SOS Arrazakeriak auzitara eraman du ertzainen jokabidea

M.B.-k salatu du ertzainek jipoitu egin zutela, baina Herrizaingo Sailak bertsio erabat desberdina eman du

Berria, 26-05-2006

erredakzioa

Donostia

M.B. herritarrak atxilotzerakoan ertzainek jipoitu eta iraindu egin zutela salatu du, SOS Arrazakeria taldeko kideekin batera atzo goizean emandako prentsaurrekoan. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, berriz, irmo gezurtatu du atxilotuak egindako salaketa.

Ertzainen aurkako erasoa, labana batez herio mehatxuak egitea eta droga trafikoa leporatzen diote herritarrari. Berak ere salaketa jarri du ertzainen aurka, eta SOS Arrazakeria taldea akusazio partikular gisa aurkeztu da auzian. Horrez gain, Ertzaintzako zuzendaritzari eskura jarri dio giza eskubideen defentsan duen bulegoa, «agenteak sentsibilizatzeko baliagarri izan litekeelako».

SOS Arrazakeriako kideek nabarmendu dute ez dutela atxilotuaren bozeramaile izan nahi, eta ez dutela atxiloketa bera salatu zehatz-mehatz zer gertatu zen ez dakitelako. «Baina ezbeharra izan eta hiru astera atxilotuak ubelduta dauka ezkerreko begia, eta hondoratua du masail aldeko hezurra». Taldearen ardura herritarrei urratutako giza eskubideak salatzea denez, Ertzaintzak atxilotua muturreko egoerara eraman gabe atxilotzeko gaitasunik ez izatea salatu du SOS Arrazakeriak. Horrez gain, M.B. etorkina izaki, izaera arrazista duten mezuekin iraindu zutela adierazi dute talde horretako kideek.

ERTZAINTZAREN BERTSIOA. Maiatzaren 14an, goizeko hirurak aldera Gasteizko Alde Zaharreko taberna baten jabeak laguntza eskatu zien ertzainei. Tabernan haxixa saltzea debekatu ziolarik, gizaseme bat «labana handi batekin» urdailean erasotzen saiatu zela eta herio mehatxua ere egin ziola adierazi zien. Ertzainen arabera, identifikazio plaka erakutsi ziotenean hamabost zentimetroko aihotzarekin poliziak bularrean erasotzen saiatu zen, behin baino gehiagotan. Jarraika ibili ostean, «araudiak onartzen dituen defentsa mekanismoak» erabili zituzten herritarra atxilotzeko.

M.B.-k salatu du zenbait ertzainek tartean kaleko jantzietan ziren lau edo bostek jipoitu egin zutela atxilotzeko unean. Erasoaren ondorioz, konortea galdu zuen herritarrak. Herrizaingo Sailak atxilotua Santiagoko erietxera eraman behar izan zutela aitortu du, baina ordubetean alta eman ziotela gaineratu. Txosten medikoan ageri denez hematomak eta azaleko higadurak zituen, eta antiseptiko batzuk agindu zizkioten sendagai gisa.

Atxiloketa uneko tratu txarrak salatu arren epaileak ez zuela auzitegiko medikuen azterketa eskatu salatu du M.B.-k. Tratu txarrak behin baino gehiagotan salatu dituela erantsi du, epailearen aurrean ere bai. Datorren astean aztertuko du auzitegiko medikuak.

Joan den asteartean SOS Arrazakeriak Gasteizen duen egoitzara joan zen M.B. herritarra laguntza eske, bere aurkako hiru kargurekin aske gelditu ostean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)