Immigrazioaren ondoriozko ezinegona
Berria, 10-05-2006Saul Landau
IRaKASLE, IDAZLE ETA ZINEMAGILEA
Aspaldi, buruz ikasten zuten ikasleek Emma Lazarusek Askatasunaren Estatuari idatzitako oda: «Eman iezazkidazue askatasuna arnasteko irrikan dauden zuen jende multzo nekatu, behartsu eta pilatuak, itsasertz jendetsuetako hondakin tristeak. Bidal iezazkidazue babesgabeak, ekaitzak mendean hartutakoak: nire zuzia altxatuko dut ate urreztatuaren ondoan». (Koloso berria).
Hitz horiek entzuten dira munduan; beraz, zergatik harritu edota sutu, propaganda hori sinetsi eta, hona etortzeagatik, behartsuek bizia arriskatzen dutelako? Azken finean, globalizazioaren sustatzaileek Bill Clinton presidente ohiak eta The New York Times egunkariko Tom Friedman zutabegileak besteak beste puztu egiten dituzte, oraindik, gure herrialdearen eta horren muga irekien abantailak kapital eta produktuentzat bakarrik dira horiek. Produktuak egiteko, kapitalak erabiltzen duen jendearentzat ere balio behar luke horrek. Zoritxarrez, baina, kapitalak ez die nahi soldata duinik ordaindu, ez du nahi Hirugarren Mundua inbertitu; beraz, familia aurrera ateratzeko etortzen da jendea hona.
Hori guztia onartu beharrean, immigrazioak eragiten duen aldiroko eztabaidetako klixeetara jotzen dute iruzurtiek: «Legea bete eta joan egin beharko lukete horiek (legez kanpoko etorkinek, beltzak gehienak), zergadunen kontura bizitzeari utzi».
Legea? Eguneroko txostenek zehazten dutenez, Gobernuak elektronika bidez espiatzen gaitu, Al Kaedako ustezko agenteak bahitzen ditu, eta legeria kontuan hartu gabe hiltzen ditu irakiarrak. Oliobide bat eraikitzeagatik Halliburtonek ehunka milioi dolar jasotzen dituela jakin dugu, geologoek ezin eraiki zitekeela esan bazuten ere. Zein dira guk errespetatu beharreko legeak? Zein Bushek urratu beharrekoak?
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna berretsi zuten AEB Ameriketako Estatu Batuek. Itun horren 26. artikuluaren arabera, «berdinak gara denok legearen aurrean». Era berean, debekatu egiten du itun horrek arraza eta jatorria diskriminazio iturri gisa erabiltzea.
Legeak? AEBak gerraren edo mehatxuaren bidez egin dira beren lurraldearen zatirik handienaren jabe. XX. mendearen erditik aurrera, legez kanpo inbaditu zituzten hainbat herrialde, Kuba, Dominikar Errepublika eta Panama, besteak beste; Irango, Guatemalako eta Txileko gobernuak erorarazi zituzten; Jamaikako, Kanputxeako eta Nikaraguakoak ezegonkortu, eta Trujillo, Lumumba eta Castro hiltzen saiatu ziren, Dominikar Errepublikan, Kongon eta Kuban, hurrenez hurren. Azken urteotan, berriz, bahitu eta torturatu egin ditu Bushen gobernuak «ustezko terroristak». Eskuak bihurritu edo errealitatea ukatzen dute legearen zaleek, baina immigrazioaren inguruko auziak neurriak eskatzen ditu.
Ehunka milaka estatubatuarrek behar baino diru gutxiago ordaintzen diete beren seme-alabak zaindu, edota etxe eta bulegoak garbitzen dizkieten emakumeei eta, hala ere, sutan jartzen dira «etorkinek soldatak jaitsarazten dituztelako» eta «zergadunen dirua sasiko seme-alabak hezteko edota horien ospitaleratzea ordaintzeko erabiltzen delako».
1994an, legez kanpoko etorkinei gizarte, osasun eta hezkuntza zerbitzuak ukatzea helburu zuen 187 proposamenari esker erabili zuten argudio hori. Onartu egin zuten proposamena eta, ondorioz, gezurtatu egin zuten Lazarusen ideia. Pobreziarekin eta alferkeriarekin identifikatu zituen jendeak nekatu, behartsu eta pilatuak.
