Migrazioa bozetarako amu
AEBetako Kongresua aukeratzeko astebete falta dela, Trumpek gogortu egin du migratzaileen aurkako mezua. Soldaduak bidali ditu mugara, eta herritartasun eskubidea murriztu nahi du
Berria, , 31-10-2018Hauteskunde kanpainan daude Ameriketako Estatu Batuetan. Datorren asteartean, azaroaren 6an, Kongresuko bozak egingo dituzte, Donald Trump presidentearen legealdi erdia pasatu denean. Hauteskundeen atarian, Trump presidenteak kanpaina gogortu du. Indar erakustaldi bat egin du errepublikanoek Kongresuko gehiengoa mantentzeko. 2016an Etxe Zurira iritsi zenetik jarrera erasokorra izan du migrazioaren aurrean, eta, datorren asteko hauteskundeetara begira, gai nagusitzat hartu du migrazio politika. Azken egunotan, hainbat neurri gogor hartuko dituela adierazi du; besteak beste, militarrak bidali ditu mugara, herritartasuna lortzeko eskubidea murriztu nahi duela esan du, eta Hondurasko karabanako kideak mehatxatu ditu.
Igandean, Axios webguneari emandako elkarrizketa batean iragarri zuen aldaketetako bat: AEBetan jaio eta guraso immigranteak dituztenei herritartasun eskubidea ukatu nahi die. Hala ere, Konstituziokoan onartuta dago AEBetan jaiotako haur guztiei herritartasuna eskainiko zaiela. Hori dela eta, ez dago oso argi Trumpek bere aldetik har dezakeen erabakia ala ez. «Munduko herrialde bakarra gara non pertsona bat iritsi, haur bat izan, eta haur hori Estatu Batuetako herritar bilakatzen den 85 urtetarako, horrek dakartzan onura guztiekin», adierazi du Trumpek. Ez du aipatu Kanadan antzekoa gertatzen dela; jaioberriak migratzaileen seme-alabak izanda ere, Kanadako herritartasuna dute. «Lotsagarria da, eta hori amaitu behar dugu», gaineratu du. Neurria aplikatuko litzateke gurasoak migratzaile ilegalak diren kasuetan, baina ez luke balioko bertan bizitzeko baimena dutenentzat.
Horrez gain, beste zenbait neurri ere jakinarazi ditu. Azken asteetan, adierazpen ugari egin ditu Hondurastik AEBetara doan karabanaren kontra. Trumpek azaldu duenez, «oso jende gaiztoa» dago karabanan, eta Washingonek ez ditu onartuko. Herenegun jakinarazi zuen «karpaz osatutako hiriak» eraikiko dituela karabanako kideak atxikitzeko. Migratzaileek muga igaroz gero, karpa horietan atxilo hartzeko mehatxua egin zuen. «Karpa ugari jarriko ditugu, baina ez dugu diru asko gastatuko azpiegituretan. Hala ere, oso politak izango dira. Migratzaileek, babesik jaso ezean, beraien herrialdeetara itzuli beharko dute». Gogorarazi zuen baztertu egin ohi direla Erdialdeko Amerikako herritarrek egindako babes eskaera gehienak —%80 inguru—.
Epaiketa bozen bezperan
Gainera, zehaztu egin du duela egun batzuetatik ozenki iragarri duen neurri bat: Pentagonoak 5.200 soldadu bidaliko ditu Mexikoko mugara. Ia 3.200 kilometro ditu eremu horrek; beraz, batez beste, bi militar baino gutxiago egongo lirateke kilometroko. Atzo, 800 inguru zeuden Texasera bidean, eta, astea amaitzerako, guztiak mugan egotea espero dute. Arizonara eta Kaliforniara ere bideratuko dituzte.
Hauteskundeen bezperan, berriz, epaiketa bat hastekoa da Trumpen gobernuak hartu duen neurri baten inguruan. Etxe Zuriak 2020ko errolda egiteko herritarrei galdetu nahi die ea AEBetako herritartasuna duten, eta, baldin badaukate, noiztik duten. Alderdi Demokratak salaketa jarri du, eta errepublikanoek eskatu dute epaiketa hauteskundeen ondoren hastea.
(Puede haber caducado)