Sorlekutik ihes egin dutenen gomuta

'Inor ez da ilegala' lelopean elkartuko dira gaur Gernikan, Busturialdeko Harrera Taldeak deituta. Migratzaile askoren babesa dira

Berria, Uxue Gutierrez Lorenzo, 22-12-2018

Memoria ariketa bat proposatu die herritarrei Busturialdeko Harrera Taldeak. Atzoko eta gaurko migratzaileak batu dituzte; Euskal Herritik behinola alde egin behar izan zutenak eta miseriatik ihesi orain bertara heldutakoak. 1937ko apirilaren 27ra egin dute salto, berria ez den auzia gogora ekarriz. Gernika-Lumo (Bizkaia) bonbardatu zuten egun hartan, herria suntsituta geratu zen, eta askok alde egin behar izan zuten, etxetik urrun. «Frantziara, Mexikora, Venezuelara… Ihes egin behar izan zuten eta herrialde horietan ateak ireki zizkieten gure aitona-amonei. Harrera horregatik izan ez balitz, gu ez ginateke hemen egongo. Askotan ahaztu egiten zaigu hori». Busturialdeko Harrera Taldeko kide da Nerea Zarandona, eta zortzi hamarkada atzera egin du migrazioa ez dela berria gogorarazteko. Igandean egin zuten omenaldia, Gernikan bertan. Juntetxearen parean batu zituzten errealitate beraren bi lekukotzak: Gernikara heldu berri diren migratzaileak eta bonbardatzearen ondoren atzerrira joandakoak. Inor ez dela ilegala aldarrikatu zuten omenaldian; era berean, gosari solidarioa eta mobilizazio zaratatsu bat egingo dituzte gaur.

Azken hilabeteetan gora egin du Euskal Herrira babes bila etorri diren andre eta gizonen kopuruak. Une honetan dozena bat gizonezko afrikar daude Gernikako Eztena gune autogestionatuan bizitzen, Busturialdeko Harrera Taldeak lagunduta. Horietako bat da Tamsir Ndoye senegaldarra. Bi hilabete daramatza herrian, eta orain urte eta erdi abiatu zuen bidea. Parte hartu zuen igandeko omenaldian. «Hona arteko bidea ez da erraza izan: Senegal, Maroko, Malaga [Espainia], Gernika», azaldu du. Ndoyerekin batera bizi da Eztenan Omar Conde, Gineako gaztea. Hamarkada bat igaro da etxetik alde egin zuenetik eta hamarretik gora herrialde zeharkatu ditu bidean. Torturak, atxiloketak, gerra, gosetea… Denetarik bizi izan du Condek, eta aitaren heriotzari ere aurre egin behar izan dio sorterritik urrun. Bi urte eman zituen familiarekin harremanetan jarri ezinik; baina, orain, Gernikan zoriontsu dela dio. Hala ere, aitortu du ez lukeela berriz horrelakorik egingo. Izan ere, Euskal Herrian ere papergabe bat da; egoera zailean dago. «Guk beti bidaiaren azken zatia ikusten dugu, Marokotik hona iristeko itsasoa gurutzatzen dutenean. Horren aurretik ere asko sufritzen dute», ohartarazi du Zarandonak. Pairaturiko sufrimenduaren ondoren, pozik daude orain Euskal Herrian jaso duten harrerarekin. Bizilagunen aldetik, behintzat, oparoa da.

Hala ere, trabek ez dute etenik. Administratiboki, «ilegalak» dira oraindik. Pasaportearen faltan, erroldatzerik ez dute. Ondorioz, ezinezkoa da eurentzat lan kontratu bat lortzea. Horrela, heldu berriek gaitz dute bizi proiektu berri bat eraikitzea. «Nire plana hemen geratzea da, baina arazoak ditugu dokumentazioarekin. Hemen ez dugu Gineako enbaxadarik, eta Parisera joan beharko genuke agiriaren bila», azaldu du Condek. Bidaian emandako urteetan ere beti izan du Polizia atzetik, pasaportea falta zuela eta. Zarandonak ere egoera berretsi du: «Eztenan dauden guztiak pasaporterik gabe daude, eta horixe da topatzen duten aurreneko oztopoa. Gineako herritarren kasuan bereziki gaitza da pasaportea lortzea. Istiluak daude egunero, eta gerra egoeran ez du ezerk funtzionatzen». Gainera, 200 euro inguruko kostua du pasaportea eskuratzeak.

Agirietan dago gakoa. «Paperik gabe ez zara inor», dio Condek. Eta horri ere heldu diote harrera taldeko kideek. Zarandonak ideia hori indartu du, eta ardura erakundeen gain jarri du: «Harrera integrala eskatzen diegu,

Harrera integrala, eskari

Oztopoak oztopo, Inor ez da ilegala leloa darabilte Busturialdeko Harrera Taldeko kideek. Eta ez dira ideia hori indartu duten bakarrak. Orain, sakabanatu egin da harrera sarea Bizkaian barrena, baina uda Bilbon eman zuten etorkin askok. Orduan, auzorik auzo ibili ziren hainbat migratzaile afrikar. Urrian bukatu zen Bilboko harrera auzoen esperientzia, eta lekuko hartu zioten inguruko herriek. Zarandonak azaldu duenez, egiteko nagusia « sare afektiboa» eskaintzea da. «Denbora eman nahi diegu euren bidea nola jarraitu nahi duten pentsa dezaten. Ihesi zabiltzanean ez duzu horretarako aukerarik». Bitartean, salaketarekin jarraitzen dute: «Erakundeei dagokie pausoa ematea; guk mozio batzuk aurkeztu ditugu zenbait udaletan».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)