PP, Ciudadanos eta VOX
Berria, , 20-01-2019INBOLUZIOAREN ARRISKUAK
Marian Beitialarrangoitia. EH Bilduko diputatua Madrilen
Egunez egun ageriago geratzen ari da krisi sakonean dagoela 1978an Espainian, frankismoarekin hautsi gabe, aurpegi garbiketa hutsera mugatuz atondu zen erregimena. Orduko moldaketarekin Euskal Herriaren edo Kataluniaren burujabetza gosea aseko zutela uste zutenak ohartu dira ez dela halakorik gertatu eta independentzia aldarria indartzen doala, Katalunian modu agerikoan eta baita Euskal Herrian ere. Bi herriok ondorio bera atera baitugu: Espainiak ez duela proiektu demokratikorik, eta bertatik ezin dugula espero gure herriaren aitortzan urratsik ekarriko duen proposamenik.
Auziari adarretatik heltzeko eta irtenbide politikorik proposatzeko ezintasuna erakutsita, Espainiako ezkerrak sasi-nazio aitortza hutsalak eskaintzen ditu. Bien bitartean, ultraeskuinak aho bizarrik gabe azaleratu du kontrarreformarako asmoa eta euskal herritarroi aspalditik ezaguna zaigun inboluzio antidemokratikorako borondatea.
Helburu horretan bat egiten du eskuinak, izan betikoak (PP), liberalak (C’s) zein muturrekoak (Vox). Ñabardurak dauden arren, guztiek defendatzen dute giza eskubideen murrizketa, bereziki emakume eta etorkinena, eta Espainiaren batasuna kosta ahala kosta lehenesteko beharra. Euskal Herriaren edo Kataluniaren askatasun nahia itotzeko edozein neurri hartzeko prest daude, dela 155. artikulua, dela alderdi independentisten legez kanporatzea.
Horrek eraman ditu, Espainiaren batasuna ipar, Moncloara iristeko bidean, Andaluzian elkarrekin gobernatzeko bidea urratzera, ezberdintasunak ez baitira sakonak. Ondo atera edo ez, helburua partekatzen jarraituko dute, 78an lortu ez zutena, katalan eta euskal herritarrok Estatu propioa osatzeko dugun eskubidea, erabat lurperatzeko. Hiruren batasunak Estatu osora zabal daitekeenaren arriskua areagotu baino ez du egiten.
Espainiako Gobernua ez da gai demokratizazio agenda bat mahaigaineratzeko. Txeke zuri bat eskatzen du, eskuinaren iritsiera gehienez 2020ra arte atzeratzeko, inork ez duelako PP, C’s eta Voxen proiekturik nahi. Euskal Herria eta Katalunia, hortaz, ezin gara Espainiatik alternatibarik iritsi zain geratu, izan PSOE gobernuan, izan eskuin erreakzionario eta neofrankista agintean.
Datorkigunaren tamainako erantzuna artikulatzeko unea da, Kongresua eta Senatua berritzeko hauteskundeak aurki eginda edo agintaldia 2020an amaituta. Indarrak metatu eta aliantza zabal bat erdiesteko garaia da, gutxiengo batzuen inguruan, Estaturik gabeko nazioak elkartuz: erabakitzeko eskubidearen defentsa, eskubide sozialen aldarria, espetxe politika aldatzeko beharra eta salbuespen neurrien amaiera, dagoeneko agerikoa den autoritarismoari eta neoliberalismoari aurre egiteko.
Horren adibide dira azken urtean Katalunian gertatutako eraso ultrak edota berriki Amurrioko familia baten aurka eginiko erasoa. Ezin ditugu gertakari isolatutzat hartu, estrategia orokor bati erantzuten baitiote: zio politikoa dute eta eskuin muturraren autoritarismoaren gorakadarekin lotuta daude, 1978an adostutako Espainia bat eta bakarra arrisku bizian ikusten duen sektore faxistarekin.
Ez da aski egungo gobernuari agintaldia amaitzen uztea, txeke zuria emanez, bestelako urratsik eskatu gabe. Amurriokoa bezalako gertakariei duten larritasuna ez emateak, inoiz desagertu ez diren muturreko jarrera totalitario oldartuen isla ez jotzeak eta horien atzean daudenak ez baztertzeak inboluzio arriskua egia bihurtu baitezake. Gaur ekin behar diogu bidea mozteko lanari, hauteskundeen ondotik emaitzekin asaldatu ordez.
