Langile etorkinen lan baldintzak. Zaintza eta garbiketa

Zaindu ala garbitu: beste aukerarik ez

Hego Euskal Herrira datozen etorkin emakume gehienak Erdialdeko Amerikakoak dira, eta, ikasketa maila handia edukita ere, lan egiteko bi bide besterik ez dute: zaintza edo garbiketa. Etxeko langile aritzen diren gehienek, gainera, egoiliar moduan egiten dute lan.

Berria, Lander Muñagorri Garmendia, 02-02-2019

Bigarren mailako langileak direla: hala sentitzen du Jessica Guzmanek. Etorkina da bera, eta emakume etorkinak batzen dituen Malen Etxeko kide ere bada. Eskaera argi bat egin du: «Gainerako langileak bezalakoak izatea besterik ez dugu eskatzen; gutxienez». Emakumea eta etorkina izanda prekaritatea izugarri handitzen dela baitio. «Hona iristen den emakume etorkinak lanik topatzen baldin badu, zaintzan edo garbiketan soilik aurkituko du; berdin du zein lanpostu edo ikasketa zituen jatorrizko herrialdean. Esan, bestela: ikusi al duzue inoiz irakasle etorkin bat? Porlanezko sabai bat daukagu».

Aukera bi horiez gain, nekez topatuko dute beste lanposturik emakume etorkinek, eta horietan prekaritatea nagusi dela dio Guzmanek. Aste honetan bertan, Bizkaiko Etxeko Langileen elkarteak sektorearen inguruko txosten bat aurkeztu du, eta hor argi azaltzen dira baldintza kaskar horiek. Lan egiten duten etxean lo egiten duten langileen laurdenek astean ez dute atseden hartzeko tarterik. Langile egoiliarren %96 etorkinak dira, emakumeak, eta horietatik %25ek ez dute lan egiteko baimen ofizialik. Bada, paperik ez duten langileen baldintzak gogorragoak dira. Dokumentazioa duten langileen %42k 900 eurotik beherako soldata dute. Paperak dituztenen artean, berriz, %22k jasotzen dute soldata hori.

«Paperak edukiz gero, eskubide gehiago eduki ditzakezu, baina ez pentsa askoz egoera hobea denik», dio Guzmanek. «Enplegatzailea hiltzen bada, egun batetik bestera lanik gabe geratzen gara emakume horiek, eta langabezia eskubiderik gabe, gainera». Horregatik eskatzen ditu beste beharginen pareko lan baldintzak. «Gaixotuz gero ere, ez zaigu gaixotasunaren laneko jatorria ere onartzen. Zergatik?». Etsipenez eta amorruz egin du galdera.

Baina zaintzan lan egin beharrean garbiketa sektorean sartuz gero, baldintzak ez dira samurragoak. Ikusi besterik ez dago, bestela, joan den urte amaierako greba mugagabea. Bilboko NH eta Barcelo hoteletako langileek lanuztea egin zuten, zeuzkaten lan baldintzak ez zirelako duinak. Egunean zehar garbitu beharreko gela kopuru jakin bat zeukaten, baina ordutegiari lotu gabe zegoen aldagai hori. Hau da, ordutegiaren barruan ez baziren hamalau gela garbitzen, kopuru horretara iritsi arte luzatzen zen haien lan eguna. Gela bakoitzeko, gainera, 2,5 euro jasotzen zituzten.

Grebara jo zuten langileek, eta, 48 eguneko lanuzteen ondoren, soldatak %48 igotzea lortu zuten, eta ordutegi finko bat edukitzea. Baldintzak hobetu egin diren arren, gaur-gaurkoz oraindik etorkinek egiten duten lan bat da garbiketarena. Eta gehienetan emakumeak dira, gainera.

Elena. «Paperik ez baduzu, edozein lan baldintza onartu beste aukerarik ez duzu»
Hoteletako garbiketan aritzen da beharrean Elena, eta, joan den urtearen amaieran, greba mugagabea egin zuen. Ahalduntzeko balio izan dio.

