Irungo pasatzaile bati hiru hileko zigorra ezarri diote

Berria, , 22-12-2018

BAIONA. 45 urteko gizon bati hiru hilabeteko zigorra ezarri dio asteon Baionako epaitegi batek, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan pertsonen trafikoan aritzeagatik. Bost urtez Frantziako Estatuan sartzea ere debekatu dio. Irungo bizilaguna da pasatzailea. Abendu hasieran atzeman zuten, Biriatuko mendi errepide batean, ibilgailuan zortzi migratzaile zeramatzala; paperik ez zeukaten etorkinek, trantsituan zeuden. 240 euro ere aurkitu zizkioten autoan; etorkinek jakinarazi zuten bakoitzari 30 euro eskatu zizkiela Irundik mugaren bestaldera eramateagatik.

Epaiketan zehar, gizonak ukatu egin ditu egotzi dizkioten delituak: esan du ez zekiela garraiatutako pertsonak papergabeak zirela, eta Iruñera eraman behar zituela, baina bidez erratu zela. Ikerketak, ordea, agerian utzi du muga zazpi aldiz gurutzatu zuela astebetean, beti ilundu eta gero, eta ibilbidea Donibane Lohizuneko autobus geltokian amaitzen zuela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)