LABARTUTAKO ZOMORROA?
Joseba Agirretxea. EAJko diputatua Madrilen
Bazirudien urrunean zegoen zarataren oihartzuna edo zantzua zela solik, eta guregan eragin zuzenik oraindik ez zuela izango, baina nahi baino lehenago gure inguru politiko hurbilagoan ere izan du bere kokapena eskuinaren muturrak.
Dudarik ez Iparraldean aspaldiagotik ezagutzen zutela Frantziako politikan horrenbesteko arrakasta izan duen Le Pendarren oinordekotza eta eskuineko populismo ultra eta, nola ez, Espainiar estatuak ere bere lekua inbidiatuz edo, ez dio leporik eman Hungarian, Italian, Polonian edota aipatu Frantzian gertatu den fenomeno (ez hain) berriari.
Vox agertu zaigu, bai, baina arrautza berri batetik jaio den zomorroa da, edota aspalditik larbatua eta biziraunkortasun minimoarekin hortxe egon den fenomenoa? Uste dut bigarrenak leku gehiago duela Espainiar kasuan. Hau da, frankismoa ez zen egun batetik bestera desagertu, frankismo soziologikoak bere lekua beti izan du, batzuetan leundua, besteetan ezkutatua, maiz PPren baitan, besteetan abstentzioan… baina haziak bazuen heldulekurik. Agian ez zeukan agertoki politikoan agertzeko behar den abal eta legitimaziorik, baina Europar lehengusu politikoek aurrerapausoa ematean, lotsak galdu eta harrokeriaz zein harrotasunez plazara atera dira.
Egia da Europan errotik moztu zirela faxismo kutsuko joera politikoen aukerak bigarren mundu gerratearen ondoren, eta han faxismoak gerra galdu egin zuela. Aldiz, Espainian, zoritxarrez, irabazi. Horrela, eltze berean nahastu dira krisi ekonomikoak jotakoen desesperantza, immigrazio (ez ahaztu) pobrearen iritsiera masiboa, berdintasunaren aldeko zein emakumearen eskubideen defentsaren sendotzeak eta ondorioz gizonezkoen rol historiko «heteropatriarkala» kuestionatzen duten politikak, Europar batasunarekiko mesfidantza, xenofobia, LGTBI kolektiboen azaleratzea… eta horri aurre egiteko naziotasun esklusiboaren aldarrikapena. Espainiaren kasuan dudarik ez dago: Katalunian azkenaldi honetan izan diren aldaketa eta pausoak kontrakoaren sua berpiztu du, eta beste geografia batzuetan sortu du, ondorioz, Espainiaren handitasun, batasun ukaezin eta bakarraren gorespen eta defentsa sutsua.
Beraz, lapiko horretan sortzen den saldak leku bakoitzean osagai batetik baino bestetik gehiago izango du, baina zapore antzekoa atzematen zaio. Zoritxarrez, badu lerrokatze politiko honek abantaila bat: ez dauka ezer galtzekorik, eta ziurtasunak erantzun zehatz eta dudabakoak eskaintzen ditu, ezkutaketa gabe. Horregatik, hausnarketa eta analisi politiko zein sozialean ahul, garratz edo jota dagoen askorentzat helduleku bikain bihur daiteke.
Edozein kasutan, euskal esparruan, aipatutako arrazoi guztiengatik deritzot aukera hori uxagarri dela erakargarri baino, eta ez diot errotze politikorik hurbilean behintzat ikusten.
Halere, Europari begira (sukarra bezala hau ere sintoma bat da), gaixoa non dagoen asmatu behar dugu. Gizartearen gogaitzea eta politikarekiko arrakalaren erantzuna bada ere, alternatiba ezin da hau izan.
Zoritxarrez, azkenaldi honetan geroz eta konplikatuago bihurtzen ari da demokraziaren, justizia sozialaren eta identitate anitzen aldarrikapena defendatzen jarraitzea. Baina oraindik ere bagaude borroka horrek merezi duela eta muturreko jarrera ezeztatzaileek ezin dutela gizartearen gidari izan sinesten dugunok. Geroak esango du.
(Puede haber caducado)