Milatik gora etorkin iritsi dira azken egunetan Kanariar Uharteetara
Espainiako Gobernuak aireko eta itsasoko kontrol neurriak zorroztu ditu Mauritania inguruan
Berria, 16-05-2006Inoizko etorkin olderik handiena iritsi da azken egunetan Kanariar Uharteetara: 1.100 hiru egunean. Alerta gorria piztu dituzte bai agintariek eta baita giza laguntzarako erakundeek ere. Europari esku hartzeko eskatu dio Kanarietako Gobernuak, eta Espainiako agintariei emandako hitza ez betetzea leporatu die. Mauritania eta Senegaldik Kanarietara doazen ontziak gelditzeko kontrol neurriak zorroztuko zituela esan zuen Madrilek duela hilabete inguru. Kanarietako Gobernuko eledun Miguel Becerraren iritziz, larria da oso hain denbora gutxian horrenbeste etorkin iristea: «Badirudi, Repsolek Bolivian dituen interesek soilik kezkatzen dutela Espainiako Gobernua. Ez da kezkatzen Kanarietan gertatzen ari denaz, baina hemen pertsonen biziak daude jokoan».
Azken hilabetean 1.546 etorkin iritsi dira Kanarietara. Asteburuan hamabost ontzi inguru iritsi dira. Azken hiru ontziak atzo bertan ailegatu ziren, 120 pertsonarekin orotara, tartean hainbat adingabe. «Gehienak ondo iristen dira, baina askok kolpeak eta eguzkiak eragindako erredurak dituzte gorputzean», azaldu du Kanarietako Gurutze Gorriko arduradun Austin Taylorrek. Azken egunotan iritsi diren etorkin gehienak Tenerifeko kuartel militarrera eraman dituzte.
Mapopeche II ontziko kapitaina eta eskifaiako 13 kideak atxilotu zituzten atzo, barruan 18 etorkin zeramatzatela konturatu zirenean. Kapitainak hasieran esan zuen ez zekiela etorkinak ontzian zeudela, baina azkenean aitortu zuen bazekiela. Haren gelan zegoen immigranteen dokumentazioa ere.
Uharteetako atxilotze zentroetan 2.000 etorkinetik gora daude egun. Polizia iturrien arabera, etorkinek normalean ez dituzte 48 ordu baino gehiago igarotzen atxilotze zentro horietan. Kanarietako agintariek 40 eguneko epea dute etorkinak beren jatorrizko herrialdeetara itzultzeko; epea bete ezean, aske utzi behar dituzte.
Horiek hala, Espainiako Gobernuak Mauritania eta Kanariar Uharteen arteko uretako kontrol neurriak zorroztea erabaki zuen atzo. Batetik Rio Duero izeneko ontzia bidaliko dute Mauritaniako kostaldera, herrialde hartako agintariei immigrazioa kontrolatzen laguntzeko asmoz. Operazioak 95 egun inguru iraungo du, eta ondoren Madrilek hainbat ontzi emango dizkio Mauritaniako Gobernuari, kostaldea bere kabuz zaindu dezan. Bestetik, Ghanarekin, Senegalekin, Malirekin eta Cabo Verderekin akordioak egin nahi dituzte, etorkinak hara itzuli ahal izateko. Orain arte, 200 etorkin inguru bidali dituzte Mauritaniara, eta datozen egunetan Ginea Bissaura, Senegalera eta Malira atzerriratuko dituzte.
JATORRIZKO HERRIALDEAK. Jose Segura Espainiako Gobernuak Kanarietan duen ordezkariaren iritziz, jatorrizko herrialdeak beren egoera ekonomikoa hobetzeko gai ez direlako ari da ugaritzen paperik gabekoen immigrazioa. Segurak azaldu du azken egunotan itsaso barea egon delako iritsi direla hainbeste etorkin, eta hurrengo egunetan ere gehiago iritsiko direla iragarri du.
