Langile etorkinen lan baldintzak. Nekazaritza

Lurpetik azaleratutako arazoa

Huerta de Peraltako gatazkak kezka zabaldu du landa eremuko langileen egoerari buruz. Lan ituna gero eta gehiago errespetatzen dela diote eragileek, baina irregulartasunak ez direla falta

Berria, Joxerra Senar, 02-02-2019

Huerta de Peraltako greba amaitu da, baina nolakoa da, Azkoiengo baratzeen hesietatik harago, landa eremuko langileen egoera? Berez, Nafarroan badago sektoreko hitzarmen bat gutxieneko lan baldintzak arautzen dituena, eta zoru horren gainean lan egin behar lukete 5.000 langile inguruk. Hala al da benetan, ala ba al da zirrikituak baliatuta modu bidegabean kontratatzen duenik? Elikagai industriako enpresen alboan, laborari txikien errealitatea dago, eta haiek garai jakin batzuetan jotzen dute langileongana. Horrek, aldi berean, behin-behinekotasuna ematen die lan harremanei. Argi-ilun horiekin argazki bakarra ateratzerik ez badago ere, arazo hori lurpetik azaleratzeko balio izan du lan gatazkak.

«Iruzur handia dago», dio Ramon Lacalzada Erriberako LABeko arduradunak, nahiz eta aitortu duen «zailtasun handiak» dituztela hori frogatzeko. Tuterako bulegoan denetariko kasuak ezagutu ditu: «Hilabete osoa lan egin, jaiegunak barne, eta astean lau egun kotizatzea eta gainerakoa eskupean ordaintzea, kasurako». Haren ustez, sektorearen atomizazioada zailtasunetako bat. Huerta de Peraltaren aldean, enpresa gehienak txikiagoak dira, eta sakabanatuagoak daude. «Herrian hartzen dituzte langileak, eta landa eremura eraman. Oso kontrolpean dituzte».

Jakina, enpresa horien artean ere laborariak daude, eta ezin esan daiteke egoera homogeneoa denik. Nafarroako Gobernuaren estatistiken arabera, iaz 1.337 enpresa zeuden izena emanda elikagai industrian, eta 2.467 nekazari zein abeltzain. Azken hamar urteetan enpresak bere hartan mantendu badira ere, laborari kopurua %39 gutxitu da.

Felix Bariain UAGNko presidenteak irmo ukatu du lan esplotaziorik izatea. «Errespetua eskatzen dut sektorearentzat. Ez dut ezagutzen goizean goiz inor esplotatzeko asmoz jaikitzen den laborari bakar bat. Kontsumitzaileak badu nahikoa desinformazio lehendik, eta akusazioak ez digu laguntzen».

EHNEren banderak ikusi izan dira Huerta de Peraltako langileen aldeko protestetan, eta Imanol Ibero nekazarien sindikatu horretako presidenteak positibotzat jo du lan gatazka. «Nekazaritza eredu jakin batean sinesten dugu, eta eredu horrek ezin ditu onartu halako baldintzarik».

EHNE: «Egon, badago»

Bai UAGNk eta bai EHNEk aholkularitza eta laguntza zerbitzua eskaintzen diete laborariei langileak kontratatzeko: nola sortu Gizarte Segurantzan kotizazio kontua, nola egin kontratua eta nola izena eman… Iberoren arabera, kontrataziook lan hitzarmenaren arabera egiten dira, eta azken hogei urteetan nabarmen hobera egin du funtzionamenduak. «Paperak dena hartu du. Lehen, ahoz egiten ziren gauzak: ‘Egin lan hau, eta tori dirua’. Ez zen iruzur egin nahi, baina orain papera eremu guztietara etorri da, eta bermea da langileen duintasunaren alde». Hala ere, ez du esan nahi bestelako praktikarik ez dagoenik: «Bai, entzuten dugu beltzean egiten dela lan, bermerik gabe. Egon, badago». Horregatik uste du oraindik ere laborarien artean pedagogia egin behar dela eta nekazarien sindikatuek lan ildo horri heldu behar diotela.

