«Itzultzen banaiz, hil egingo naute»

Kamerundik iritsitako azken albisteei adi dago David. Hangoa da, eta han du familia. Traumatizatuta dagoela esan du, eta ihes egiteari utzi nahi diola: «Lasai bizi».

Berria, Maite Asensio Lozano, 31-10-2018

Gerratik ihesi etorri naiz». Hedabideetako tituluetan sarri agertzen ez den arren, Davidek —ez da haren benetako izena— egunero bilatzen ditu jaioterriari buruzko albisteak Interneten. Eta azkenaldian irakurri ahal izan du Kamerungo giro politikoa ozpintzen ari dela berriro: hauteskundeen ostean, anglofonoen aurkako erasoak areagotu egin dira; 50 hildako baino gehiago utzi zituzten joan den astean. Orain bi urte hasi zen frankofonoen eta anglofonoen arteko harremana okertzen: «Anglofonoek errebolta egin nahi zuten, sistema aldatu. Irakasleak greban hasi ziren, eta nik ere parte hartu nuen; asko zabaldu zen greba. Azaroan, protestetako batean, osaba hil zuten. Oso hurbila nuen: aita bezalakoa zen. Eta hil egin zuten».

30 urte ditu Davidek. Oso kezkatuta mintzatu da bere herrialdeko errealitateaz: «Arazo politikoez gain, Boko Haramen terrorismoa ere badugu. Kamerunen egunero hiltzen da norbait kalean». Osaba hil ostean, alde egitea erabaki zuen: «Nigerian errefuxiatu nintzen. Hiruzpalau hilabete egon nintzen han, kalean bizitzen, lanik gabe… Gero, hiru kamerundarrekin Aljeriara joan nintzen; diru asko gastatu nuen».

Premia larrian izan zen, gainera. «Ez neukan telefonorik, jateko ere borrokatu behar nuen…». Halako batean, Espainiara joan nahi zuen ginear bat topatu zuen, eta harekin abiatzea erabaki zuen. Marokora joan ziren, eta Casablancan egin zituen zazpi hilabete. «Tangerrera joan behar nuen, baina ez nuen baliabiderik: diru eskean ibili nintzen. Eta hara iritsita ere, ez zen erraza izan: hamalau pertsona bizi ginen logela berean. Dirurik gabe nengoen. Baina lagunak egin nituen han».

Handik gutxira zeharkatu zuen itsasoa: Cadizera (Espainia) iritsi zen, gero Bartzelonara joan zen, eta handik etorri da Irunera. «Esan didate klandestinoki igaro naitekeela Frantziara, baina hori guztia bizi izan dut jada: ez dut berriro errepikatu nahi. Poliziaren aurretik korrika egiten ibiltzea ez da normala». Euskal Herrian geratzea eta asiloa eskatzea hausnartzen ari da: «Hemen Poliziak eta jendeak ez didate jazartzen. Gizarte honetara egokitu nahi dut. Lasai bizi».

Hemen hobeto lo egiten du Davidek. Baina trauma hitza aipatu du: «Ez nago ondo. Traumatizatuta egin ditut azken bi urteak, ezin lorik eginda… Bartzelonan, hizkuntza ikasten saiatu nintzen, baina ezin nuen: burua blokeatua nuen». «Galdera bat du buruan etengabe: «Ama, anaia, lagunak… nola daude?». Beldurrez egiten ditu orduak eta egunak, jakin gabe bizirik ote dauden, «ez baita erraza Kamerunen bizitzea». Etxekoekiko harremana, gainera, ere ez da beti erraza: «Independentziaren alde borrokatzeko geratu behar nuela esaten didate, baina nik ez nuen nahi. Nire lagun eta senideetako asko hil egin dira, eta nik ez nuen hil nahi. Eta itzultzen banaiz, hil egingo naute».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)