Migratzaileen exodoa. Romelia Cel. Iheslaria
«Pobrea naiz. Horrexegatik egin dut alde Guatemalatik»
Houstonen bizi den semearengana doa Cel. Karabana guztia elkartzeko zain daudela dio, zer egin erabakitzeko: «Bidea elkarrekin egin dugu, eta erabakia ere elkarrekin hartu behar dugu».
Berria, , 16-11-2018Hesiaren aurrean iheslariek ezarritako kanpalekuan dago Romelia Cel —40 urte ditu—. Edi Gabril Paz 22 urteko semearekin hasi zuen karabana, eta herenegun eguerdian iritsi zen Tijuanara. Guatemalako Cuilapa herria izan zen hilabete luzeko zeharkaldiaren abiapuntua. «Guadalajaratik hona autobusez etorri ginen». Harresia ikustean «pena» sentitu duela esan du. Orain, karabanaren zain daude, aurrerantzean zer egin elkarrekin erabakitzeko: «Elkarrekin egin dugu bidea, eta elkarrekin erabaki behar dugu».
Zergatik ihes egin duen galdetu, eta erantzun sendoa eman dio: «Pobrea naiz. Horrexegatik egin dut alde Guatemalatik». Jaioterrian taco-ak eta enchilada-k saltzen zituen Celek: «Goizeko hiruretan esnatzen nintzen jakiak prestatzera, eta goizeko hamaikak aldera ateratzen nintzen kalera saltzera, arratsaldeko hirurak arte». Igandean ere atera behar izaten zuen kalera; izan ere, egun onetan eskuratzen zituen 250 ketzalak (29 euro) ez ziren aski etxean zituen lau seme-alaben bizimodua aurrera ateratzeko.
Edi Gabrielez gain, hiru alaba ditu: Beatriz (20), Gladys (17) eta Holeidi (15). Alabek eskolara joan aurretik laguntzen zioten amari, eta orain etxetxo batean geratu dira, amak ordaindutako alokairuari esker: «Egiaz lan egitea gustatzen zait, eta hori baino ez dut eskatzen: lana. Guatemalan itzela da krisia, eta ez dago etorkizunik ni bezala eskolagabea den emakume batentzat».
Seme-alaben aita duela hamabost urte joan zen etxetik. Celen esku geratu zen orduan seme-alaben etorkizuna: «Peten departamentuan bizi da, baina inoiz ez dit sosik eman. Nik arduratu behar izan dut, bakar-bakarrik, eta ez da erraza izan. Nekatuta nago egoera honetaz».
Guatemalan ere zabalduta daude mara taldeak, eta estortsioaren arazoa aipatu du: «Diru piska bat egiten baduzu, hobe duzu ez nabaritzea. Zuhurra izan behar duzu».
Errepresioa
Cel Guatemalako quiche taldeko indigena da, eta hizkuntza horretan mintzatzen da. Indigenak, baina, baztertuta daudela dio, errepresio historikoa sufritu dutela, eskubide kolektiboak ukatu zaizkiela, kultur identitatea ere bai, eta euren lur sakratuak kentzen dizkietela.
Houstonera iritsi nahi du. Rafael Roman 25 urteko semea dauka han, eraikuntzan lanean, eta hark ere egin zuen zeharkaldia gogoratu du iheslariak: «Duela bi urte egin zuen bidea, bakarrik, zentimorik gabe; oinez batzuetan eta trenez beste batzuetan. Hilabete bat eta hamar eguneko ibilbidea egin zuen». Semea ikusteko irrikan dagoela dio, eta ez duela etsiko: «Jainkoak aurrera egiteko adorea ematen dit, eta lortu arte ez dut etsiko. Jainkoarentzat ez dago ezinezkoa den ezer».
(Puede haber caducado)