Mezu xenofoboen aurrean «batasunez» jokatzera deitu du Iñigo Urkulluk
Mezu xenofoboen aurrean «batasunez» jokatzera deitu du Iñigo Urkulluk
Berria, , 19-12-2018«Migrazioa egiturazko errealitate bat da munduan, Europan eta Euskadin. Erantzun egokia ematea obligazio bat da barne zein Europako zuzenbidean, baita zuzenbide humanitarioan zein giza eskubideei buruzko zuzenbidean ere». Esaldi horrekin abiatu du Eusko Jaurlaritzak Jaso nahiko genukeena eskaintzea dokumentua, migrazioari buruzko itun sozialerako proposamena. Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztu zuen atzo, migratzaileen nazioarteko egunean, Gasteizen. Hamar konpromiso jaso dituzte; tartean, mezu xenofoboei aurre egiteko «batasun soziala eta politikoa» lantzea. «Migrazioen erronkari batasunez eta elkartasunez erantzuten jakin du Euskadik orain arte, baina ez gaude populismo xenofoboaren mehatxutik libre», ohartarazi zuen Urkulluk.
Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Jonan Fernandez Giza Eskubide eta Bizikidetzarako idazkari nagusia izan zituen alboan lehendakariak, haien lantaldeetan landuko baitute idatzia. Migrazioari buruz duela sei urte proposatutako ituna egokitu nahi du Jaurlaritzak, kontuan hartuz, besteak beste, trantsituan dauden migratzaileak, asilo eskatzaileak eta bakarrik dauden adingabeak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzio publikoekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin eztabaidatu nahi dute orain dokumentua, ekainera bitarte.
Immigrazioaren beharra
Hiru premisa ditu oinarrian agiriak. Batetik, aniztasuna. «Dibertsitatea funtsezkoa da gure historian eta nortasun kolektiboan. Beste kultura eta jatorri batzuetako pertsonei irekitako euskal gizartea defendatzen dugu». Bestetik, elkartasuna. «Migrazioaren erronka berriak interpelazio etikoak dira, eta horrek elkartasuna, diskriminazio eza eta etorkinen zein bertokoen eskubide eta obligazioak parekatu beharra eskatzen du». Azkenik, ikuspegi pragmatikoa. «Euskal gizarteak immigrazioa behar du, lanaren eta demografiaren inguruko beharrizanei erantzun ahal izateko. Ondorengo hamarkadetako hazkundeari dagokionez, immigrazioa onerako izango da, eta guk aukera gisa helduko diogu».
Ildo horretan, bizikidetza, kohesioa, hezkuntza, lankidetza edota berdintasuna lantzeko aukera moduan ikusi dute immigrazioa. Euskarari ere erreparatu diote: «Gizarte hartzaileko hizkuntzak ikastearen alde egiten dugu, migratzaileen integraziorako eta egokitzapenerako funtsezko faktore gisa. Beraz, horretarako behar diren bitartekoak ahalbidetu behar dira».
Konpromisoen artean jaso dute asilo eskatzaileen eta errefuxiatuen harrera eta integrazioa «kuantitatiboki eta kualitatiboki hobetzea», eta migratzaile kalteberei eta trantsituan daudenei «erantzun humanitario egokia» ematea. «Immigrazio erregularizaturako aukerak» zabaltzeko bideak sustatzea ere aipatu dute, eta seniderik gabeko etorkin adingabeei «erantzun partekatua, bidezkoa eta egokia» eskaintzea. Jatorrizko herrialdeetan jardun beharraz ere aritu dira.
(Puede haber caducado)