Egun bakarrean 800 etorkinetik gora ailegatu dira Lampedusa uhartera, Italiara

«Kostaldea blindatzeko» eskatu diote Kanariek Madrili, eta haren erantzuna motela dela salatu dute

Berria, 23-05-2006

arantxa elizegi

Immigrazioa arazo bilakatzen ari da Europako hainbat herrialderentzat. Etorkinentzako harrera zentroek gainezka egin dute hainbat tokitan, eta agintariek ez dakite jada zer egin arazoari irtenbidea aurkitzeko. Lampedusan dute egoera larrienetariko bat, Italian. Egun bakarrean, 24 ordutan, 800dik gora etorkin iritsi ziren soilik 190 etorkinentzat lekua duen uhartera. Lehen ontziak herenegun iritsi ziren, haietako batzuetan 200 pertsonatik gora zihoazen. Azkenak, berriz, atzo goizaldean ailegatu ziren, bi txalupatan. Polizia iturriek salbamendu taldeen lana goraipatu dute, baina nabarmendu dute trafikatzaileek orain talde txikietan eramaten dituztela immigranteak, eta, beraz, zailagoa da haiek harrapatzea.

Itsaso barea eta eguraldi ona nagusi diren egunotan, Kanarietara ere egunero iristen dira etorkinak. Maiatzean bertan 2.000tik gora ailegatu dira. Uharteetako Gobernua kezkatuta dago eta immigrazioaren auzia alde batera uztea leporatu dio Espainiako Gobernuari. «Madrildik banatzen gaituen distantzia geografikoa distantzia politikoa baino txikiagoa da», salatu du Kanarietako Presidentetzarako eta Justiziarako aholkulari Jose Miguel Ruanok.

IMMIGRAZIOARI ATEAK ITXI. Martxoan hitzemandako neurriak abian jarri, eta «kostaldea blindatzeko» eskatu dio Ruanok Espainiako Gobernuari: «Blindatzearen helburua da legez kanpokoak salbatzea, artatzea, haiei giza laguntza ematea eta beren herrialdeetara itzultzea». Horretarako, Espainiako Armadaren laguntza eskatu du Kanarietako Gobernuak. Era berean, larrialdietarako diru laguntzak sortzeko eskatu dio Europako Batasunari. EBri immigrazioaz ez kezkatzea leporatu dio Kanarietako Legebiltzarrak, eta Espainiako Gobernuari, berriz, motelegi mugitzea.

Etorkinak beren herrialdeetara itzultzeko 40 eguneko epeari, berriz, motz iritzi dio Legebiltzarrak eta hura luzatzeko eskatu dio Madrili. Ez da ahaztu behar immigranteak 40 eguneko epean estraditatu ezean aske utzi behar dituztela. Etorkin gehienentzat hori da Europan gelditzeko irtenbide bakarra. «Hobe da zaintzapean aske egotea, preso bizitzea baino», dio etorkin batek. Horretarako, baina, gutxienez zazpi eguneko bidaia egin behar dute itsasoz, eta ez da erraza kostaldera onik iristea. Gurutze Gorriaren arabera, Saharaz hegoalde herrialdeetako 1.500 pertsona hil dira orain arte Kanarietara bidean. Datu ofizialak dira horiek.

Ruano haserre ere agertu da Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuarekin, martxoan hitzemandako neurriak indarrean jarri ez dituelako. «Agian, politika berezituen beharraz konturatuko dira giza hondamendiaren bitartez. Ezin dute Afrikarako egitasmo bat bultzatu Kanarien interesak kontuan hartu gabe», salatu du aholkulariak. Gogorarazi du martxoan Mauritaniak ohartarazi ziola Espainiari txalupak Senegal iparraldetik Kanarietara abiatzen ari zirela, «baina badirudi gaizkileak errazago moldatzen direla egoera berrietara Espainiako politikariak baino». Atzo beste 78 etorkin iritsi ziren Kanarietara.

