Etorkinek eta bertan jaioek elkar ezagutzeko programa
Gainzuri ikastetxeak eta Urretxuko Udalak jarri dute abian
Diario de noticias de Gipuzkoa, , 18-02-2019URRETXU- Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak eta Gainzuri ikastetxeak Elkar Lagun programa jarri dute abian. Egitasmo honen helburua beste herrialde batetik etorri diren familiak edo eskolan denbora gutxi daramatenak familia euskaldunekin harremanetan jartzea da.
Familia euskaldunek beraien burua eskaintzen dute boluntario gisa, jatorria beste herrialde batzuetan duten familiekin konfiantzazko erlazioak sortzeko. Modu honetara, harrera hobetu egiten da eta ezberdinarengan konfiantza izaten ikasteko aukera sortzen da.
Egitasmo honek beste helburu batzuk betetzeko ere balio du: iritsi berri diren familiei laguntzeko eta kultura ezberdinak ezagutzeko, besteak beste.
Lehen topaketa asteazken arratsaldean egin zuten, Gainzuri ikastetxeko patio txikian. Denek elkarrekin meriendatu zuten. Bertako jakiak eta etorkinen herrialdeetakoak dastatzeko aukera eduki zuten. Topaketan bi urteko proiektu pilotu honetan parte hartuko duten bederatzi familiek, Nerea Urkiola Gainzuriko zuzendariak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak parte hartu zuten.
Gainzurikoek sentiberatasun berezia izan zezaketen familiengana jo zuten bolondres bila. Izena eman duten bederatzi familiek, ikastetxetik kanpo, aisialdian, elkarrekin egoteko konpromisoa hartu dute. “Askotan ikastetxetik kanpo ez gara elkarrekin kafe bat hartzeko gai. Guztiontzat aukera polit bat da”, aipatu zuen Gainzuri ikastetxeko zuzendariak.
Bederatzi familia hauek txangoak egingo dituzte: museoetara, mendira, Donostiara… joango dira. “Bi urteko proiektu pilotuaren ondoren, balorazioa egingo dugu. Gure asmoa proiektu hau herriko gainontzeko ikastetxeetara zabaltzea da”, aurreratu zuen Monica Leiva Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko arduradunak.
GAINONTZEKO EKIMENAK Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia joan zen legealdian jarri zen abian eta, pixkanaka, bere helburuak lortzen ari da. Urtero hainbat ekintza antolatzen ditu. Horietako bi erabat egonkortuta daude dagoeneko: Urretxun Bizi Gara ikastaroa eta Kulturen Azoka.
Urretxun Bizi Gara ikastaroaren helburua etorkinak lehenbailehen integratzea eta bertan jaiotakoen eta kanpotik etorritakoen arteko hartu-emana sustatzea da. Horretarako, herriari, elkarteei eta zerbitzuei buruzko informazioa eskaintzen diete. Egitasmo honetan herriko elkarteek eta erakundeek ere parte hartzen dute. Goierri kirol elkartea, udal euskaltegia, Lanbideren bulegoa… bisitatzen dituzte eta bertako arduradunek beraien jardunaren berri ematen diete.
Urtero herrialde ezberdinetatik etorritako urretxuarrek parte hartzen dute eta ikastaroaren amaieran diplomak ematen dizkiete. Iaz Honduras, Nikaragua, Kuba, Ekuatore Ginea, Pakistan eta Marokotik etorritako urretxuarrek parte hartu zuten.
Kulturen Azokari dagokionez, udaberrian egiten dute Gernikako Arbola plazan. Iaz seigarren edizioa egin zuten. Zortzi herrialde ezberdinetatik etorritako urretxuarrek parte hartu zuten. Gastronomia postuak, ikuskizunak, tailerrak eta jolasak egon ziren egun osoan zehar.
Kulturen Azoka eskualdean elkarrekin bizi diren pertsona, tradizio eta kultura aniztasunaren balioa aldarrikatzen duen topagune bat da. Antolatzaile eta parte hartzaileek kohesio soziala lortu nahi dute, bizikidetzaren bitartez eta bizilagun guztiak onartuz.
Iaz zortzi herrialdetatik etorritako bizilagunek parte hartu zuten: Brasil, Ekuatore Ginea, Honduras, Nikaragua, Maroko, Pakistan, Senegal eta Katalunia.
Bestalde, iaz Sukaldanitzak ekimena jarri zuten abian kanpotik etorritako urretxuarrak eta bertan jaiotakoek elkar ezagutu dezaten eta, bide batez, herrialde ezberdinetako sukaldaritza ezagutu dezaten. Gainera, zurrumurruen kontrako formazioa eskaintzen dute eta hitzaldiak antolatzen dituzte, besteak beste.
(Puede haber caducado)