AMAIA OROZCO x MADRILGO UNIBERTSITATEKO EKONOMIA irakaslea
«Duen balioa eman behar dio gizarteak bizitza zaintzeari»
Berria, 18-02-2006JAKES GOIKOETXEA – DONOSTIA
Menpekotasunaren ekonomia hitzaldia eman zuen atzo Amaia Orozcok (Burgos, Espainia, 1977) Donostian, Plazandreok elkarteak zaintzari buruz antolatutako jardunaldietan.
Zein da Donostian eman duzun hitzaldiaren muina?
Zaintzea krisian dago eta sistema sozioekonomikoaren berrantolaketa osoa eskatzen du. Lehen zegoen lan banaketak porrot egin du eta berrantolatzen ari da. Lehen zegoen lan banaketa bidegabea zen, emakumeekin batez ere, ikusten ez diren lan guztiak ezartzen baitzizkien: ordainik ez duten zaintze lanak, esaterako. Lehen ikusezinak ziren lanetan ezkutatuta zeuden tentsioak azaleratzen ari dira. Porrot garaia da eta une garrantzitsua da feminismoarentzat, egoera aprobetxatu eta lan banaketa justuagoa lortzeko.
Zerk eragin du porrota?
Hainbat arrazoi daude: alde batetik, funtsezkoa da bizimoduaren prekarizazioa, horrek eragina baitu osasunean eta zaintza jasotzeko aukeran; bestetik, zaintzaren merkantilizazioa gertatzen ari da, geure beharrak merkatuen bidez asetzen baititugu, eta horrek arazoak sortzen ditu; horiez gain, zaintza moduak aldatzen ari dira; emakume askok ezin dute zaintzaz arduratu, etxetik kanpo lan egiten baitute; gizarte sareak galtzen ari dira eta indibidualismorako joera gero eta handiagoa da; eta jendea gero eta zaharragoa da.
Emakumeei ezarri zaie besteen zaintzaren ardura. Zama hori arintzen ari al dira?
Feminismoa oso garrantzitsua izan da, nabarmendu baitu emakumeen patua ez dela etxekoandrea edo zaintzailea izatea. Zama arintzen ari da, baina ezin diegu lan horiei uko egin, norbaitek egin behar baititu. Mendebaldeko klase ertaineko emakumeok lan horiek baztertzen baditugu, zer emakumek emakumeek egin beharko baitituzte egingo dituzte? Kontua da lan horiei duten balioa ematea eta lan horien funtsa, bizitza zaintzea, gizartearen funtzionamenduaren erdian jartzea.
Espainiako Gobernuak menpekotasunari buruz prestatu duen lege aurreproiektuak erantzungo al die premia horiei?
Legea sortu dute zerbait egin behar delako, azkar. Krisia erabatekoa da. Lege aurreproiektuaren arazoa da bertan zaintzarena ez dela sistema publikoa eta unibertsala. Lege honetan zerbitzuak pribatuak dira hasieratik eta bertan zerbitzu pribatu kontzertatuek duten garrantzia ez dute ez osasun sisteman, ez hezkuntza sisteman. Oraindik onartu ez denez, aukera dugu gure interesen aldekoa izateko. Dagoen bezala, beldurra ematen dit.
Legean zaintza zaintzaileen lan baldintza kaskarretan oinarrituko al da? Zaintzaren arloko enpresen etekinak langileen lan baldintza prekarioetan oinarrituta daude, legeak dioen arren lan baldintzak babestuko direla. Hori zalantzagarria da, are gehiago Bolkestein araua onartu ostean.
Emakume etorkinen lan baldintza kaskarretan oinarrituko al da zaintza etorkizunean?
Legeak zerbitzuaren zati bat ordaintzea aurreikusi du. Agian herritarrek zuzenean kontratatuko dituzte zaintzaileak, gehienetan emakume etorkinak, legeak aurreikusi baino merkeago, bi txakur txikiren truke.
Arazoa ez al da belaunaldi gazteen elkartasun falta zaharragoekiko?
Gaur egun indarrean dagoen pertsonaren autonomiaren eredua ezinezkoa da. Bereiztu egiten dira pertsona autonomoak eta menpekotasunen bat dutenak. Menpekotasunen bat dutenak negatibotzat hartzen dira, gizarteari egiten dioten ekarpena gutxietsi egiten da, eta haietaz arduratzea zama dela dirudi. Zama bada, baldintza jakin batzuetan. Gizatasunaren galera prozesua oso larria da. Guztiok dugu zaintzaren premia, egunero, bizitza guztian; ez bakarrik haurrak edo edadetuak garenean, baita orain ere. Pertsonaren autonomia osoaren eredua onartu dugu, baina eredu hori ezinezkoa da eta frustrazioa eta elkartasun falta eragiten ditu.