Lacalzadaren arabera, etorkinen ezjakintasunaz baliatzen dira enpresak, batez ere haien lehen lanaldietan. «Gero, ahoz ahokoaren bidez jabetzen dira egoera horiek ez direla bidezkoak, onartezinak direla, ez direla normalak». Orduan hasten dira sindikatuetara jotzen. Lacalzadaren arabera, maiz lan harremana amaitzear denean jotzen dute LABen atea: «Askotan berandu etortzen zaizkigu. Ez dakite hogei eguneko epea dagoela erreklamatzeko, eta nagusiaren hitzaz fidatzen dira. Hartuko dituela esan, eta dirua jasotzeko aukera galtzen dute».

Joseba Ezeolaza CCOOko komunikazio arduradunaren ustez, sindikatuen presentzia urria da arazoetako bat. «Beldurragatik, arazo ekonomikoengatik, pobreziagatik, gutxiago sindikalizatzen dira. Erlazio bat dago: zenbat eta ordezkaritza sindikal handiagoa, orduan eta eskubide gehiago». Era berean, langile txiroen fenomenoaz ohartarazi du. «Uste baino zabalduago dago». CCOOren datuen arabera, Nafarroan 11.900 lagunek 14.000 euro edo gutxiagoko errenta dute urtean. Nahiz eta errealitate hori beste sektoreetan ere izaten den —ostalaritzan, merkataritzan, eraikuntzan—, batik bat landa eremuan gertatzen da, Ezeolazaren arabera.

Berez, lan hitzarmenak betebehar eta eskubideen esparru bat marrazten die bai langileei eta bai kontratatzaileei. «Lan hitzarmena ona da, estatuko bigarren handiena. Laborariek eta abeltzainek egiten duten esfortzua ez dago zalantzan jartzerik», azpimarratu du Bariainek. Ezeolazak, berriz, sSektorean den kontraesana nabarmendu du: «Lan hitzarmena aurrerakoia da, eta eskubideak ongi aitortzen ditu». Hala ere, errealitate horrek bere alde iluna du, baldintzak «nahiko kaskarrak» direlako. «Nire iritziz, lan ituna betetzen da orokorrean, baina tranpa egin nahi dutenek bestelako aukerak dituzte: behin-behinekotasuna handia da; abusuzko lanaldiak izaten dira, baita kaleratze arbitrarioak ere».

Uvesaren kasua

Berriki, Huerta de Peraltak egoera lazgarri hori azaleratu du, baina irailean beste eskubide urraketa bat salatu zuen CCOOk, Tuterako Uvesa oilo haztegian. Harentzat lan egiten zuen Servicarne kooperatibako bazkide ziren 646 langile, eta Gizarte Segurantzako lan ikuskaritzak ondorioztatu zuen autonomo faltsuak zirela. «Gezurrezko kooperatiba bat zen. Gizarte Segurantzan gaizki izen emanda zegoen. Kooperatiba izaerak aukera ematen zuen langileak autonomo izateko, baina ez zegoen lan harreman hori. Egitura horren beloa altxatu behar izan genuen, eta langileak modu egokian izen ematera behartu», azaldu du Guillermo Dacharyk, Nafarroako lan ikuskaritzaren buruak. Uvesari hemezortzi milioi euroko isuna ezarri zioten.

Ezeolazaren arabera, Uvesak langileok esplotatzeko baliatzen zuen aukera: «Ez zuten oporrik, ezta kotizaziorik edo langabeziarako eskubiderik ere». Kooperatibako bazkide gisa, gainera, hilero 50 euro eta jantziagatik beste 35 euro ordaintzera behartzen zituzten».

Adibide horietaz harago, zenbaterainokoak dira irregulartasunak? Iaz, lan ikuskaritzak 8.120 enpresa aztertu zituen Nafarroan, eta haietatik 441 izan ziren nekazaritza eta elikagai sektorekoak. Atzeman zuen 62 langileri beltzean ordaindu zietela, eta, halaber, 76 langile finko egitera behartu.

