AIk herrialde boteretsuenen «hipokrisia» gaitzetsi du

'Terrorismoaren aurkako gerra' aitzakiatzat hartuta, eskubideak urratzen dituztela dio erakundeak

Berria, 24-05-2006

arantxa elizegi

«Boteretsuak beren estrategiak berraztertzeko eta erreformatzeko harroegiak direnean, pertsona txiroenek eta babesgabeenek ordaintzen dute prezio garestiena». AI Amnesty Internationaleko idazkari nagusi Irene Khanen hitzak dira horiek. AIk giza eskubideen inguruko urteroko txostena aurkeztu zuen atzo Londresen. Agintarien «hipokrisia eta zigorgabetasuna» salatu du giza eskubideen aldeko erakundeak, alde batetik giza eskubideak bermatuko dituztela diotelako, bestetik horiek urratzen dituzten bitartean, normalean terrorismoaren kontrako gerra aitzakiatzat hartuta. «Zibilen kontrako eraso terroristak salatzen ditugun irmotasun berarekin, aurka egin behar diegu beldurra torturaren bidez borroka daitekeela dioten horiei. Ideia hori arriskutsua eta okerra da: ezin da sua erregaiarekin itzali», salatu du Khanek.

Bost atal nagusi ditu AIren txostenak: arma trafikoa, nazioarteko justizia, errefuxiatu eta desplazatuak, emakumeen kontrako indarkeria eta heriotza zigorra. Hona hemen horien laburpen bat:

Arma trafikoa

Txikienak eta hilgarrienak

Iazko urrian arma txikiak atzemateko nazioarteko lege bat onartu zuten NBEko kideek. Baina lege horrek ez zituen jaurtigaiak kontuan hartzen, eta ez zituen herrialdeak hura betetzera behartzen. 35 herrialdek esportatu zituzten armen %90, eta horietatik %68 hego hemisferioko herrialdeek erosi zituzten. G8ko kideak munduko zazpi herrialderik aberatsenak eta Errusia dira esportatzaile nagusiak. Esaterako, NBEk Ruanda eta Ugandari arma bahimendua ezarri zien arren, 2002az geroztik ehunka eskuratu dituzte gizateriaren kontrako krimenez akusatutako talde armatuek.

Nazioarteko justizia

Poliki-poliki, baina aurrera

Nazioarteko Zigor Auzitegiak lehen atxilotze aginduak eman zituen urrian. Jainkoaren Erresistentziaren Armadako bost kideren kontrakoak ziren. Milaka izan ziren Ugandako gerra garaian delituak egin zituztenak, baina, Zigor Auzitegiak baztertu egin zuen guztiak auzipetzea, baliabide eza argudiatuta. NBEko Segurtasun Kontseiluak atzerapauso bat eman zuen, esan zuenean Zigor Auzitegia ofizialki onartu ez zuten herrialdeetako krimenak ezin izango zituela epaitu nazioarteko epaitegiak. AEBen mesedetan hartu zuen erabakia, hark ez duelako hitzarmen hori sinatu.

Errefuxiatu eta desplazatuak

Asiloa eskatzea gero eta zailagoa

Errefuxiatu kopuruak behera egin zuen iaz. Baina horrek ez du esan nahi haien egoera hobea denik, asko derrigortuta itzuli zirelako beren herrialdeetara, eta horietan beren segurtasuna ez dagoelako bermatuta. Bestalde, asilo eskatzaileek zailagoa dute orain babesa lortzea. Grezian, adibidez, 2004an 11 pertsonari soilik eman zieten asiloa, eta 3.742k eskatu zuten. Erresuma Batuan asilo eskatzaileen %99k ezezkoa jaso zuten. Beste kasu askotan, legez kanpo atxilotzen dituzte asilo eskatzaileak. Legez kanpo Europara sartzen saiatzen diren etorkinen egoera ez da hobea. Marokotik Espainiaren menpeko Ceuta eta Melillan sartzen saiatu ziren 13 etorkin hil zituzten mugako segurtasun indarrek.

Emakumeen kontrako indarkeria

Entzuten ez diren garrasiak

Emakumeen eskubideak bermatuko zituztela hitz eman zuten nazioarteko agintariek, baina ez zuten emandako hitza bete, batez ere, AEBen sostengua zuten talde kontserbadoreen eraginez. Horren lekuan, maiz, emakumeen eta gutxiengoen eskubideen alde borrokatzen duten horiek mehatxuak eta erasoak jasan behar dituzte. Dena den aurrerapausoak eman zituzten. Esaterako, Kuwaiteko Legebiltzarrak hauteskunde legea aldatu zuen, emakumeei bozkatzeko eskubidea onartuz, eta emakumezko hautagaiak onartuz. Zenbait arazok, baina, bere horretan jarraitzen dute. Ciudad Juarezen, Mexikon, ehunka emakume bahitu eta hil dituzte azken urteetan. Baina agintariek ez dute hilketak gelditzeko neurri egokirik hartu. Hildako gehienak indigenak eta txiroak ziren.

