Mundua. Migrazioak
Lampedusan dira 'Open Arms'-eko migratzaileak
Agrigentoko (Sizilia) fiskalburuak eman du ontzia atxiki eta migratzaileak Lampedusan lehorreratzeko agindua, eta atzo gauerdirako lehorreratu zen ontzia. EBko sei herrialde prest agertu dira Open Arms-eko migratzaile horiek hartzeko, baina ez dago argi zer egingo duten haiekin.
Berria, , 21-08-2019Gauerdia baino lehen iritsi dira lehorrera. Open Arms ontzian zeuden 83 migratzaileek bart gauean lortu dute Italiako Lampedusa uhartera iristea —beste asko atera egin behar izan dituzte egunotan, osasun egoeragatik—, 19 egunez lehorreratzeko baimenik gabe egon ondoren. Txalo, oihu eta kantu artean ospatu dute garaipen hori: “Hemeretzi egun ontzi batean bahituta egon ondoren, lurra zapalduko dute bertan diren pertsona guztiek. Boza! (Garaipena)”, idatzi dute gobernuz kanpoko erakundearen Internetako sare sozialetan.
Luigi Patronaggio Agrigentoko (Sizilia) fiskalburuak eman zuen atzo Open Arms ontzia atxiki, eta migratzaileak Lampedusan lehorreratzeko agindua. Ontzian bertan izan zen atzo, migratzaileak zer baldintzatan zeuden ikusteko, eta horren ondoren hartu zuen erabakia.
Gaur-gaurkoz, Espainia, Portugal, Frantzia, Alemania, Errumania eta Luxemburgo prest agertu dira migratzaileak herrialde horietan hartzeko. Lampedusako zentro batera eraman dituzte, baina ikusi beharko da noiz eta nora bideratzen dituzten.
Aurrez, migratzaile ugarik itsasora jauzi egin zuten Lampedusara igerian iristeko asmoz, eta horren ostean, Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen Audaz izeneko ontzia bidaliko zuela Lampedusara, ontzian zeuden migratzaileen kargu egin eta Palmako portuan lehorreratu zitezen laguntzeko. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak asmoa iragarri eta gutxira iritsi zen, ordea, Agrigentoko (Sizilia) fiskalburuaren agindua. Gaur goizean, “gertaerei itxarongo” dietela azaldu du Espainiako Gobernuak. Bilaketa eta erreskate lanetan aritzen bada, isuna ere jar diezaioke Espainiak Open Arms gobernuz kanpoko erakundeari.
Espainiako Gobernuaren erabakiarekin sei egun itxaron beharko zuketen migratzaileek portu batean lehorreratzeko; izan ere, hiru egun barru iritsiko zatekeen Audaz ontzi militarra Lampedusa uhartera, eta beste hiru egun beharko zituzkeen Balearretara iritsi eta Palman porturatzeko.
Matteo Salvini Barne ministroak, fisklburuaren erabakiaren aurretik aurreratu zuen hark neurriren bat har zezakeela, baina portuak itxita mantentzeko politika defendatu zuen. Senatuan egin zituen adierazpen horiek, atzo —Mario Conte lehen ministroak dimisioa eman zuen—.
(Puede haber caducado)