SANJOANAK ARBIZUN. NORA DOURZIK

«Gure kultura erakustea maite dut»

Dourziki ezinbertzekoa iruditzen zaio kulturen arteko harremana lantzea. Hori bultzatzeko, besta anitzetan parte hartu izan du; Sakanan egiteak bihotza «pozten» dio.

Berria, Ainhoa Larretxea Agirre, 25-06-2019

Altsasun bizi da egun, baina marokoarra da Nora Dourzik (1982). Kultura maite du, eta gustuko du bere herriko tradizioak ezagutaraztea; Arbizuko bestetan antolatutako kulturartekotasun festan parte hartuko du.

Arbizuko kulturartekotasun festan parte hartuko duzu. Nolakoa izango da zure parte hartzea?

Nik gastronomia alorrean parte hartuko dut. Marokoko ohiko postreak egingo ditut. Lehendabizi, Marokoko bizkotxoa egingo dut, eta gero arto irinarekin egindako opilak egingo ditut eztia eta sesamoarekin. Ondoren, Marokon festetan egiten ditugun pasta tradizionalak, almendrazkoak eta kokozkoak.

Denbora anitz ematen duzu horiek prestatzen?

Egia da denbora ematen dudala, baina anitz gozatzen dut janaria prestatzen.

Bestan parte hartu bai, baina ezinen zara bertaratu, ezta?

Lana dela eta ezingo naiz Arbizura joan. Nahia [antolatzailea] etorriko da Altsasura nire jakien bila, eta berak eramango ditu.

Herriko festetan parte hartzea maite duzu?

Bai, bestetan parte hartzea anitz gustatzen zait, baita bertzeek gurean parte hartzea ere. Zelandi eskolan, adibidez, aurten Ramadana azaltzeko tailerra egin dugu. Jendeak zalantza asko izaten ditu horren inguruan, eta ateak ireki eta gure kultura erakustea maite dugu. Ramadanari buruz hitz egiten dugu, bideoak erakusten ditugu, eta Ramadan garaiko gastronomia prestatzen dugu. Bildotsaren festa ere egin genuen iaz; aurten marokoar ezkontza bat egin nahiko genuke.

Duela urte batzuk joan zinen Altsasura bizitzera. Nolako harrera izan zenuen?

Jendea hemen oso irekia da; beti egongo naiz eskertuta. Hemen oso ongi hartzen gaituzte. Pertsona onak eta irekiak izan behar dugu; hasieran, jendeak beldurrez hartzen zaitu kanpotik zatozelako, baina, pertsona gisa irekia bazara, eta beraiekin solastatzen bazara, ongi etorria egiten dizute.

Ez da horrelako bestetan parte hartzen duzun lehen aldia. Gehiagotan hartu nahiko zenuke?

Oso garrantzitsua da, honek kulturartekotasuna bultzatzen duelako. Lehenagotik parte hartu izan dut horrelako ekintzetan, eta berriz ere parte hartzea gustatuko litzaidake. Orain, Altsasutik kanpo ere zabaldu dira, eta horrek benetan bihotza pozten dit.

Zertan laguntzen dute horrelako festek?

Postre tipikoak egitean, adibidez, berdin du pertsona bakar bat etortzen bada ere. Ziur etortzen denarekin hitz egiteko aukera izanen dela, eta horrek kulturak hurbiltzea dakar. Ez baditugu horrelako jarduerak egiten, bakoitza bere aldetik ibiliko da, eta horrek ez du batere laguntzen elkarbizitzan eta integrazioan. Hemen lehen belaunaldia gara, eta mugitzen jakin behar dugu.

Zein da horrelako bestetan alorrik garrantzitsuena?

Gustatuko litzaidake errespetuaren eta integrazioaren balio positiboak Sakanako bihotz guztietara ailegatzea. Guretzat eta gure ondorengoentzat oso garrantzitsua da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)