Heriotza zigorra

Benetako datuak ezkutuan

Ofizialki, iaz 2.148 pertsona exekutatu zituzten, eta beste 5.186 hiltzera zigortu zituzten. Hala ere benetako datuak ez dira inoiz jakingo. Aurreko urteetan bezala, exekuzioen %94 lau herrialdetan egin zituzten: Saudi Arabian, Txinan, Iranen eta Estatu Batuetan. Aldiz, Mexikok eta Liberiak kendu egin zuten heriotza zigorra. Bestalde, AEBetako Auzitegi Gorenak adingabeak hiltzera zigortzea debekatu zuen iaz. Baina lege horrek ez ditu kontuan hartzen Guantanamoko kartzelan preso dauden ustezko ekintzaileak.

Datu nagusiak
2

Munduan dagoen pertsona bakoitzeko bi bala daude, eta arma bat hamar pertsonako. Ameriketako Estatu Batuek garapenerako bideratzen duten dolar bakoitzeko, beste hamar bideratzen dituzte armak erosteko edo berriak garatzeko.

88

Harrigarriena hauxe da, arma konbentzionalen %88 NBEko Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorrek esportatzen dituztela: Txina, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua eta Errusia.

104

Nazioarteko 104 herrialdetan atxilotuek torturak eta tratu txarrak jasan dituzte. Aldiz, 141 herrialdek sinatu dute NBEren Torturen kontrako Ituna. Agintariek esku batekin giza eskubideak defendatzen dituzte, eta bestearekin torturak eragiten.

100

Ehundik gora izan dira beste herrialdeetara eramandako presoak, ustez ezkutuko kartzeletan torturatzeko. Baina, orain arte herrialde bakarrak eskatu du CIAko hainbat kide atxilotzeko, bahiketa eta torturak leporatuta.

2,2

Sudanen 2,2 milioi pertsonak egin behar izan dute ihes beren herri eta etxeetatik gatazkak direla eta. Adibide larriena Darfurkoa da. Han 2003an 285.000 pertsona hil ziren gaixotasun, gosete eta enfrentamenduen ondorioz.

46

Herrialde pobreenetan adingabeen %46k ez du eskolara joateko aukerarik. Aldiz, 300.000 haur-soldadu daude. 2015erako mundu osoko haurrei eskolara joateko aukera bermatu nahi die nazioarteak. Ez dirudi, ordea, lortuko duenik.

25

Emakumeen %25 sexu gehiegikerien biktima dira. Erasotzailea, maiz, beren bikotekidea izan ohi da. Dena den, ezinezkoa da jakitea gatazketan zenbat eta zenbat emakume behartzen dituzten prostituitzera.

759

Orotara 759 pertsona eduki dituzte preso AEBek Kuban duten Guantanamoko kartzelan. Mohammed Ismail Agak 13 urte zituen Estatu Batuetako soldaduek Afganistanen preso hartu zutenean. Preso bat bakarra ere ez dute epaitu.

1.000

AEBetako Inteligentzia Zentralaren ezkutuko mila hegaldi inguruk igaro zuten Europako Batasunaren menpeko aire eremua, 2001 eta 2005 urteen artean. Hegaldi horietan presoak zeramatzaten ezkutuko kartzeletara.

1.770

Amnesty Internationalen kalkuluen arabera, Txinako Gobernuak 1.770 pertsona exekutatu zituen 2005. urtean. Gainera, eta AIri jarraiki, betiere, gutxienez 3.900 pertsonari heriotza zigorra ezarri zieten Pekingo agintariek.

Gobernu asko, eskubideen urratzaile

Gobernu askok eta bestelako indarrek urratutako giza zein beste eskubideak aletu eta salatu ditu Amnesty Internationalek

juanma sarasola

Gobernu asko kritiken jomugan jarri ditu Amnesty Internationalek, 2005ean giza eskubideen egoera aztertuta. «Munduko gobernurik boteretsuenen eta hauen eredua segitzen dutenen estrategien biktima izan dira maiz giza eskubideak», salatu du AIk. Gainera, terrorismoaren aurkako borrokarako baliabideak handitu arren, zibilen aurkako erasoak areagotu dira. Honatx gainbegirada bat:

Ekialde Hurbila

Palestinako gatazka eta okupazioa, israeldarrek eta palestinarrek eginiko erasoak, Libanon errefuxiatu palestinarrek pairatzen duten egoera eta Ammango (Jordania) atentatuak, non azaroan 60 bat pertsona hil ziren, aipatzen ditu AIren txostenak. Egipton atentatuetan 90 pertsona ere hil zirela dio. Iraken AEBetako Armadak eta Irakeko Poliziak eginiko «giza eskubideen urraketa larriak» salatu zituen, baita okupazioaren aurkakoek eginikoak ere .

