Ehundik gora salaketa jaso ditu SOS Arrazakeriak Nafarroan
Lan esparruan dituzte etorkinek arazo gehien, elkarte horrek osatu duen txostenaren arabera
Berria, 25-05-2006EDURNE ELIZONDO
Iruñea
Bide beretik. Nafarroako SOS Arrazakeriak txostena egin du iaz herrialdean jaso zituen salaketen harira, eta emaitzek agerian utzi dute aurreko urteko bide beretik jarraitzen duela egoerak. 110 salaketa hartu zituzten erakunde horretako kideek Nafarroan 2005ean, 2004. urteko kopuru berdintsua, alegia.
Bere txostenean etorkinek eta ijitoek pairatzen duten bazterketa jorratu dute SOS Arrazakeriako kideek. Hainbat ondorio nagusi atera dituzte: batetik, salaketa jartzen duten etorkin gehienek (%82) paperak badituztela; bestetik, lan esparruan gertatzen direla Nafarroan bazterketa kasu eta egoera gehienak; hirugarrenik, gora egin dutela tokian tokiko polizien kontrako salaketek; eta, laugarrenik, Europako gutxiengo handienak, ijitoenak alegia, arrazakeriari egin behar diola aurre oraindik ere, besteak beste, etxebizitzaren esparruan.
Nafarroan ia 14.000 etorkin bizi dira gaur egun, eta beste 18.600 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan etorkinen %30ek ez dute euren egoera arautura. «Ondorioz, pairatzen dituzten bazterketa egoerak ez dituzte salatzen; Euskal Herritik bidaliko ote dituzten beldur direlako».
Ainara Santakiteriaren hitzak dira horiek, Nafarroako SOS Arrazakeriako kidearenak. Gehiegikerien aurrean babesik gabe. Halaxe sentitzen dira etorkinak, neurri handi batean Espainiako Gobernuaren Atzerritartasun Legeak berak ahalbidetzen dituelako halako egoerak. Santakiteriak nabarmendu duenez, «bigarren mailako herritarrak sortzen ditu lege horrek, eta, aldi berean, gizartearen arrazakeria eta bazterketa bultzatzen ditu».
ARRAZAKERIA NON? Arrazakeriaren kontrako taldeak iaz herrialdean jaso zituen 110 salaketetatik 28 lanaren arlokoak dira. Emakumeek jarritako salaketak dira gehienak, aurreko urteotan ez bezala. «Soldata ez zutelako jaso, arrazoirik gabe bota zituztelako, lan baldintza txarrak zituztelako edo irainak jaso zituztelako jo zuten guregana salaketa jarri zuten etorkinek, nagusiki», azaldu du Santakiteriak.
Administrazioaren zerbitzuen atalak, halaber, salaketa ugari jaso du. Gora egin dute, batetik, tokian tokiko polizien jarreraren kontrakoek. SOS Arrazakeriako kide Marta Perezek, bestalde, salatu du administrazioak etorkinen beharrak asetzeko behar adina baliabide ez dituela. «Itzultzaileak eta bitartekariak falta dira, besteak beste».
Hezkuntzarena da hirugarren atal nagusia. Etorkinak ikastetxe zehatzetan pilatzen direla nabarmendu dute SOS Arrazakeriakoek, eta irakasleek ez dutela egoera berriari aurre egin ahal izateko adina baliabiderik eta prestakuntzarik nabarmendu dute.
Perezek, halaber, berriki Nafarroako fiskal nagusi Javier Muñozek egin adierazpenak izan ditu hizpide. «Delituak egin dituenaren sorterriaren arabera sailkatu ditu. Halako jarrerek arrazakeria bultzatu besterik ez dute egiten. Hurrengoan halakorik egin ez dezala eskatu nahi diogu fiskalari», azpimarratu du.
(Puede haber caducado)