Osasuntsu egon arren, gabezia sozialak dituzte immigranteek

Munduko Medikuek eta EHUko adituek langile atzerritarren osasuna aztertu dute, agintariak haien gabezia eta premiez ohartu daitezen

Berria, 09-05-2006

erredakzioa – BILBO

Fisikoki osasun arazo nabarmenak pairatzen ez badituzte ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren langile atzerritarrek gabeziak izaten dituzte osasun mentalean eta giza harremanetan. Ondorio hori atera dute immigranteen osasunaz azterketa egin duten EHUko eta Munduko Medikuak elkarteko adituek. Elena Rodriguez EHUko Komunitate Osasunaren katedraduna eta azterketaren zuzendariak txostena bera eta horren emaitzak aurkeztu ditu Bilbon, EAEn bizi diren immigrante taldeen osasun epidemiologiaz egiten ari diren jardunaldietan.

Herritarrok osasun zentroetako eta zerbitzuetako lan ikuspegiak aldaraziko dituztela iragarri du Rodriguezek. Izan ere, sorterritik zenbait gaixotasun ekarri dituzte, Euskal Herrian aspaldi desagertu zirelako gaur egun Medikuntza Fakultatean ikasten ez direnak. Azterketa egin dute egoera zein den ikusi eta dagoenaz osasun agintariak ohartarazteko.«Beraiei dagokie osasun sistemaren gaineko plangintza egitea eta, jaso ditugun emaitzak kontuan hartuta, argi dago plangintza horiek guztiak erabiltzaile berri hauen premietara moldatzen hasi beharko direla».Herritarron osasun arreta bermatzerakoan ere arazoak izaten direla azaldu du Rodriguezek. Ez bakarrik hizkuntzarekin arazoak izaten dituztelako, baita osasunaz eta horren zaintzaz bestelako ikuspegiak dituztelako ere. Beraiek azterketa hutsa egin dutela esan du, ez dutela ez ezer ez inor epaitu.Ikusi dutenez, langile atzerritarrak gutxitan eta benetan gaixorik daudenean joaten dira medikuarengana. «Izango da agian sorterrian ezagutu dituzten osasun sareak behar bezala egituratu gabeak zirelako. Halaber, immigranteak lan egitera etorri dira gurera, eta medikuarengana joateagatik huts egiten duten egun bakoitza galdutako eguna izaten da haientzat».Datu ofizialen arabera, EAEko hiru herrialdeetan 70.000 langile atzerritar inguru bizi dira osasun txartela dutenak eta, beraz, Osakidetzako arretak jasotzen dituztenak. Gainerakoak, edo larrialdi zerbitzuetara edo Munduko Medikuak elkartearen egoitzara joan ohi dira.Jose Ramon Elorriaga Bizkaiko Osasun zuzendariak, bestalde, nabarmendu du herritarrok ikuspegi oso bestelakoak dituztela ez bakarrik osasunaz, baita osatzeaz eta heriotzaz ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)