Ameriketako Estatu Batuak

AEBetako Gobernuak «milaka pertsona mugarik, kargurik eta epaiketarik gabe» atxilotuta eduki zituen Afganistan, Guantanamo eta Iraken. Kartzela sekretuak ere salatu zituen AIk.

Txina

«Giza eskubideen urraketak areagotu dira». «Tortura arriskuengatik» eta zentsuragatik, besteak beste, kezka adierazi du AIk.

Errusia eta Ipar Kaukasoa

Errusiako Federazioaren menpeko errepubliketan, Ipar Kaukasoan bereziki, giza eskubideen urraketa larriak eta gerra krimenak izan ziren 2005ean. Txetxeniako presidente independentista Aslan Maskhadov martxoaren 8an hil zuten Errusiako indarrek, Jurten. Azaroan Txetxeniako Legebiltzarrerako bozak antolatu zituen Moskuren aldeko gobernuak, eta Europako Kontseiluaren eta Errusiako eta nazioarteko giza eskubideen aldeko taldeen ahotan «beldurrezko giroan» egin zituzten.

Errusiako indarrek eta haren aldeko indar txetxeniarrek herritarrak bidegabeki atxilotu, torturatu eta desagerrarazi zituzten. Gerrillari txetxeniarrek «gerra krimenak egin omen zituzten, zibilen aurkako eraso zuzenak eginda».

Kabardino-Balkarian, 2005eko urriaren 13an Gobernuaren eta Poliziaren egoitzei eraso zieten 300 bat ekintzailek, Naltxiken, «musulmanen aurkako jazarpena salatzeko». Borroketan 100dik gora lagun hil ziren. Gero hainbat lagun atxilotu eta torturatu zituzten.

Uzbekistan

Gobernuak bortizki egin zien aurre protestan zebiltzan herritarrei, Andijonen, 2005eko maiatzaren 13an. Ehunka pertsona hil zituzten segurtasun indarrek, manifestazio baketsu bati tiro eginda. Lehenago gizonezko armatuen talde batek dozenaka preso askatu zituen.

Turkia eta Kurdistan

Turkiako Armadaren eta PKK Kurdistango Langileen Alderdia talde armatuaren arteko indarkeria areagotu zen. Informazio batzuen arabera, Turkiako Gobernuak esku hartze zuzena izan zuen azaroan Demdinlin (Kurdistan) liburu-denda baten kontrako bonba erasoan. Gizonezko bat hil zen.

Mendebaldeko Sahara

2005eko maiatzaren eta abenduaren artean independentziaren alde sahararrek egin zituzten manifestazioetan «gehiegizko indarra» erabili zuen Marokoko Poliziak. «Manifestazioetan ehunka atxiloketa egin zituzten, eta bi gizonezko hil ziren, atxilotzerakoan Poliziak haiek jo zituelako».

Atxilotutako dozenaka pertsonak torturak salatu zituzten, eta 20tik gora laguni kartzela zigorrak ezarri zizkieten, «tartean giza eskubideen aldeko zazpi beteranori». Gatazkaren konponbideak «geldituta» segitzen zuen.

Sudan eta Darfur

Khartumgo agintariek Sudan osoan adierazpen askatasuna zapaltzen, bidegabeko atxiloketak sistematikoki egiten eta atxilotuak inkomunikatzen eta torturatzen segitu zuten 2005ean. Biktimen artean ekintzaile politikoak, giza eskubideen aldekoak, ikasleak eta barne desplazatuak zeuden.

Gainera, Darfur eskualdean Gobernuaren indarrek eta hauen aliatuek, Janjauid miliziek, zein oposizioko talde armatuek «gerra krimenak eta gizateriaren kontrakoak» egin zituzten. «Janjauid-ek, eta batzuetan talde matxinoek, giza laguntzarako taldeei eta zibilei eraso zieten; emakumeak eta neskatilak bahitu eta sexu gehiegikeriak egin zituzten haiekin». Gainera, 1,8 milioi pertsonak desplazatuta jarraitzen zuten.

Ekuatore Ginea

Gobernuak oposizioko kide ugari atxilotu zituen, eta haietako asko torturatu. Giza eskubideen aldeko taldeen arabera, «desagertzeak, epaiketa politiko bidegabeak, adingabekoen legez kanpoko atxiloketak eta presoen bizia arriskuan jarri zituzten elikadura baldintza txarrak» izan ziren.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)