Kopurua ez da oso handia, Dacharyren arabera, beste sektoreen aldean gutxi salatzen delako. «Kasu gehienetan, hamarretik zortzitan, geure kabuz erabakitzen dugu zer lantokitara joan, eta horrek bere zailtasunak ditu, landa eremuak ez baitu aterik». Urte osoan egiten dute zaintza lan hori. «Ez ditugu soilik zainzuriak edo mahatsa biltzeko kanpainak aukeratzen. Edonoiz agertzen gara, ustekabean». Gizarte Segurantzak aukera ematen du izen-abizenekin irregulartasun kasuak salatzeko. «Ez dugu salaketa anonimorik onartzen», zehaztu du Dacharyk. «Beharrezkoa da herritarren lankidetza, jabetu daitezela lan ikuskaritza zerbitzu publiko bat gehiago dela».

Era berean, oraindik gertatzen dira muturreko egoerak, oso kasu mugatuak badira ere; iaz, Guardia Zibilak bi polizia operazio egin zituen langileen esplotazioaren aurka Nafarroan; haietako azkena, abenduan. Halako kasuak eragozteko, bitartekarien arriskuaz ohartarazi du Ezeolazak. «Arazo larriena mafiak dira, eta bitartekarien presentzia hutsak susmagarria izan beharko luke lan ikuskaritzarentzat».

Dachary bat dator horrekin. «Abusurako adierazle argia dira. Langileak bilatzen dituzte, eta, hitzarmenaren azpiko baldintzak ezartzeaz gain, ez dituzte inondik ere betetzen enpresaburu gisa dituzten betebeharrak. Are zantzu larriagoa da bitartekariok langileei etxe bat uztea, gehienetan segurtasun eta osasun baldintza txarretan egoten ohi direlako».

Mafiak landa eremutik «desagertzeko» orduan, UPNren agintaldiko enplegu planek garrantzia izan zute, Felix Bariainek azpimarratu duenez, sektoreari lan esparru egonkor bat eman ziotelako. Funtsean, UPNren gobernuak lan arloko zerbitzuak garatzeko hitzarmenak izenpetu zituen UAGNrekin:«Alor publikoari zegokion lana hartu genuen geure gain. Ordutik, urtean 7.000 kontratu inguru kudeatzen ditugu». CCOOrekin eta UGTrekin egin bezala, oraingo gobernuak UAGNrekin egindako itunak moztu zituen. Bariainen irudikoz, ongi funtzionatzen zuena arrazoi politikoengatik kendu zuten, bestelako eredurik planteatu gabe: «Lehen urtetik ohartarazi genien kontratatzeko arazoak genituela, eta, laugarren urtean, komunikabideetara jo behar izan dugu etxeko lanak ez direla egin esatera».

UAGNren salaketa

Polemika handia eragin zuten urrian Bariainen hitzek. Langileak bilatzeko laborarien arazoak eta errenta bermatua jasotzen duten etorkinak lotu zituen, eta gobernuari errenta ez kontrolatzea aurpegiratu zion. Lau hilabete geroago, bereari eusten dio. «Ez zaie errua bota behar errenta jasotzen dutenei, baina desinformazio handia dago. Onuradunak beldur dira egun batzuk lan egiteagatik errenta kenduko dietela, eta beltzean pagatzeko eskatzen diete laborariei». Xenofobia zabaltzea leporatu zion gobernuak UAGNri, eta Bariainek irtenbideak eskatu ditu ororen gainetik: «Gobernuak ohartu behar du arazoaz. Ezin gaitzake iraindu berak gaizki egindakoa estaltzeko».

Bestelako ikuspegia eman du Gemma Mañuk, Nafarroako Gobernuko Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak. Lehenik eta behin, gogorarazi du, «uste denaren kontra», onuradunen %45 norbanakoak direla, eta gutxieneko kopurua kobratzen dutela (610 euro) —batez beste, berriz, 750 eurokoa da banatutako errenta bermatua—. Halaber, informaziorik ez jasotzea ukatu du, oinarrizko zerbitzuek hasieratik zehazten dietelako onuradunei zeintzuk diren euren eskubide eta betebeharrak.

Mañuk gaineratu du bestelako osagarriak izan ohi dituztela lan egiteko: «Errenta baino soldata apalagoko lan eskaintza jasoz gero, adibidez 400 eurokoa, pizgarriak dituzte errentaren zati batekin osatzeko; hau da, 450 euroko errenta gehi 400 euroko soldatarekin, 850 euro jaso ditzake. Azkenean, helburua da lan egitea beti merezi izan dezala».

