Migrazioak. Adingabeak
Adingabeen etorrerak itota
Milatik gora migratzaile adingabe daude Hego Euskal Herrian, eta «gainezka» daude haientzako zentroak. Eragileek uste dute hezkuntzan jarri behar dela fokua
Berria, , 02-11-2018«Gainezka» daude eta «baliabide gehiago» behar dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko Manu Lezertuaren diagnosia da hori, familia gabe emigratu duten adingabe atzerritarrei ematen zaien babesari buruz. Bereziki, lehen harrera egiten dieten zentroen egoeraz ohartarazi du Lezertuak. Horietako batzuetan izan zen uda aurretik, eta ikusi zuen leku horietako egoera zein den, eta, bereziki, entzun zituen langileen eskaerak eta kexak. «Sekulako esfortzua ari dira egiten», ondorioztatu du.
Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 1.009 migratzaile adingabe daude Hego Euskal Herrian: 39 Nafarroan, eta 970 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan —urri hasierako datua da hori—. Instituzioek egindako aurreikuspenak gainditu dira azkenengo urtean: 2016ko urrian, 298 migratzaile adingabe zeuden Hego Euskal Herrian; eta 2017an, 615.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren artean, berriz, nabarmenak dira aldeak; kopuruak eskatu dizkie kazeta honek Espainiako Barne Ministerioari, Eusko Jaurlaritzarako Gizarte Politiken Sailari eta hiru foru aldundiei, baina inork ez dizkio eman nahi izan; aurreneko biek argudiatuta horren eskumena ez dela haiena, eta beste hirurek legez ezin dutela, adingabeak tartean daudelako, besteak beste. Baina Lezertuak urriaren 16an Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian jakinarazi zuenez, Bizkaian daude «gehien-gehienak»: 2017an, hirutik bi herrialde horretako zentroetan zeuden.
Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez dago, baina «joera bera» izaten ari dela berretsi du Fabian Tuleu Pirinio Atlantikoetako Departamenduko gizarte arloko zuzendariak. Azaldu duenez, 2017. urtean, 100 adingabe ingururi egin zieten harrera hiru herrialdeetan. Tulieuren arabera, baina, Frantziako Estatuak akordio bat dauka Espainiakoarekin, muga zeharkatzen duten adingabeak «sistematikoki» Hegoaldera itzultzeko.
Kopuruetatik harago
Harresiak Apurtuz koordinakundeko kide Aitor Oriberen arabera, aldundiei «gainezka» egin die adingabeen etorrerak, eta «egin ahala» egokitu dituzte baliabideak eta aurrekontuak. Oribek, dena den, ontzat dauka Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen gizarte zerbitzuen eredua. «Itzelezko ahalegina egiten da gazte horiekin; eta, hein batean, horregatik etortzen dira Euskal Herrira».
Baina kopuruen eztabaidatik harago, Oribek uste du azken urte eta hilabeteetan jazotakoak erakusten duela «beste urrats bat» egiteko garaia dela. «Hemengo instituzioek gora begiratzen dute: Espainiara, Europara… Herrialde bakoitzak izan beharko lituzkeen migratzaile adingabeen kuotak ezartzearekin ados egon zein ez —nik uste dut pertsona bakoitzaren migrazio prozesua errespetatu behar dela—, beharrezkoa da behera begiratzea, gazte horien integrazioa izan behar delako helburua».
Oriberen ustez, «plan tekniko bat» beharko litzateke, adingabeekin eta migratzaileekin oro har lan egiten duten hirugarren sektoreko enpresen eta taldeen eskaerak eta beharrak aintzat hartuko lituzkeena. Uste du erpin asko dituela gaiak, eta adingabeena dela horietako bat. «Baina adingabe izateari uzten diotenean, zer baliabide dituzte integrazio prozesu horretan aurrera egiteko? Badirudi instituzioen asmoa dela gazte horiek 18 urte betetzean alde egitea».
Aterpeetako egoera
Heldu diren migratzaile adingabeentzat foru aldundiek dituzten baliabideak hiru eratakoak dira: harrera aterpeak, iraupen luzekoak, eta etxebizitzak. Denak kudeatzen dituzte kanpoko enpresek, hezitzaileekin eta. Azken hilabeteetako joera dela eta, lehen harrerarakoetan sortu dira pilaketak: 300 migratzaile adingabe daude aterpe horietan, eta dituzten baliabideetatik oso gainetik daude denetan.
