kanpaina amaitzeko antolatu den manifestazio eta jai egunean. Tsunamia eragin nahi dute, behingoz aldarriak erantzun benetakoa izan dezan.

Olatuak Iruñeko karrikak ere bustiko ahal ditu, Euskalerria irratiak uhinetan dagokion lekua izan dezan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)