«Noraezean ibili naiz; orain hemen geratu nahi dut»
Duela bi urte baino gehiago utzi zuen Amadouk Ginea jaioterria, adingabe zela. Oztopoz betetako bidaia kontatu du, baina min handi batek eten dio hitza: anaia txiki bat galdu du Mediterraneoan itota.
Berria, , 31-10-2018Orain ondo nago; Irunen, oso ondo». Esker on hitzak ateratzen zaizkio Amadouri —ez da haren benetako izena— Irunen jaso duen laguntzaz eta berotasunaz mintzatzean. Bide luzea egin baitu ia babesik gabe, orain bi urte Gineatik irten zenetik. «Bi urte eta hiru hilabete», zehaztu du. 19 urte ditu orain; beraz, adingabe zela atera zen Konakrytik. «Zaila da kontatzea pasatu dudana».
Aljeria izan zen bere lehenengo geralekua: bertan egin zuen urtebete luze. Ginea eta Mali zeharkatu eta gero iritsi zen hara: «Oinez, kamioietan…». Diru apur bat biltzeko, lan txikiak egin zituen, besteak beste, igeltsero. Libiara joan zen ondoren. «Anaia txikiaren bila joan nintzen. Han jakin nuen galdu nuela: itsasoa zeharkatzeko ontzi bat hartu zuen, eta urperatu egin zen». Hautsi egin da Amadou hitzok esatean: «Ito egin zen anaia txikia».
Amari gertatutakoaren berri emateko indarrik gabe itzuli zen Aljeriara, eta handik Marokora joan zen: «Hiru egun egin nituen oinez». Gaixotu egin zen hara iristean, «nekeagatik». Baina suspertu bezain laster hasi zen lanean berriz, diru premia handia baitzuen: «Espainiara zodiak batean igarotzeko, 3.500 eta 4.000 euro artean eskatzen zizkiguten. Diru asko zen, asko. Etxeak garbitzen-eta ibili nintzen».
Azkenean, 2.000 euro pasatxo ordaindu zituen itsasoan bederatzi kilometroko tarte bat zeharkatzeko. Baina luze itxaron behar izan zuen itsasoratu arte: «Ontzia hartzeko tokia urrun zegoen… Sei hilabete egin nituen Marokoko basoan, ezkutuan. Egunez eta gauez. Oso zaila izan zen. Batzuk itzuli egin ziren zodiaka hartu baino lehen».
Eutsi egin zion Amadouk, eta heldu zitzaion basotik ateratzeko unea. «Zodiaka puztu behar izan genuen». 53 pertsona sartu ziren 48rentzako ontzi batean. «Gainezka zegoen. Kapitain bat genuen ontzia gidatzeko, baina gu bezala Espainian sartu nahi zuen gazte bat zen… Ez zekien askorik. Ontzira ura sartu zen, eta guk atera behar izan genuen; nik ez dakit igerian… Iparrorratz bat ere eman ziguten, baina ez zebilen. Ordu batzuk egin genituen itsasoan galduta, salbamendukoak bila etorri zitzaizkigun arte».
Almeriara eraman zituzten, gero Cadizera (Andaluzia, Espainia), eta handik Bilbora, autobusez; geltokian zain zituzten Gurutze Gorriko kideak. «Ospitalera eraman ninduten. Gaixorik nengoen». Baina Frantzia zuen helmuga Amadouk, bidaide gehienek bezala. Beraz, osatu, eta Irunera abiatu zen. «Oinez iritsi nintzen mugara, Ficobaren ingurura. Beste bost lagunekin batera nindoan: bostek igaro egin zuten muga, eta biharamunean Irunen agertu ziren berriz, Poliziak botata. Ni ez nintzen pasatu: ez nuen bidea ezagutzen, informazio gehiago behar nuen».
Astebete joan da Amadou Irunera heldu zenetik, eta bertan dago oraindik, plazaren inguruetan. Euskal Herrian geratzea erabaki du. Izan ere, bidaide gehienek ez bezala, Amadouk ez du inor zain Frantzian. «Noraezean ibili naiz orain arte, nora heldu nahi nuen ondo ez nekiela. Orain hemen geratu nahi dut». Gainerako guztia erabakitzeko du oraindik: hurrengo urratsetan pentsatzeko asti handirik ez du izan, bidaia gogorraren ostean atseden hartzeko baliatu baititu azken egunak. Baina irribarre txiki bat marrazten zaio aurpegian Irungo lagun berriak ikusten dituenean: «Marokon baino hobeto egiten dut lo hemen».
(Puede haber caducado)