Dena den, Kanarietako Gobernua Espainiakoarekin elkarlanean aritzeko prest agertu zen; ez, ordea, isilik egoteko: «Ez dugu Espainiako Exekutiboarekin aurrez aurrekorik nahi, baina haren erabakien berri Madrilen bidez jaso nahi dugu, eta ez estraperloan». Saharaz hegoaldeko herrialdeetako etorkinez soilik kezkatzea eta turista bisekin portu eta aireportuetatik sartzen direnak alde batera uztea leporatu zion Ruanok PP Alderdi Popularrari.

Arazoaren oso bestelako ikuspegia dute sozialistek. Kanarietako Alderdi Sozialistako idazkari nagusi Juan Carlos Alemanen arabera, Espainiako Gobernuak azkar eta egoki jokatu du uharteko egoeraren aurrean: «Orain baliabide gehiago ditugu». Espainiako Alderdi Sozialistako idazkari Jose Blancok, berriz, iragarri du etorkinak beren herrialdeetara bidaliko dituztela: «Berme guztiekin aterako dira, baina atera egingo dira». Espainiako Gobernuko presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vega gaur da biltzekoa Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosorekin eta EBko Justizia eta Barne komisario Franco Frattinirekin.

NAZIOARTEKO ARAZOA. Etorkinak ez dira soilik Italiaren eta Kanariar Uharteetako arazoa. Senegalgo Itsas Armadak 19 txalupatan zihoazen 1.501 etorkin geldiarazi ditu azken hiru egunetan. Horietaz gain, giza trafikoaz arduratzen ziren 60 trafikatzaile atxilotu eta 32.000 euro atzeman dizkiete. Zenbait iturriren arabera, bost bat mila pertsona atera dira jada Senegaldik Europara.

Marokok, aldiz, lau txalupatan zihoazen 200 etorkin inguru aurkitu zituen Sahara Mendebaldeko kostaldean. Grezian kamioi-hozkailu batean zihoazen 73 immigrante atxilotu zituzten asteburuan. Kostazainek beste 32 atxilotu zituzten itsasoan.

Bestalde, Espainiaren menpe dagoen Ceuta hiriko agintariek etorkin adingabeak beren herrialdeetara itzultzeko prozesua hasteko eskatu dio Madrili. Orotara, 80 adingabe inguru daude hiri hartan.

Senegal, etorkinak onartzeko prest, zingirak egiteko diru laguntzen truke

Europara dokumenturik gabe sartzen saiatzen diren etorkinetako asko Senegaldik ateratzen dira, nahiz eta beste herrialde batzuetakoak izan. Herrialde horrekin ez du hitzarmenik Espainiako Gobernuak, eta akordio horiek lortzeko asmoz, han dira jada Madrildik joandako diplomazialariak. Dakarko gobernua, baina, ez dago handik joandako etorkinak nolanahi onartzeko prest. Baldintza bat jarri dio Europari: joandakoak onartuko ditu, baldin eta Espainiako Gobernuak zingirak eraikitzeko diru laguntzak ematen badizkio. Hala iragarri du Senegalgo presidente Abdulaye Wadek: «Zingirek lehorteari aurre egiteko balioko dute. Horrela, gazteek nekazaritzan lan egin ahal izango lukete, eta gutxiago joango lirateke atzerrira». Hala ere, Wadek nabarmendu du dirua ematea baino hobea litzatekeela Armadak behar ez dituen tresnak bidaltzea. Esaterako, hondeatzeko makinak eta bulldozerrak.

Espainiako Gobernuak, aldiz, etorkinen jatorrizko herrialdeetara diplomazialariak bidaltzea erabaki du, bertako gobernuekin hitzarmenak lortzeko asmoz. Datozen sei hilabeteetan Senegalen, Gambian, Cabo Verden, Ginea Bissaun eta Ginean izango dira Madrilgo ordezkariak. Bidaiaren xedea da herrialde horietako agintariekin hitz egitea eta immigrazioaren auzia haien esku gera daitekeen aztertzea. Horren truke Espainiako Gobernuak garapenerako laguntza handiagoak emango dizkiela azaldu du Miguel Angel Fernandezek, Espainiak Senegalen duen enbaxadoreak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)