MIGRAZIO POLITIKAK
«Arrazakeria instituzionala» salatu dute, mugako kanporaketen harira
SOS Arrazakeriak Irunen aurkeztu du aurten urteko jarduna biltzen duen txostena, Lapurdira bidean diren migratzaileen kanporaketa legez kanpokoak salatzeko. «Aurreikuspen» falta dute migratzaileen artan izan diren gabezien ziotzat
Berria, , 29-11-2018Uda osoan bolo-bolo ibili da Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan, Irunen, Polizia kontrolen itzal luzea. Migratzaile asko geratu dira bidean aurrera egin ezinik, kanporatu egin dituzte, eta hainbat erakundek salatu dute legezko prozedura egokirik gabeko kanporatzeak izan direla horietako asko. Horiek horrela, bidean ainguratuta geratu diren migratzaile askoren abaroa ere izan da Irun; herritarrek osatutako sare trinko bat eratu da haiei laguntzeko. Horiek horrela, Irun hautatu zuten atzo SOS Arrazakeriako kideek urteko txostena aurkezteko. Espainiako Estatu mailako txostena izaten da, arrazakeriarekin lotutako salaketen eta kexuen berri emateko, baina mugan jazotzen ari diren arazoek aparteko tokia izan zuten agerraldian. Finean, jokaera horien atzean «arrazakeria instituzionala» egotea deitoratu zuen SOS Arrazakeriako ordezkari Mikel Mazkiaranek. Europako Batasunak Schengen eremurako —mugarik gabeko espazioa behar luke— ezarrita dituen arauak halakoekin guztiz urratzen direla azaldu zuen: «Legez kanpokoak dira; inor ere ezin da kanporatu gutxieneko prozedura bat martxan ipini gabe». Mugan ezarririko kontroletan, gainera, «soslai etnikoaren» araberako irizpideak betetzen dituztela salatu zuen.
Espainiak eta Frantziak badute mugako kanporatzeak legez egitea ahalbidetzen duen hitzarmen bat —Malagako ituna—; baina migratzaileen artaz arduratzen diren erakundeen arabera, hori zenbaitetan erabiltzen bada ere, ohiko bihurtu dira hilabeteotan «inolako prozedurarik gabe» egindako kanporatzeak. «Irudiak ere ikusi ditugu»; hain justu, badira bideoak erakusten dutenak migratzaileak nola eramaten dituzten Irunera furgonetatan; Lapurdiko aldetik ekarri, eta hantxe uzten dituzte. Datuak lausoak direla onartu arren, iaz Euskal Herrian —Lapurdi eta Gipuzkoa artean— eta Herrialde Katalanetan —Katalunia eta Ipar Katalunia artean— mugan egindako 9.000 kanporaketa inguru egin zirela esan zuen Mazkiaranek; aurten, jada kopuru hori gainditu da. «Espainiako Barne Ministerioa esaten ari da mugako kanporatzeak kasu bakanak direla; ez dira kasu bakanak. Hainbat polizia sindikaturen arabera, orduan 10-15 ere egin dituzte».
Mugako auzi «arazotsu» horiek presente izan ziren Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Jesus Lozak eta Pirinio Atlantikoetako prefet Gilbert Payetek astearte honetan izan duten bileran. Prentsa ohar batean eman zuen Lozak topaketaren berri, eta bi buruzagiak bat datozela esan zuen: «pertsonen duintasuna» errespetatuta erantzun nahi diote arazoari. Aurrera urratsak badirela esan zuen, gainera; Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak eta Frantziako Gobernuko Barne ministro Christophe Castanerrek hilaren 12an gaiari buruzko bilera bat egin zutela gogorarazi zuen, eta «hobekuntzak» ekarri dituela horrek.
Gutxienekoa
SOS Arrazakeriak ez du adierazpen horietatik ondorio baikorregirik atera. «Bi gobernuen arteko elkarrizketen esparruaren barruan ulertu behar da bilera hori», azaldu zuen Mazkiaranek. «Duintasunarekin artatuko direla pertsona horiek? Oinarri-oinarrizko zerbait da hori. Inori ez litzaioke bururatuko duintasunik gabe tratatzea».
Gobernuen partetik jarrera ausartagoa nahi lukete. Arazoaren zuztarrera begira ikusi nahi lituzkete: mugan egiten diren kontrolen izaera bera arbuiatzen. «Ez da baliabide gehiago behar; ez da baliabide kontua. Auzitan jarri behar dira kontrolak: kontrol horiek», esan zuen Mazkiaranek. Baina ez dituzte horretan ikusten: «Ez dute nahi Frantziarekin inolako arazorik sortzea». Kontrolak legez kanpokoak badira ere, argi dute zaila dela legez horien kontra egitea; migratzaileek beren bidea segitzean izaten dute, batez ere, gogoa. Hor dute lehentasuna.
Sarea
Euskal Herriko toki askotan igarri da udan migratzaileak ugaritu direla, eta haiei arta emateko zerbitzuak «eskas» antzeman dituzte usu SOS Arrazakerian. Migrazio fluxuekin lotutakoak maiz «iragartzen zailak» direla onartu zuen Mazkiaranek, baina egin zitekeela gehiago instituzioen partetik. «Atzerago ibili dira gehienetan; eguneroko martxan, lubakietan, daudenek egiten dituzten aldarriak baino atzerago». Baliabide falta bainoago, «arintasun» falta ikusi dute jendea zerbitzuetara bideratzeko orduan. «Adingabeen kasuan ere, haien adingabe izaera lehenetsi behar litzateke; askotan, ordea, migratzaile gisara hartzen dira, batez ere. Ikuspegi hori aldatzea nahi dugu». Bidean umeekin doazen andre migratzaileak ere bereziki «kalteberak» direla oroitarazi zuen. Sentitu dute hor ere gabezia. «Aparteko arriskua dute andreen salerosketa sareetan erortzeko. Harrigarria da instituzioek hori saiheste aldera ez ematea erantzunik». Baliabide «espezializatuak» eskatu dituzte halakoetarako.
(Puede haber caducado)