Mundua. Migratzaileak

Italiako kostazainek 'Open Arms' ontziko migratzaile bat atzeman dute Lampedusara igeriz iristen saiatu ostean

Bederatzi pertsona eta laguntzaile bat ebakuatu dituzte bart euren osasun egoeragatik. Libiako arrantzale batek ohartarazi du ehundik gora migratzaile zeramatzan ontzi bat irauli dela kostaldetik ateratzen ari zirela.

Berria, Berria, 20-08-2019

“Burnizko kaxa batean konfinatuta, ura anoetan banatuta, janaria anoetan banatuta… Libiako atxilotze zentro bateko egoeraren antza hartzen ari hau baina Italiako uretan”. Hitz horiekin deskribatu du Oscar Camps Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeko sortzaileak Twitterren. GKEak berak azaldu duenez, minutuz minutu egoera okertzen ari da Mediterraneotik erreskatatu dituzten 107 migratzaile dituen ontzian. “Bahiketaren hereretzigarren eguna hasi da”, gaineratu du Campsek.

Lampedusatik 800 metrora dago itsasontzia, eta gaur egunsentian migratzaile horietako batek uretara salto egin du kostara igeriz iristeko asmoz. Italiako kostazainek atzeman dute. Gauean, gainera, bederatzi migratzaile eta laguntzaile bat ebakuatu behar izan dituzte osasun arazoengatik. “Egoera hau jasangaintza dela ikusi nahi ez duena ez da gai besteen minarekiko enpatia izateko”, adierazi du GKEak Twitterren.

Igandean gutxienez beste lau migratzaile saiatu ziren kostara igeriz iristen. Campsek berak ohartarazi zuen etsita daudela migratzaileak.

Beste tragedia bat, baieztatzeke

Alarm Phone erreskate taldeak jakinarazi duenez, litekeena da Libia parean ehundik gora zeramatzan ontzi bat irauli izana. Twitterren azaldu duenez, arrantzale libiar batek eman du ezbeharraren berri. Ez dago baieztapenik oraingoz, ordea. Arrantzaleak adierazi du hiru pertsona salbatu zituela berak eta beste hainbeste gorpu ikusi dituela. Baina ontzian zihoazenak ehundik gora zirela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)