Euskal Herria

Aita Mari ez da gaur azkenik Mediterraneo aldera abiatuko, baina asmoari eusten dio

Aita Mari euskal itsasontzia ez da azkenik gaur asteartean Mediterraneo aldera abiatzeko itsasoratuko, batetik oraindik moldaketa lan batzuk falta direlako eta bestetik han egingo duen lana guztiz zehaztu behar delako.

Gara, Gara / Naiz, 27-08-2019

Ekainetik hona Pasaiako kaian da Aita Mari, Mediterraneo aldean etorkinen alde lan egiteko moldatutako euskal atunontzia. Berriro hara joateko asmoa azaldu du eta aurreko astean gaurko data zehaztu zuen, hain zuzen ere, abiatzeko: abuztuaren 27a. Baina azkenean atzeratzea erabaki du ontzia kudeatzen duen Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) Gobernuz Kanpoko Erakundeak.

Itsasontziak oraindik moldaketa lan batzuk egin behar direlako hartu da erabakia. Horiek burutu ostean, itsasoratzeko baimena eskatuko du SMHk, oztoporik ezean egun bateko kontua baita hori.

Hala ere, inori ez zaio oharkabean pasatzen azken asteotan, Open Arms ontziarekin Gobernu espainolak izan duen talkaren harira, lan humanitario hauen gaineko presioa gogortu egin dela, eta Aita Mariri zertan eragiten dion honek ikusteko dago. Egingo duten guztia «legearen barruan» izango dela behin eta berriz adierazi du Iñigo Mijangos SMHko presidenteak.

Aita Mariren hasierako asmoen artean Mediterraneo itsasoan zehar itotzeko arriskuan ziren etorkinak erreskatzea bazen, baina azkenik udaberri aldera bestelako eginbeharretan ibili zen Greziako irletan: etorkin horiei laguntza medikua ematen, gehienbat. Aurrerantzean egingo duena ez da guztiz argitu, baina lege baimena «murrizketarik gabekoa» izan dadin ahalegintzen ari da SHM.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)