Espainiako Alderdi Popularrak, berriz, gaizkile taldeetakoa izatea leporatu dio Segurari. Tenerifeko PPko buru Cristina Tavioren esanetan, ezinezkoa da erregaiarentzako ere lekurik ez duten eta jendez beterik doazen ontzi txiki horiek beren kabuz Kanarietaraino iristea. Hori dela eta, ontzi inudeen laguntza dutela ezkutatzea leporatu dio Segurari. Tavioren arabera, ontzi inude horiek kostalderaino gerturatzen dituzte immigranteen txalupak.
Iaz Espainiaren menpe dauden Ceuta eta Melillara Marokotik sartzen saiatu ziren ehunka etorkinekin izandako arazoa gogorarazi du Taviok. Orduan Espainiako Armadaren esku utzi zuten arazoa, eta, PPko arduradunaren ustez, hori da orain ere egin behar dutena: «Promesa asko egin dituzte, baina ez diete uharteei mugak blindatzeko nahikoa baliabiderik eman».
«HUTS EGIN DUTE». SOS Arrazakeria erakundeko eledun Diego Lorenteren iritziz, Espainiako Gobernuak Marokoren eta Ceuta eta Melillaren arteko mugan jarritako kontrolek etorkinen norabidea aldatzeko soilik balio izan dute: «Espainiako agintariek Mauritanian eraiki zituzten errefuxiatuentzako kanpalekuak hutsik daude: Beraz, haien egitasmoek huts egin dute». Hala ere, Kanarietan duten egoera Ceuta eta Melillan gertatutakoa baino larriagoa dela nabarmendu du SOS Arrazakeriako bozeramaileak. Lorentek salatu du Gobernua mugak ixten ahalegintzen ari dela, eta hori ez dela irtenbidea.
Espainiako PPko idazkari nagusi Angel Acebes ez dator bat Lorenterekin. Horren iritziz, sozialisten immigraziorako politikak egoera okertzeko soilik balio izan du, «ateak ireki dituztelako eta guztiei paperak emango dizkietela iragarri dutelako».
Bestalde, ehun etorkin baino gehiago iritsi ziren atzo Almeriara (Andaluzia, Espainia), bi ontzitan. Lehen txalupan 70 bat pertsona zihoazen, eta bigarrenean, berriz, 40 inguru. Txalupak utzi eta labarretatik igo ziren lehorrera, baina asko zauritu egin ziren bidean.
Perun ari dira egiten Migrazioen Nazioarteko Erakundearen bilera. 28 herrialde eta nazioarteko 11 erakundetako ordezkariak daude han bilduta. Azken urteetan nabarmen ugaritu diren etorkinen arazoak eztabaidatzea dute helburu.
Europako Batasunaren esku-hartzea
Espainiako Atzerri ministro Miguel Angel Moratinosek Kanarietako egoera salatu zuen atzo Europako Batasuneko Atzerri ministroen Kontseiluan. EBk, berriz, etorkinen jatorrizko herrialdeei beren erantzukizuna onartzeko eskatzeko asmoa agertu du. «Orain dugun erronka ulertu eta beren erantzukizuna onartu behar dute herrialde horiek», azaldu du Moratinosek.
Helburu horrekin diru laguntza gehiago emango dizkie Europako Batasunak Afrikako herrialdeei, modu horretan immigrazioa kontrolatzeko era izan dezaten. Horretaz gain, Mauritania, Mali eta Senegalekiko harremanak indartuko ditu Bruselak, agintariak etorkinen arazoa konpontzera bultzatzeko. Dena den, Rabaten (Maroko) uztailaren erdian egingo den nazioarteko konferentzian eztabaidatuko dute arazoa sakon, eta hor zehaztuko dituzte herrialde bakoitzaren konpromisoak ere.
Bestalde, Bruselari esku hartzeko eskatu zion atzo Kanariar Uharteetako Gobernuko eledun Miguel Becerrak: «Europako Batasunean daude Afrikan koloniak izan dituzten herrialdeak. Esaterako, Erresuma Batua, Frantzia eta Belgika. Horiek presio egin eta elkarlanerako politikak martxan jar ditzakete». Era berean, herrialde bakoitzak onar dezakeen etorkin kopurua zehazteko ere eskatu dio Becerrak Bruselari. Haren ustez, immi-grazioa geldiezina izan arren, hura kontrolatzeko neurriak hartzea beharrezkoa da.
(Puede haber caducado)