Joan den urte amaieran, lan gatazka batek arreta berezia bereganatu zuen hedabideetan: Bilboko NH eta Barcelo hoteletakoak. Lehenengoek hilabetetik gorako greba egin zuten, eta bigarrenek, 48 egunekoa; azkenean, lan baldintzak hobetzea lortu zuten. «Lehen, jardunaldi osoko soldata bat ez zen 820 eurora iristen, eta, akordioarekin, 1.300 euroko soldata gordina jasotzen dugu». Elena —ez du abizenik eman nahi izan— akordioaren onuradunetako bat da, eta Bilbon daramatzan hamabost urteetan eskuratu dituen baldintza onenetan ari da beharrean gaur egun. «Lehen, ez geneukan ordutegirik; gela kopuru bat garbitu beharra geneukan. Orain, berriz, sartzeko eta irteteko ordutegi bat daukagu; horretan asko hobetu dugu».

NH eta Barcelo hotelek azpikontratatua duten Constant garbikuntza enpresan egiten du behar 2016. urtetik, eta hasieratik bertatik giro eskasa sumatu zuen langileen artean: «Egin behar zen lanerako, eta ordaintzen zutenerako, lanera sartu eta gutxira beharra uzten zuten askok; nik, ordea, beti nioen apur bat gehiago eutsiko niola, azken batean lana bermatua nuelako, hoteletako okupazioa edozein zela ere. Eta horrek asko eragiten du seme-alabei jaten eman behar diezunean». Berak bakarrik hezten ditu hiru seme-alabak.

Denbora luzez, soldata txikiekin eta ordutegi amaigabeekin eutsi zion egoerari. Gelako 2,5 euro jasotzen zituzten, eta horrek lehertu zuen gatazka: «Grebara joatea erabaki genuenean, batasun handia egon zen; egunak aurrera joan ahala, ordea, presio handiak iritsi ziren, eta lankide askok edozeren truke itzuli nahi zuten lanera; horrek arrakala handiak sortu zituen».

Lehen aldia zen lan baldintzen alde borrokatzen zuela, eta ahalduntzeko balio izan dio. «Askorentzat, halako borroka batean parte hartzen genuen lehen aldia izan zen; ordura arte, zeuden baldintzak onartu, eta ahalik eta gutxien kexatzen ginen». Baina gatazka horren eraginez lankide askoren ikuspegia aldatu egin dela uste du, eta hori positiboa dela dio. «Ez gara berriz itzuliko lehengo egoerara».

«Etorkinak, lana kentzera»

Baina baldintza okerragoetan aritu izan da lanean Elena. 2000. urtean, Valentziara (Herrialde Katalanak) iritsi zen, eta zaintzan aritu zen. «Gizon heldu bat neukan nire kargu, haren etxean egiten nuen lo, eta 600 euro jasotzen nituen trukean. Gainera, ahal zuen guztietan esaten zidan etorkinak lana kentzera etortzen ginela. Orain hori esango balidate, ez lidake axolako, baina orduan 20 urte eskas nituen, eta alaba jaioterrian utzita iritsi nintzen. Horrek min ematen du».

Orduz geroztik, ezkutuko ekonomian ibili zen lanean, beti zaintzaren eremuan. «Zer lan egin behar duzu bestela? Nork hartuko du paperik ez duen etorkin bat? Gainera, edozein baldintza eskainita ere, horiek onartu behar dituzu, ez baitzaude baldintza hobeak eskatzeko moduan». 2003an Bilbora iritsi, eta hurrengo urtean paperak lortu zituen. «Aurrerapauso bat izan zen niretzat, enpresa batek kontratatu ahal ninduelako; hori bai, zaintzan eta garbiketan bakarrik hartu izan naute beti». Lan baldintzengatik borrokatu ahal izan du, ordea.

Sol de Libertad. «Inoiz ez dago dirurik etxeko langileak soldata duina jaso dezan»

Sol de Libertadek zazpi urte daramatza Bilbon zaintza lanetan, baina ahal duenean berriz Nikaraguara itzuliko dela dio.