Horrez gain, Mañuk argi utzi nahi izan du onuradunek betebeharrak dituztela eta ez dutela hain erraza eskaintza bati uko egitea: «Eskaintza jaso eta administrazioak jakinez gero uko egin diola, errenta etengo zaio epe batez. Hamabost egun izango ditu ezezkoa argudiatzeko, eta onartzen ez bazaio, errenta kenduko zaio». Zaintza hori egiteko Nafar Lansarek lan eskaintzen informazioa izan behar lukeela azaldu du.

UAGNk kontratatzeko arazoak dituztela esanagatik, urritik Lansaren sektoreko zortzi eskaintza baino ez dira aurkeztu. Sindikatuak argudiatu du unean uneko beharrak izan ohi dituztela. Akaso, neguko barazkien bilketan ez dago udan bezalako langile beharrik. Dena den, irtenbideak bilatu nahirik, administrazioaren eta sektoreko eragileen arteko harremana hobetu egin behar da, eta gobernuak akordio bana izenpetu berri du EHNErekin eta UAGNrekin. «Urrats ona da. Langileak behar badituzte, Nafar Lansareko lan poltsara jo dezakete, eta gurea izango da horri erantzuteko ardura», azaldu du Mañuk.

Eguraldiaren ondorioz nekazarien beharrak zehatz-mehatz aurreikusterik ez badago ere, Mañuk uste du gutxieneko planifikazio bat egin daitekeela. «Nire ustez, esan diezagukete uzta biltzeko gutxi gorabehera zenbat langile beharko dituzten». Horrek, aldi berean, ziurtatu egingo die langileei baldintzak lan hitzarmenaren araberakoak izatea.

Iaz amaitu zen sektoreko lan ituna, eta orain haren edukia berriro negoziatu behar dute eragileek. Langileen egoera fokuen pean jarri izanak agerian utzi du denek elkarren beharra dutela: «Kontsumitzaileei begira, gure produktuei balioa ematea da langileei baldintza duina eskaintzea. Etorkinik gabe, Nafarroako baratzeko produkturik ez legoke», onartu du Barianek.

Jahja Kaddouri. «Beldurrez ibiltzen ginen geure eskubideak eskatzeko enpresari»

Jahja Kaddouri 2014an sartu zen Huerta de Peralta enpresan lan egitera. Euren lan baldintzen inguruan ezjakintasuna zuela aitortu du. «Ez genekien ezer gure eskubideez, zer egin behar genuen eta zer ez. Enpresak esaten zigun horiek zirela lan baldintzak, eta ez bagenuen nahi, hor genuela atea». Horretarako, behin-behineko kontratuez baliatzen ziren Huerta de Peraltako nagusiak. Bere posturako, sei hilean behin berritu egiten zioten kontratua, baina hori egitea zegokion aldiro beldur zen: «Ez ziguten bulegora deitzen. Lanean zinela etorri, eta paperak sinatzera behartzen zintuzten, agiria irakurtzeko betarik gabe».

Kaddouri enpresaren eskariez arduratu da enpresan, eta, erantzukizuna izanagatik, kontratuak ez du islatu haren lan kategoria. Lan hitzarmenean jasotako peoi soldata jasotzen zuen, apalena: 2018. urtean, adibidez, 966 euro zen.

Era berean, kontratua berritzen zioten aldiro, hamabost egun lehenago oporrak hartzera behartzen zuten Kaddouri: «Niri, behintzat, ordaintzen zizkidaten oporrak, baina beste batzuei ez. Erreklamatu egin behar zuten». Kasu horietan, ez jarraitzeko mehatxua erabili ohi zuen. Haren hitzetan, lan baldintzak banan-banan negoziatzeak enpresari egiten zion mesede.

2017an, egoera jasan ezinik, LAB sindikatura jo zuten langileek, eta, salaketaren bitartez, lan ikuskaritzak hainbat langile finko egitera behartu zuen enpresa. «Egoera aldatu egin da. eta orain badakigu zer dagokigun egitea eta zer ez». Akordioa lortuta, greba amaitu da: «Espero dugu denak hobera egitera».

