Frantziak paperik gabeko migranteen aurkako neurriak gogortuko ditu

Barne ministroak esan du asiloa «gutxi batzuei» soilik emango diela. Espainia eta Marokorekin elkarlana sendotuko du, mugak indartzeko

Berria, Ibai Maruri Bilbao, 14-11-2018

Frantziako Gobernuak indartu egingo ditu hegoaldeko mugatik paperik gabe sartzen diren migranteen aurkako neurriak. Hala iragarri zuen atzo Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak, BFMTV telebista katean egindako elkarrizketa batean. Muga baimenik gabe igarotzen dutenekin «bereziki zorrotzak» izango direla esan zuen: «Dagoeneko neurriak hartu ditugu, baina orain indartu egingo ditugu». Era berean, Espainiako eta Marokoko gobernuekin duen elkarlana «gehiago» indartuko duela berretsi zuen.

Espainiako Barne ministroarekin herenegun elkartu zen, eta «lankidetzarako tresna gehiago» eskatu zizkion. Bihar eta etzi Rabaten egongo da, eta Marokoko Barne ministroari herrialdeko mugak «hobeto zain ditzala» eskatuko diola esan du. Castanerren berbetan, Italiatik Europara sartzen diren migratzaile kopuruak %95 egin du behera aurten. «Orain, Espainia da Europarako sarbide nagusia».

Giza eskubideen aldeko eragileek aspalditik salatu dute Frantziako Poliziak mugan atzematen dituen migratzaileak Espainiara itzultzen dituela. Bereziki, Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan gertatzen da. Eta aurten areagotu egin da, gainera. Ministroak berak atzoko elkarrizketan eman zituen datuak. 2008a hasi denetik Frantziako Poliziak 10.000 migrante itzuli dizkio Espainiakoari. Iazko urte osoan baino %20 gehiago dira. Ministroaren arabera, iritsitako «gehienak» migratzaile ekonomikoak dira. Horregatik, asiloa «gutxi batzuei» soilik emango diela iragarri du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)