«Herritartasuna lortzen dudan eguna handia izango da niretzat, horrek hegan egin ahal izateko hegalak emango baitizkit». Negar malkoak lehortzen ari dela egin ditu adierazpen horiek Sol de Libertadek —berak asmatutako izena da—. Zazpi urte badira Nikaraguatik Bilbora iritsi zenetik, baina berriz ere jaioterrira itzultzea du amets. Semea eta alaba han ditu, eta unibertsitateko ikasketak amaitzen dituztenean itzuliko dela dio. Baina, bien bitartean, helburu bat du: paperak lortzea. «Hemendik ez naiz aterako paper horiek lortu gabe. Duintasunagatik bakarrik baldin bada ere, lortuko ditut». Egoiliar txartela badu, ordea, eta, horri esker, Gabonetan Nikaraguara itzuli ahal izan zen.

Zaintza lanetan aritu da beti Bilbon, baina ikasketaz baso ingeniaria da. Nikaraguan behar horretan aritu izan bada ere, «jatekoa eta errentak ordaindu ondoren ez du beste ezertarako ematen». Horregatik etorri zen Bilbora, zaintza eremuan arituko zela jakitun. «Duintasun osoarekin egiten dut lan hau, baina baldintzak ez dira horrelakoak». Gizarte Segurantzan kotizatzen du egun, baina legez dagozkion hamalau soldaten partez, hamabi jasotzen ditu. «Enplegatzaileak norbait kontratatu behar duenean, kalkuluak atera behar ditu, ikusi zenbat balio duen pertsona bat kontratatzeak. Ez badago prest ordaintzeko, ez gaitzala prekaritatera kondenatu».

Minez hitz egiten du, iraganean esperientzia gogorrak eduki behar izan dituelako. «Bikote gazte baten etxean haurrak zaintzen aritu nintzen lau urtez. Hiru solairuko etxe bat zeukaten, eta udako oporretan Marbellan zuten etxera eramaten ninduten; neguan, eskiatzera. Etxea garbitu, kozinatu, haurrei etxeko lanekin lagundu, eta hitzartu gabeko beste hainbat lan egitera behartzen ninduten; hori dena, 800 euro eskasen truke. Gabonetako paga ordaintzeko eskatu nienean, esan zidaten ez zitzaiela dirua iristen. Inoiz ez dago dirurik etxeko langileak soldata duina jaso dezan».

Adibide bat besterik ez da hori. Baina gutxietsia askotan sentitu da. «Kontratua egiterakoan, enplegatzaileak nire jaioterria gaizki jarri zuen, eta oinarrizko ikasketak amaituak nituela. Ez dakite nor garen, eta nondik gatozen: horrek min ematen du». Baina apurka ahaldunduz joan dela dio, eta urteekin baldintza hobeak lortu dituela.

Etxea hipotekatu gabe

Sol de Libertaden helburua argia da: «Semea eta alaba normalak izan daitezen nahi dut; ez ditut ikusi nahi Nikaraguan ibiltzen diren haur asko bezala: oinutsik, diru gabe eta drogatzen». Seme-alabak horrela ez ikustea du ametsa. Horretarako, bere familiaren laguntza izan du. «Ahizpak dirua utzi zidan hona etortzeko, bi aldiz gainera». Izan ere, 2010ean etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, baina paperik gabe harrapatu, eta bueltan Nikaraguara deportatu zuten. «Ahizpak esan zidan itzultzeko, eta berak utziko zidala dirua».

Iristen diren gainerako etorkinekin alderatuta zortea duela ere badaki. «Ni lanera etorri nintzenean, ez nuen inongo zorrik; nire herrialdean, neska askok bitartekarien bidez lortzen dute hona etorri ahal izateko dirua, bankuetako interesak baino gehiago ordainduz. Askotan, etxea hipotekatu behar dute hona iristeko, eta, horregatik, lanean hasi baino lehen motxila handi batekin iristen dira: zorra ordaindu behar dute, hemen bizirik iraun, eta familiari dirua bidali». Presio horiekin guztiekin iristen dira emakume asko. Paperik gabe, gainera. «Egoera horretan, nola ez dute, ba, onartuko 500 euroren truke egun osoan lan egitea eta atsedenik gabeko baldintzak?».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)