Frantziako Parlamentuak Immigrazio Legea onartu du

Eskuinak alde bozkatu du, UDFk boz askatasuna eman die bere diputatuei eta ezkerrak kontra egin du

Berria, 18-05-2006

Erredakzioa

Baiona

Frantziako Asanbleak hautuzko immigrazioa indarrean ezarriko duen lege egitasmoa onartu zuen atzo lehen irakurketan. 367 diputatuk bozkatu dute alde eta 164k kontra. UMP alderdiak Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak proposatu lege egitasmoaren alde bozkatu du. UDF alderdi zentristak bozka askatasuna eman die bere diputatuei eta ezkerrak kontra bozkatu du.

Hala ere testua ez da indarrean sartu. Ekaina hastapenean Frantziako Senatuak aztertu beharko du. Lehentasunezko legea denez, irakurketa bakarra eginen da bai Asanblean eta bai Senatuan. Uztailaren 1ean bitariko batzorde batek onartu beharko du indarrean sartu aitzin.

HERRI POBREETAKO BURMUINAK. Ezkerrak gogor gaitzetsi du lege egitasmoa, helburu bakarra hirugarren munduko herrietako adituak erakartzea duela azalduz. Izan ere orain artean etorkinek Frantzian bizitzeko agiriak eska zitzaketen eta, eskaria onartuz gero, 10 urteko agiriak eskuratu.

Engoitik hiru urtera mugatuko dute agiri hori eta lortzeko etorkinek beren gaitasunaren eta gutiziaren bermea eman beharko dute. Prestatuenak hartuko ditu Frantziak, Parlamentuak urtero erabakiko duen kopuruaren arabera. Lana galduz gero agiriak ere gal ditzake etorkinek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)