Gizarte eragileek immigrazio xedea salatuko dute larunbatean

Frantziako Asanbladak atzo bozkatu behar zuen testua, baina gaur edo biharko uztea deliberatu du eztabaida sakontzeko

Berria, 10-05-2006

aitor renteria – BAIONA

Gurpildun besaulki batean dabil Ahmed Moufek. Bigarren belaunaldiko etorkina da. Larria deritzo Nicolas Sarkozyren xedeari eta oraingoan etorkinak karrikan salatuko dutela dio.

Golkoko gerraren garaian etorkin gutxi zeuden manifestazioetan. Uste duzu orain mugituko direla?

Arazorik handiena informaziorik eza da. Etorkin gehienei ez zaie batere axola Frantziako Parlamentuan erabakitzen dutena, baldintza aski bortitzak bizi dituztelako egunerokoan. Baina lege hau ez da bertze lege bat. Lege honen bidez edozein egunetan kanpora ditzakete, edozein arrazoi argudiatuz. Informazio hori zabaldu behar dugu eta hori lortzen dugun heinean etorkinak karrikan izanen dira Sarkozyren xedea salatzeko.

Nola eginen duzue informazio lana?

Hedabideetan ez dugu baliabide handirik. Joan den ostiralean mezkitan egon nintzen. Han ez da politikarik egiten baina atera ginelarik Sarkozyren xedearen berri eman nien jendeei. Ez zekiten fitsik. Neska musulmanen taldea ere badago. Bakoitzak bere aldetik jotzeko ohitura handiagoa dute gizonek. Neskek, aldiz, familiaren baitan eragin handiagoa dute. Emazteen bidez pasatzen bada informazioa, guztiak mugituko dira. Ziur naiz, oraingoan musulmanak karrikan izanen dira xedea salatzeko. Anitz dago jokoan, familia osoaren etorkizuna.

Zergatik oraingoan bai eta ez bertze egoera batzuetan?

Kolonialismoaren trauma dugu oraindik etorkinek. Pentsatzen dugu karrikara ateratzen bagara, Renseignement Generaux – ko poliziaren batek ikusten bagaitu agiriak kenduko dizkigutela. Ulertu behar dute ez ditugula ebatsi agiri horiek, gure lanaren ondorioz, eskubide hori lortu dugula. Lege honek familiak bereiz ditzake, orain arteko eskubideak kendu eta kanporatu. «Arabiar telefonoa» euskaldunen txalaparta baino indartsuagoa da. Familiek lotura sendoak dituzte eta erabakitzen badute protesta egitea, denak izanen dira karrikan.

Euskal Kostaldeko Musulmanen elkarteko kidea zara. Urte luzetan mezkita eskatu duzue baina ezezko erantzuna jaso. Horrek ukanen du eraginik mobilizazioan?

Lehen aipatu dut kolonietako etorkinaren sindromea. Gure eskubideak eskatu ditugu baina xume abantzu herabe. Jean Grenet Baionako auzapez eta diputatuak mezkita egiteko egoitza utziko zigula erran digu behin eta berriz. Deusik ez dugula ukanen erran digu berriki mespretxu handiz. Arrazoi handi bat da mobilizatzeko.

Etorkin berriek frantsesera jakin beharko dute agiriak lortzeko. Zer iruditzen zaizu?

Tokiko kulturari errespetua eta irekidura adieraztea normala da. Baina legea egin duen diputatuak ere ba ote daki frantseseraz idazten akatsik egin gabe? Non eta nork jarriko du ezagutzen heina? Integrazioaren mitoarekin egiten dugu topo. Ni etorkin familia batekoa naiz, gurasoekin etorri nintzen. Arazoa ez da nehon integratzea, elkarrekin bizitzea baizik. Bertzeen kultura eta hizkuntzak errespetatu behar dira, ikasi. Baina ezin da onartu norbaitek epaitzea hori aski den edo borondaterik eza adierazten duen. Etorkinen eta hausleen nahasketa egin duten bezala, frantses onaren irudi faltsua saldu nahi diete etorkinei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)