Hitz beste Anjel Lertxundi
Panorama
Berria, 18-05-2006Terraza batean nago, kaña baten aurrean, olatu egoki baten zain dauden surf zaleei begira. Parez pare, bi belauntzi ere bai, haizearen abaroa baliatzen. Eta kaioen zalaparta. Itsas gainari argia dario eta poz bare-barea. Ederra da panorama, argazki bat egiteko modukoa.
Begiak bildu ditut. Eszenak nire baitan segitzen du: zeru-itsas urdin-urdinak, surf zaleak, belauntziak, kaioak… Nire begi itxietako eszenan badago, ordea, lehen ez zegoen elementu bat, nire baitako ez dakit zerk erantsitakoa eta aurreko panorama guztiz distortsionatzen duena: kayuko bat, etorkinez gainezka.
Begiak zabaldu ditut. Ez dago kayukorik. Beroa burmuinak ere lehortzerainokoa baita, eguzkitakoaren itzala bilatu, eta trago bat eman diot kañari.
Une hartantxe ahots bat entzun dut nire gibelean. Jiratu naiz. Merke-merke, esaten ari zait. CD eta bideo batzuk ditu eskuetan.
(Puede haber caducado)