Auzitegiek proposamena Konstituzioaren kontrakoa zela esan bazuten ere, itzuli egin da hura bultzatu zuen espiritu gaiztoa. Irratsaioetan, «jende hori» hiltzeko eskatzen dute ia esatariek. Legea, moralitatea, abertzaletasuna eta Jainkoa dituzte argudio, mugaz beste aldeko mexikarrak han mantentzeko.
Hala eta guztiz ere, arrazak etengabe mugitzen direla erakusten du historiak. Azken finean, garapen konbinatu eta gorabeheratsuaren eta giza migrazio etengabearen laburpena da historia. Milioika eta milioika etorkin ari dira Golkoko estatu petroliodunetan lanean. Europan lan egiten saiatzen dira beste batzuk, eta milioika eta milioika kanpotarrek jarduten dute AEBetan eta Kanadan. Pobreziatik aberastasun iturrietara jotzen du jendeak, noski.
Hainbat mendean, lehen heldutako immigranteek mugak jarri zizkieten «agindutako lurrean» kokatu nahi zutenei. Garai batean, irlandarrak at uzten saiatu ziren ingelesen ondorengoak; era berean, italiarrei jarri zizkieten eragozpenak irlandarrek. Ironikoa bada ere, paperik gabeko etorkinei laguntza ematea delitu federal bost urterainoko kartzela zigorra izango lukebihurtzen duen lege proiektua du Coloradoko biltzarkide errepublikano Tom Tancredok, haren arbasoak Italiatik etorri baziren ere.
Hauxe esan zuen Hillary Clinton senatariak (New Yorkeko senatari demokrata): «Hori ez dator bat Bibliari buruzko nire interpretazioarekin; izan ere, samariar ona gaizkile bihurtuko luke lege proiektu horrek, baita Jesus bera ere, segur aski». Hala ere, onartu egin zuen Clintonek goi teknologiako hesi bat, ehunka metrora zegoen jendea antzematen zuena, pixkanaka-pixkanaka hurbilduz zihoana, eta etorkinak urrun mantentzeko (New York Daily News, apirilaren 23a).
Segurtasun nazionala izan zen aitzakia 80ko hamarkadaren hasieran, Monterreyko badiako (Kalifornia) errefuxiatu vietnamdarrak tokiko arrantzaleen lekua hartzen hasi zirenean. Horri erantzuteko, lege bat onartu zuen Kongresuak; horren arabera, itsasertzetik 25 miliatara egin behar zuten arrantza herritar ez zirenek segurtasun arrazoiak zirela eta. Horrek erabat kentzen zien Asiatik iritsi berriei bizimodua ateratzeko aukera.
Horren aurretik, japoniarrak ere beste hainbat lege baztertzaile jasan behar izan zituzten. XX. mendearen hasieran, japoniarren immigrazioaren aurkako 1907ko murrizketa pairatu zuten, horien aurkako indarkeriaren aurretik. Ekonomiari dagokionez, bertakoak baino eraginkorragoak izaten hasiak ziren japoniarrak.
Monterreyko Txinako arrantzaleek jasan zuten lehenik «immigrazioaren ondoriozko sindrome» hori. Haien arrantza teknikak arrakastatsuak zirenez, handik bota zitzaten exijitu zuten arrantzale italo-amerikarrek. Txinatarrek gauez harrapatzen zuten txipiroia, italiarrei trabarik ez egiteko. Txinatarrak bazter uzteko 1882ko legeak beste zerbaitean jardutera edo alde egitera behartu zituen txinatarrak. Kalifornian inork asiarren aurkako neurri horien atzeko arrazoia ulertu ez balu, argitu egin zuen hori 1905ean San Frantziskoko Hezkuntza Batzordeak: «Mongoliako arrazako ikasleekin harremanetan egoteak ez du aldatu behar, inolaz ere, gure seme-alaben iritzia».
Arrazakeria dakar lehia ekonomikoan edo lanpostu murriztean oinarritutako izuak. Espero dezagun hezkuntza batzordeek lotura hilkor horren aurka egitea, migrazioa historiaren arrazoi nagusia dela erakutsiz, horma, hesi edo lege txoroen bidez ezin ezaba daitekeela. Migrazioaren historia da giza historia. Lotsagarria da apirilaren 26an Senatuak Irakeko funtsetatik ia bi milioi dolar «mugetako kontroletarako» transferitu izana. Horrela egin nahi al dute Ipar Amerikako kulturaren, aberastasunaren eta askatasunaren publizitatea? Etorkinek sortu zuten herrialdea, eta horiek aberastu dute ordutik. Etor daitezela!
Erredakzioan itzulia
(Puede haber caducado)