MEDITERRANEOKO MUGAN (II) LEHORREKO HARRERA.
"Bizitza aldatu zigun iazkoak"
Tarifeñas Solidarias taldea. Herritar sareak ezinbestekoak izan ziren iaz Andaluziako kostaldera iritsitako milaka etorkinei harrera egiteko. Aurten, Poliziaren azpiegitura berrien ondorioz, egiteko mugatuagoa dute.
Berria, , 24-07-2019Euskal Herritik iritsitako dozenaka arropa kutxa antolatzen ari dira Tarifeñas Solidarias (Cadiz, Espainia) elkartean: zapataz, prakaz, elastikoz, izaraz, berokiz beteta dauzkate apalak. «Hotz Oñatikoak [Gipuzkoa] zoragarriak dira; behar duguna bidaltzen dute. Euskal Herria gure erreferentea da», txalotu du taldeko kide Maria Luisa Serranok. «Kontzientzia handiagoa duzue», erantsi du Pepa Maurik. «Borondatearekin eta dirurik gabe gauza gehiago egin daitezke borondaterik gabe eta diruarekin baino».
2012an sortu zuten taldea, krisi ekonomikoaren abagunean, premia zeukatenei arropa, altzariak eta jana banatzeko. «Gu migrazioarekin hazi gara», kontatu du Serranok. «Garai batean, hondartzara iristen ziren paterak gauez; migratzaileak etxera eramaten genituen, jaten ematen genien, eta gizarte eragileak haien bila etortzen ziren… Baina elkartea ez zen sortu propio migrazioari begira». 2014ko abuztuan aritu ziren lehen aldiz etorkinekin: «Bi egunean mila baino gehiago etorri ziren, eta laguntza emateko deia egin ziguten herritarroi».
Orduan antolatutakoa izan zen iazko krisia kudeatzeko oinarria: «Aquarius Valentziara iritsi zen egun berean, udaletik deitu ziguten, mantak eskatzeko. Baliabide guztiak hara bidali zituzten, baina hemen ez zegoen ezer, eta leku guztietatik iristen ari ziren». Tarifan, Poliziak udal kiroldegian ezarri zuen harrera eremua. Mauri: «Eskatu ziguten barruan zeudenei jaki poltsa bana banatzeko, zuku batekin, fruitu lehorrekin eta gailetekin. Hori gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko». Serrano: «Egun gutxian, ehun boluntario baino gehiagoko talde bat antolatu genuen, ahalik eta eremu gehienetara iristeko: arropa, jakiak, botikak, itzulpenak… Denda eta hotel batzuek ere parte hartu zuten gauzak erosten».
Egunean hiru aldiz sartzen ziren kiroldegian, eta sumatutako premiak kudeatzen saiatzen ziren: «Haurtxoentzako fardelak lortu behar genituen, edo diabetesa zuen batentzako jana… Beti zegoen zerbait», azaldu du Serranok. Iltzatuta du barruan ikusitakoa: «Lehen egunetan, ez zegoen koltxonetarik… Kartoizko kutxak hustu ahala, horretarako erabili genituen, jendeak ez zezan lurrean lo egin». Maurik oroitu du higiene baldintzarik ez zegoela: «Jendea bizpahiru egunez egoten zen gatzez beteta. Lau dutxarekin ez zegoen denak garbitzeko modurik». Lasaiago dabiltza aurten: CATEak ireki zituztenetik, herritar sareen egitekoa asko mugatu da. Baina arropa eta jakiak biltzen ari dira oraindik ere: «Beti dago premia duen erakunderen bat».
Oraindik biek gogoetai dute herritarrek lortutakoa. «Iazko esperientziak asko eragin zigun. Bizitza aldatu zigun», esan du Maurik. «Miseriak» inpaktatuta geratu zen Serrano: «Uda betean, gu jatetxeetan afaltzeko ilarak egiten, eta han barruan jatekorik gabe… Errua sentitzen nuen, adibidez, garagardo bat hartzean: nola goza dezaket bizitzaz, jendea kartoietan lotan ari dela?».
Bihar: Adingabeak.
(Puede haber caducado)