Turkiak eten egingo du Europar Batasunarekin onetsi zuen migrazio akordioa

Egun 3 milioi errefuxiatu siriar daude Turkian UNAI SARRIUGARTE Martes, 23 julio 2019, 21:20

El Correo, UNAI SARRIUGARTE, 24-07-2019

Turkiak eten egingo du Europar Batasunarekin onetsi zuen migrazio akordioa. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak uztailaren 22an adierazi zuen herrialde horrek eten egingo zuela 2016an sinatutako hitzarmena. Çavusogluk akordioko konpromisoa ez betetzea leporatu zion Bruselari. Halaxe helarazi zion ministroak Turkiako TGRT irratiari.

Azken urteotan asko murriztu da bide horretatik Europara iritsi diren migratzaileen kopurua. Duela bi urte utzi zion Turkiak Europara sartzeko sarreragune nagusi izateari. Izan ere, Marokotik Iberiar Penintsulara doan bidea bilakatu da egun Europako sarbide nagusia.

Adierazpenok ez dute oihartzun handiegirik izan. Turkiako Gobernuak ez zuen adierazpen ofizialik egin gai honen inguruan. Azken egunotan Turkiako nahiz nazioarteko komunikabide ezberdinetan garrantzia handiagoa hartu dute Çavusoglu ministroak Siriako gerraz eta Zipreko gasaren auziaz esandako hitzok. Europar Batasunak Turkiari zigorrak ezarri berri dizkio Zipren egiten ari den gasa bilatzeko zundaketengatik.

Gasaren kontuak okertu egin du Bruselaren eta Ankararen arteko erlazioa eta testuinguru horretan migrazioaren auzia mahaiaren gainean jarri dute berriro ere. Pasa den larunbatean, uztailak 20, Suleyman Soylu Turkiako Barne ministroak kritika gogorrak egin zizkion EBri gai honen inguruan. Soyluk gaineratu zuenez: «nabarmena da Europar Batasunak bakarrik utzi gaituela gai honetan».

Egun milioika errefuxiatu dabiltza Turkian, eta horietako askok Europara iristea dute xede. Hauen gehiengoa errefuxiatu siriarrak dira, euren herrialdeko gerratik ihes egitea bilatzen dutenak. Egun Turkian 3 milioi siriar inguru daudela estimatzen da. Migrazioa herrialdeko arazo garrantzitsuenetarikoa bilakatu da. Hori dela bide, zenbait erabaki polemiko hartu dituzte agintariek azken hilabeteotan. Istanbuleko gobernadoreak bertan bizi, baina Turkiako beste probintziatan izena emanda dauden Siriako errefuxiatuei Istanbuldik alde egiteko agindu zien duela egun batzuk.

Europar Batasunak eta Turkiak 2016ko martxoan onetsi zuten migrazio hitzarmena. 2015 . urtean milioi bat siriar errefuxiatu iritsi ziren Turkiara, euren herrialdean pairatzen ari ziren gerra krudeletik ihesi. Hauxe, II. Mundu Gerraz geroztik (1939-1945) Europan izan den migrazio mugimendurik handiena izan da. EBk 6.000 milioi bideratu zituen Turkiara errefuxiatuak berriz hartu eta bidea oztopatzearen truke

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)