Bizia eta heriotza jauzi bakar batera
Urtean 500.000 lagunek igarotzen dute AEBen eta Mexikoren arteko muga, asko bidean geratzen dira; segurtasun neurriak gogortu ahala hildakoak ere gehiago direla salatu dute hainbat erakundek
Berria, 17-05-2006arantxa elizegi
Bizitza hobearen bila abiatu eta heriotza aurkitzen dute etorkin askok Ameriketako Estatu Batuetan. Mexiko eta AEBen arteko mugan dagoen hesia igarotzea nahikoa dute askatasunen lurraldean egoteko. Baina AEBetan askatasuna estatubatuarrentzat da, ez paperik gabeko etorkinentzat. Horiek ez dituzte maite, eta horri buruzko zalantzarik egon ez dadin Washingtonek Guardia Nazionaleko 6.000 kide gehiago bidali ditu mugara. Orotara 18.000 izango dira, alegia, kilometroko sei guardia nazional. Baina hori ez ei da muga militarizatzea. Hala dio Bush presidenteak.
Datu bat: 1995ean AEBetako Gobernuak 910 milioi dolar bideratu zituen muga zaintzera, eta 61 pertsona hil ziren; iaz, 5.000 milioi dolar inbertitu zituzten eta, iturri ofizialen arabera, 500 etorkin hil ziren. Bushek ez du iragarri zenbat milioi dolar bideratuko dituzten aurten «kontrol neurrietara».
Legebiltzarrerako hauteskundeak gainean dituzte Estatu Batuetan eta kontuan hartuta herritarren gehiengoak immigrazioa arazo gisa ikusten duela, ulertzekoa da Bushek haien sostengua lortu nahi izatea.
Mugaren beste aldean kezkak eragin ditu erabakiak. Giza eskubideen aldeko erakundeak bat datoz esaterakoan segurtasun neurriak gogortzeak gehiegikerien arriskua handitzen duela. Ez da ahaztu behar mugara bidaliko dituzten horietako batzuk Iraken egonak direla, eta besteak, berriz, gerrara joateko trebatuak izan direla. «Militarrak mugara bidaliz, giza eskubideen urraketak ugaritu egingo dira. Militarrak ez daude immigrazio legeak betetzeko trebatuta. Gerrarako daude prestatuta, ez honetarako», salatu du Michele Waslimek, mexikarren eskubideez arduratzen den Arrazaren Kontseilu Nazionaleko zuzendariak. Erabakia legez kontrakoa dela nabarmendu du Eric Gutierrez abokatuak. Azaldu duenez, Poliziarenak diren lanak militarrak egitea debekatzen duen lege bat onartu zuen Washingtonek 1878an.
LANIK OKERRENAK ETORKINENTZAT. Dokumenturik ez dutenez, ezin dituzte beren lan baldintzak hobetu, ezta osasun aseguruak lortu ere. Estatubatuarrek egingo ez lituzketen lanak egiten dituzte, askoz ere soldata baxuagoaren truke. Hala ere, bertakoei lanpostuak kentzea leporatzen diete estatubatuarrek. George Borjas ekonomialariaren arabera, 1980 eta 2000. urteen artean, ikasketak utzi eta lanean hasi direnen irabaziek %7,4 egin dute behera immigrazioaren eraginez, enpresek eskulan merkea dutenez, gutxiago ordaintzen dutelako. Aldiz, David Card ekonomialariaren ustez, immigrazioak ez du horretan zerikusirik.
Immigrazioa begi onez ikusten dutenen arabera, etorkinak onuragarriak dira AEBetako ekonomiarentzat, zergak ordaintzen dituztelako eta, erretiratzean beren herrialdeetara itzultzen direnez, ez dituztelako gizarte segurantzaren onurak baliatzen. Horretaz gain, merkatuaren beharrak asetzen dituzte, bestela nola azaldu AEBetara iristen diren immigrante gehienek lana lortzea?
Dena den, asko dira oraindik immigrazioaren aurka daudenak, eta neurri gogorragoak eskatzen dituztenak. Tartean Minuteman Proiektua-ren sortzaileak. Horiek boluntarioak errekrutatzen dituzte «muga patruilatzeko». Giza eskubideen aldeko hainbat erakundek xenofobia bultzatzea leporatu diete. Baina egitasmoaren bultzatzaileen arabera, boluntarioek «legea betearazi» besterik ez dute egiten. Agintarien artean ere badira neurri gogorragoen aldekoak, esaterako Tom Tancredo kongresukide errepublikanoa. Haren iritziz, AEBen immigrazio politika «malguegia» da.
(Puede haber caducado)