HIz PI DeaK

Demografia

Berria, 16-05-2006

Koldo Aldabe

Immigrazioa izurri bat izango balitz bezala kudeatzen digute agintariek, eta harresi eta hesiak eta lurreko, itsasoko eta aireko zaintzak dira proposatzen dizkiguten txertoak.

Asteburuan mila etorkin inguru joan dira Kanariar Uharteetara, Afrika kontinentaletik ihesi, cayuco txikietan. Uharteak Afrikan dauden arren Espainiako Administrazioaren pean daudenez, Europa «ukitu» dute «paperik gabekoek», «ilegalek». Aireko eta itsasoko zaintza areagotuko dutela hitzeman du Espainiako Gobernuak. Eta nola uxatuko dituzte? Kanoikadaka, Italian Umberto Bossik iradoki moduan?

Errua besteena da. Kanariar Uharteetan Espainiako Gobernuak duen ordezkariaren arabera, erantzukizuna etorkin horien jatorriko herrialdeena da, «ez dutelako beren ekonomia hobetzen eta, ondorioz, beren herritarrek bizitza hobe baten bila ihes egiten dutelako». Testuingurua kenduz gero, esaldi bakar batez ederki asko «laburbiltzen» da «arazoa».

George Bushek Guardia Nazionaleko hamar mila lagun bidaliko ditu Mexikorekin duten muga zaintzen dutenei «laguntzera». Kanoiak prest etorkin «ilegalak», «paperik gabeak», «bizkar-bustiak» uxatzeko? Immigrazioaren gainean prestatzen ari diren legearen zama guztia etorkinengan jarri aurreko neurria.

Europa eta AEBen zurikeriarik gabe, gauzak argi eta legea eskuan, Israelgo herritar musulmanek herrialdetik hanka egin beharko dute, Israeldik kanpoko gizonezko edo emakumezko batekin ezkondu eta harekin bizi eta familia osatu nahi badute. Israelen komunitate musulmana areagotu ez dadin eginiko legea da, eta, bide batez, musulman batzuk kanporatzea lortzen bada, are hobe. Naziengandik ikasi zuten afrikanerren apartheid sistema aplikatzen dihardute Israelen; baina nola kondenatuko dute gauza bera egiten dutenek?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)