Langileek, sindikatuek edota alderdi politikoek egin dituzten salaketen bidez jakin dira kopuru horiek, eta, neurri batean, horrek behartu ditu instituzioak baliabide material eta pertsonal gehiago jartzera azken hilabeteetan. Gauza bera gertatu da Nafarroan. Halako zentrorik ez du izan orain arte —«lau-bost» adingabe iristen zirelako urtean—, baina joera ikusita, gobernuak erabaki du lehen harrerarako aterpe bat zabaltzea, «gutxienez» hamabost adingaberentzat.
Ipar Euskal Herrian ere gazteentzako aterpetan hartu behar dituzte adingabeak, ezin dituzte nahasi helduekin, baina hori maiz gertatzen dela salatu dute migratzaileen eskubideen aldeko eragilek.
Tentsiorik handiena, baina, Bizkaian sortu da. Fiskaltzak bi salaketa ditu mahai gainean: CCOOrena eta Elkarrekin Podemosena. Berez, 40 gazterentzako tokia daukate Zornotzako aterpean, eta, horien arabera, 160 zituzten udan; azken hilabeteetako etorrerekin 200 inguru izan daitezkeela ohartarazi dute. Salatu dute zentroan dauden adingabe guztiek lo egiteko lekua izan dezaten oheak ipini behar dituztela jantokian eta prestakuntza saioak emateko erabiltzen diren ikasgeletan. Nabarmendu dute hezitzaileen eta adingabeen arteko ratioak ez direla betetzen, eta baldintza horietan ezin dituztela hezkuntza programak behar bezala garatu. Era berean, ohartarazi dute horrek gazteengan «frustrazioa» sortzen duela, eta hezitzaileekiko harremana zailtzen duela, eta herritarrek aterpearekiko duten ustea okertzen.
Fiskaltzak ez du argitu zertan diren salaketa horiek, baina berretsi egin du «gutxi gorabehera» sindikatuak eta alderdiak emandako kopuruak eta gizarte eragileek salatutakoak. Horiek hala, jakinarazi du harremanetan daudela Bizkaiko Foru Aldundiarekin, eta eskatu diotela baliabide gehiago jartzeko «zentzuzko denbora batean». Berriki jakin denez, 16 urtetik gorako hamar gazterentzako aterpe bat zabaldu du Karrantzan aldundiak, eta jakinarazi du halako gehiago irekitzen ari dela, baina, horri buruz galdetuta, ez du zehaztasun gehiago eman nahi izan.
«Inprobisazioa»
Bideberrian, Gasteizko lehen harrerarako zentroan ere izan dituzte arazoak. Langileen batzordeak fiskaltzara jo zuen irailaren 13an. Salatu zuen gehienez 30 gazterentzako tokia dutela han, eta 57 zeudela. Gazteen bizi baldintzak salatu zituzten —lurrean lotan, dutxak apurtuta…—, eta langileenak. Salaketa jarri eta bi astera jakinarazi zuen Arabako Foru Aldundiak beste aterpe bat zabalduko duela, beste hamabost gazterentzat, eta langile gehiago kontratatuko dituztela. ELA-Gizalaneko zerbitzu publikoen federazioko idazkari Ramon Uriartek, baina, azaldu du ez dela nahikoa, eta egoeraren «interpretazio okerra» egin duela aldundiak. «Inprobisazioa» eta «arduragabekeria» leporatu dio. «Gazteak zaintzeko langileak kontratatzen dituzte, hezitzaileak kontratatu beharrean. Kontentzioa bilatzen dute, ez integrazioa. Horrek frustrazioa eragiten du gazteengan eta hezitzaileengan», ohartarazi du Uriartek.
Arabako aldundiak zentro berri bat ireki zuela iragarri zuen egun berean, Gipuzkoakoak jakinarazi zuen lehen harrerako beste bat zabaltzeko asmoa duela, eta, halaber, apiriletik sei zentro gehiago ditu babesgabe dauden 48 adingaberentzat.
(Puede haber caducado)