AEBek immigrazio legean aldaketarik iragarri ez dutelako kezkatuta agertu da Mexikoko Gobernua
Paperik gabeko etorkinen egoerari irtenbidea aurkitzeko eskatu dio Mexikok Washingtoni
Berria, 17-05-2006a. e.
Mexikoko Gobernua kezkatuta dago. AEBetako presidente George Bushek Mexiko eta Estatu Batuen arteko mugara Guardia Nazionaleko 6.000 kide bidaliko dituela iragarri du. Baina hori ez da nahikoa Vicente Fox presidentearen gobernuarentzat, Washingtonek alde batera utzi duelako beharrezkoena: Immigrazio Legea aldatzea. Hala ere, Foxen eledun Ruben Aguilarrek nabarmendu du mugara Guardia Nazionaleko milaka kide bidaltzea ez dela muga militarizatzea, ezta AEBen immigrazio politika gogortzea ere: «AEBek bermatu dio Mexikori neurriek ez dutela esan nahi muga militarizatuko dutela».
Mexikoko kantziler Luis Ernesto Derbezek ohartarazi du, ordea, Guardia Nazionalak paperik gabekoak atxilotzen baditu, epaitegietara joko duela. Haren iritziz, Bushen erabakia ez da etsaitasunezkoa. AEBetako Mexikoko enbaxadore izandako Jorge Montaño ez dator bat berarekin, eta salatu du erabakia Mexikoren kontrakoa izan dela, eta muga militarizatzea dela Washingtonen xedea.
LEGEA ALDATU BEHARRA. Immigrazioa kontrolatzeko eta etorkinen joan etorria errazteko balioko duen legea nahi du Mexikok. Aguilarrek AEBetako Senatuarengan jarri du itxaropena, han ari direlako Immigrazio Legea eztabaidatzen, eta azken proposamena onartuz gero, AEBetan bizi diren 12 milioi etorkinetatik askok paperak lortuko dituztelako. «Ditugun baliabide politiko eta diplomatiko guztiak erabiliko ditugu erreforma erabatekoa izan dadin», adierazi du Foxen eledunak. Haren iritziz, etorkinen egoera hobetuta errazagoa izango da droga trafikoa eta bestelako delituak kontrolatzea.
Hauek dira Mexikoko Gobernuak AEBetako Immigrazio Legeari eskatzen dizkionak: epe baterako lana duten etorkinen egoera berritzea; paperik gabeko etorkinen egoerari irtenbidea aurkitzea; eta mugan segurtasun neurri egokiak jartzea.
(Puede haber caducado)