BERTAN
“Gure kaleak koloretsuak izango dira beti eta horretarako elkarbizitza sustatu behar da”
Migrazioaren gaia eguneroko ogia bihurtu da eta “elkar ezagutzea” beharrezkoa dela uste du Ainara Ormaetxea Ordiziako migrazio teknikariak
Diario de noticias de Gipuzkoa, , 29-11-2018ORDIZIA- Inoiz baino aniztasun gehiago dago gaur egungo gizartean eta migrazioak zerikusi zuzena horretan. Ordizian, esaterako, urteak darama-tzate gaia lantzen eta kanpotik etor-tzen diren pertsonei bide eta baliabideak jartzen herrian eta herritarrekin ahalik eta modu erraz eta naturalenean integratu daitezen.
Migrazioa mahai gainean dagoen gaia da. Zuk urte asko daramatzazu migrazio teknikari bezala, baino noiz hasi zinen?
-Hasieran Goiekin hasi nintzen lanean, eta bertan ikuspegi zabal bat lortu nuen migrazioaren inguruan. 2011an, ordea, Ordizian hasi nintzen lanean. Orduan nahiko zailtasun izan genituen, ez genekielako nola kudeatu iristen ziren migratzaile kopurua. Hala ere, urte hauetan egoera aldatu egin dela esango nuke.
Zergatik?
-Hizkuntzak, kulturak, erlijioa… askoz ere aniztasun gehiago dago. Guretzako ezezaguna zen kanpoko jendea izatea herrian eta haiek ere arrotz sentitzen ziren. Orain nik uste begirada ohitu zaigula kanpoko jendea ikustera, beste ohitura batzuk… gainera, lehen iruditzen zitzaigun momentuko zerbait zela, baina argi dago orain fenomeno global bat dela.
Azkenean, ordiziar berriak bihurtu dira asko eta asko.
-Dudarik gabe herritar berriak dira eta denon artean eraiki behar dugu gizarte berri bat.
Ordizian, bereziki altua da migrazio kopurua.
-Bai, proportzioan, Euskadin etorkin gehien dituen herria da Ordizia.
Eta horren arrazoia zein dela uste duzu?
-Alde batetik etxebizitzak daudelako, agian inguruan daudenak baino eskuragarriago. Horrek herri baterako sarrera asko errazten du. Bestetik, sareak. Hemen bizi direnak aipatzen dute orokorrean gustura daudela, eta horrek ere eragina du, noski. Azken finean herriko dinamiketan daude, hainbat programetan parte hartzen dute herrian txertatzeko.
Txikitatik jaso behar da migrazioaren inguruko informazioa eta heziketa. Ordizian ere egiten da zerbait alde horretatik?
-Oraintxe bertan programa berri bat daukagu martxan Jakintza eta Urdanetan. Ongi etorri eskolara deitzen da eta lehenengo fasean gaude. Bertan, ikasleen eta haien familien inguruko informazioa biltzen dugu, zein ezaugarri dituzten jakiteko. Bigarren fasea datorren ikasturtean hasiko da eta bertan hemengo familia bat eta kanpoko bat elkartuko ditugu, non hemengoak enbaxadore lanak egingo dituen. Hala, zubi bihurtuko dira eta laguntza eskainiko die kanpoko familiari eguneroko bizitzan herriko dinamikan integratzeko. Alderdi komunitarioan ere laguntza emango die, adibidez, herriko festen inguruko egun garrantzitsuetan zer egiten den kontatuz, hemengo ohituren garrantzien berri emanez…
Hori bera integratzeko bide bat izango da, ezta?
-Bai, era berean zurrumurruei aurre egiteko ere balio du, eta besteek egunero dituzten zailtasunez ere ohartuko gara. Ordizia Kolore egitasmoak ere helburu hori du, beste lurraldeetako eta hemengoen artean ezagutzarako guneak sortzea, hala nola, kultur topaketak, eskoletan beraien herrien inguruko hitzaldiak ematea, herriko ekitaldietan parte hartzea… Azkenean gure kaleak koloretsuak izango dira beti, eta horretarako elkarbizitza sustatzea da oinarria.
Orokorrean ezjakintasun handia dagoela uste duzu?
-Ikaragarria. Oraindik ere distantzia mantetzen dugu ezezagunarekin, bakarrik beste herrialde batekoak direlako. Beste herri batean jaiotakoak dira, bai, baina ordiziarrak. Gure herriaren parte dira eta elkar ezagu-tzea da gakoa. Norberak ikusi beharko du ea bera ez den itxia eta ea ez dagoen aurreiritziz josita. Horiek elkar ezagutzearekin aldenduko dira bakarrik;modu parekide batean, bakoitzak bere ezaugarriekin zubiak sortu behar ditugu elkarbizitza hobe baterako.
(Puede haber caducado)