Ernesto Aguirre. «Mesede egiten zidaten, baina, aldi berean, baliatu egiten ziren nire egoeraz»

Herritar guztien amets berberak ditu Ernesto Aguirre 33 urteko kolonbiarrak —benetako izen-abizenak ez emateko eskatu du—. «Nire helburua da enpresa batean sartzea, finko egitea eta lasaitasuna izatea». Duela astebete inguru, Nafarroako elikagai enpresa batean hasi zen lanean, han aurrera egiteko bidea duelakoan: «Gurdia maneiatzeko ikastaroa egin, eta hartu ninduten. Hamabost eguneko probaldian nago, eta gero hiru hilabetekoa zein sei hilabetekoa izango dut. Jokabide ona izanez gero hartuko nautela diote». Aurrera egiteko ilusioa du, baina buruaren gainean du behin-behinekotasunaren mamua: «Lagun batek urtebetez lan egin zuen, baina gero ez zioten berritu kontratua».

Ez du bide erraza izan Aguirrek. 2017ko ekainean heldu zen Euskal Herrira, emaztearekin eta haur txikienarekin: beste bi seme-alabak Kolonbian geratu ziren, amaginarrebarekin. Turista bisarekin sartu zen, lan baimenik gabe. Taberna batean hasi zen lanean ostiraletik igandera, platerak garbitzen: «Goizeko zazpietatik gauerdira lan egiten nuen, eta 20-30 euro ordaintzen zidaten egunean. Dirua behar nuen, eta ahal nuenera egokitzen nintzen. Hori egin behar nuen, nahitaez». Aguirrek onartu du konplexua ere bazuela: «Eskubiderik gabe zatoz, eta apurka bidezkoa zer den eta zer ez den ohartzen zara. Jabeek mesede egiten zidaten, baina nire egoeraz baliatzen ziren».

Lan baimena lortu zuenerako, zortzi hilabete iragan ziren, eta taberna utzi zuen. Gerora, banatzaile gisa lan egin zuen eskupean kobratuz, eta, gero, saltoki batean 45 egunez gauez, laguntzaile gisa: «Abenduko jaiegunetan lan egiteagatik, 830 euro jaso nituen». Orain elikagai enpresan aukera ireki zaio. Gainera, aurki bi seme-alabak etorriko zaizkio Kolonbiatik.

Mustafa Ourho. «Sektorean egoera ia berbera da, eskubiderik gabea. Ez dute ia ezer ordaintzen»

Mustafa Ourhok zortzi urte eman ditu Huerta de Peraltan lanean, eta, Azkoiengo baratzeen lan egoeraz gain, ezagutu ditu aurretik ere beste toki batzuetakoak. «Landa eremuan egoera ia berbera da, eskubiderik gabea. Ez dute ia ezer ordaintzen, ez da aldatzen ia ezer». Berak bizi izandako lan eskubideen urraketa orokorra dela nabarmendu arren, giza tratuan diferentziak daudela uste du. Huerta de Peraltako berotegietan, 40 gradutik gorako tenperaturak ezagutu izan ditu udan: «Ez ziguten ur freskorik ere ematen. Beste toki batzuetan, errespetua bazen bederen, eskubideak bete gabe ere. Hemen ez eskubide, ez errespetu, ezer ez. Txakurrak baino okerrago tratatzen gintuzten».

Sindikatuak sartu aurreko garaian, hiru edo sei hilean behin berritzen zioten kontratua Ourhori. Hala ere, inoiz ez da langabezian egon, eta gogotik egin du lan. Traktorean egiten du beharra, eta hamalau ordura arteko lanaldiak probatu ditu. «Ez joateko esan arte, lan egiten zenuen, eta, ezer esanez gero, etxea han genuela erantzuten ziguten». Haren hitzetan, hizkuntza ere arazoa da: «Gehienek ez dute gazteleraz hitz egiten, eta baietz erantzun behar duzu, bestela lana galtzen baituzu».

Behin, makina batekin eskuan kolpea hartu zuen, eta etxera bidali zuten, kobratu gabe. Orain egoera aldatu da horretan ere, eta lan osasuneko batzorde bat dago. Sindikatuetara jotzeko ere, isilpean egin behar izan zuten, «konfiantzazko jendearen artean». Orain itxaropena du denentzat egoerak hobera egitea. «Espero dut iragana atzean uztea eta etorkizun hobea bilatzea denon artean».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)