Gora egin du berriro EAEko herritarren kopuruak

Berria, 18-02-2006

erredakzioa – BILBO

2004. urtean alde egin zutenak baino 9.024 pertsona gehiago etorri ziren Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara. Datua 2003koekin alderatuz gero, 2004an %44ko igoera izan zen. Eustat estatistika erakundeak batu dituen datuen arabera, EAEn migrazio saldoa positiboa den segidako bosgarren urtea izan zen 2004a.

Lurraldeka, Bizkaiak 5.099 pertsona gehiago izan zituen 2004an. Zenbaki absolutuetan, beraz, migrazio saldo handiena izan zuen. Aurreko urtekoaren aldean kopurua %27 handiagoa izan zen. Arabak, berriz, 3.299 herritar gehiago ditu migrazioaren ondorioz; 2003koaren aldean, %47 gehiago. Gipuzkoak, azkenik, 626 pertsona gehiago izan zituen.

Langile atzerritarrak

Langile atzerritarren immigrazioari dagokionez, Espainiako dokumentaziorik gabe 13.563 pertsona etorri ziren hiru herrialdeotara, hau da, aurreko urtekoaren antzean (175 gutxiago), eta EAEko sarrera guztien %45 izan ziren. Eustatek nabarmendu duenez, 1988az geroztik 27 bider handitu da langile atzerritar horien etorrera. Izan ere, zenbaki absolutuetan, 500 sarrera ingurutik 13.563ra igo zen iaz.

Joan eta etorri zirenen titulu mailari dagokionez, apalenetakoak izan ziren etorkinen %51,25 eta joan egin zirenen %50,5; goi mailako tituluetan, ordea, joan egin zirenen %16,6 eta etorritakoen %18.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %8,5ek bizileku aldaketaren bat egin zuen 2004. urtean. Mugimendu horiek kasu gehienetan (%71,3) EAEko herrialdeen barruan izan zen. Guztira, 180.357 kasutan aldatu ziren 2004an ohiko bizilekuak: kopuru horretatik, 87.494 kasutan udalerrian bertan izan zen aldaketa; bai jatorria bai helmuga EAEko udalerrietan izan ziren mugimenduak, berriz, 41.231 izan zien. Era berean, EAE kanpotik 30.328 immigrazio izan ziren, eta erkidegotik kanpora emigratu zutenak azkenik, 21.304.