Migratzaileak. Erreskate egitasmoak
Racketek "bere egitekoa" egin duela ebatzi, eta aske utzi du epaileak
Epaia garaipentzat jo du Sea Watch 3 ontziko kapitainak. Aldiz, erabakia kritikatu du Salvinik, eta iragarri Racketeren aurkako kanporatze agindua emango duela.
Berria, , 03-07-2019Italiako justiziak ez du deliturik antzeman Carola Rackete kapitainaren erabakietan. Mediterraneoan noraezean zeuden 53 migratzaile jaso eta haietako 11 kostazainen esku utzi ostean, Lampedusan porturatzeko zain egon ziren Sea Watch gobernuz kanpoko kideak bi astez. Tarte hori igarota, ordea, erantzuna ezezkoa zela ikusita eta migratzaileen egoera “larria” zela argudiatuta Lampedusan baimenik gabe porturatzea erabaki zuen Racketek. Italiako Barne ministro Matteo Salvinik hura atxilotzeko agindua eman zuen, baina atzo Alessandra Vella epaileak atzera bota zuen agindua eta kapitaina aske uzteko agindu.
Segurtasun indarrei aurre egitea, gerra-ontzi baten aurkako indarkeria eta hura hondoratzen saiatu izana egozten zioten 31 urteko kapitainari —mugazainen ontzi baten aurka jo zuen Sea Watch 3 itsasontziak—. Vellak, baina, iritzi dio “bere egitekoa” egin zuela Racketek, migratzaileak erreskatatu eta Lampedusara eraman zituenean.
Vellaren erabakiarekin bat etorri da defentsa ere, zeinaren arabera epaiak frogatzen du “legez kanpoko erabakia” izan zela portuak itxi eta gobernuz kanpoko erakundearen ontzia porturatzeko baimena ukatzea.
Kapitainak garaipentzat jodu epailearen erabakia, eta “kolpea” erreskate lanetan ari direnak geldiarazten ahalegintzen diren agintarientzat. Hain zuzen ere, epaiarekiko oso kritiko agertu da Barne ministroa eta ohartarazi du Italiatik kanporatuko duela “kapitain gaizkilea”. Neurriaren berri eman diote dagoeneko Agrigento eskualdeko prefetari, baina justiziaren onespenaren zain daude.
40 hildako Libian
Tripoliko atxilotze gune batean zeuden 40 migratzaile hil dituzte bonbardaketa batean. Lerro hauek idazteko unean inork ez du erasoa bere gain hartu, baina astelehenean iragarri zuten Khalifa Haftar Libia ekialdeko buruzagi militarraren indarrek Tripoli bonbardatzen hasiko zirela.
Bonbadakeak hasi aurretik hainbat atxilotze eta errefuxiatuentzako gune hustu zituzten Tripoliko gobernuak eta Nazio Batuen Erakundeko kideek, baina ez guztiak. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ohartarazi du zibilek ez luketela inoiz helburu izan behar.
(Puede haber caducado)